Prentsa Aretoa
Berriak
2023/06/13
Aitor Estebanek salatu du Espainiako Gobernuak euskal herritarrak baztertzen dituela errepideak hobetzeko Europako Funtsetako 700 milioi euro baino gehiago banatzetik
Sabin Etxean eman den prentsaurrekoan EAJ-PNVk Bizkaian Kongresurako aurkezten duen zerrendaburuak deitoratu du, gainera, Europako inbertsioen kudeaketa “oso geldoa” izaten ari dela eta proiektu estrategikoak erregioka kudeatzea eta Autonomia Erkidegoek Funtsen banaketan zuzenean parte hartu ahal izatea erreklamatu du
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Aitor Estebanek Diputatuen Kongresurako EAJ-PNVk Bizkaian aurkeztuko duen zerrendaburuak gaur salatu du Espainiako gobernuak Euskadi baztertu duela Europako Funtsetatik datozen eta errepideak hobetzeko diren 700 milioi euro banatzetik.
Sabin Etxean eman duen prentsaurrekoan Estebanek azaldu duenez, Espainiako gobernuak diseinatu zuen Berreskuratze Planarekin ados `6. Osagaiak´ aurreikusten du 700 milioi euro Estatuko errepideetako inbertsioetan erabiltzea. Hain zuzen ere, eta lehen fase batean tuneletako lanetarako 343 milioi esleitu ziren arren “Europatik bidali ziren 343 milioi horietatik Euskadira 0 iritsi ziren”, esan du. EAJ-PNVk eginiko ohartarazpenen gainetik, Espainiako gobernuak `jo eta ke´ jarraitzen du Estebanen hitzetan, eta berriz ere Euskadi baztertu du inbertsioen bigarren fasetik, zeinak azpiegitura hauek eragiten duten zarata kentzeko 300 milioi euro aurreikusten dituen. “Zer gertatzen da, europarrak ez garela? Europako funtsak ez ote dira euskal hiritarrentzat? Burugogorkeria hori ez dugu ulertzen”, kritikatu du hautagai jeltzaleak. “Azkena izan da, EAEko errepideak foru erakundeen ardurapean daudelako, euskal hiritargoa europartzat ez jotzea”, gaineratu du. Ildo beretik Estebanek hitzeman du “euskal hiritargoarentzako dirua exijitzen” jarraituko duela eta esan du Exekutibo zentralak egoera zuzendu ezik EAJ-PNVk salaketa hau instantzia guztietara eramango duela, Europakoa barne.
Halaber, Estebanek esan du “Estatuaren sentsibilitate falta erabatekoa dela”, hizkuntzaren PERTEan ere agerian geratu baita: “1200 milioi euro baino gehiago ditu, eta 2 milioi euro baino ez ditu euskarara bideratu”.
“Horrekin batera, Espainiako Gobernuak Europako Funtsekin egiten duen kudeaketa tamalgarria” aipatu du Estebanek. Izan ere, Espainiako Gobernuaren exekuzioa “oso motela izaten ari da”, eta enpresek “gehiegizko burokrazia” salatzen ari dira. “EAEk jasotzea espero ziren sei mila milioi euroetatik 1.000 baino ez dira iritsi, eta enpresetara 500 inguru”, ziurtatu du. Ildo horretan, eta adostutako Europako Funtsen erdia baino gehiago jasotzeke daudela gogorarazi ondoren, hautagai jeltzaleak proiektu estrategikoak eskualdeka kudeatzea eta Autonomia Erkidegoek Europako Funtsetan zuzenean parte hartzea eskatu du.
“Gai hauek ezinbestekoak dira Euskadirentzat. Azken urteotan Madrilen egin dugun lanaren ardatz nagusienetakoa izan da, publikoa zein isilpekoa, ekonomia suspertzeko eta gure sare industriala berritzeko ezinbestekoa delako, eta horretarako ere egon behar dugu Madrilen”, ziurtatu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25