Prentsa Aretoa

Berriak

2023/09/11

Aliantza Hirukoitzak, Euskadi, Katalunia eta Galizaren arteko adiskidetasun eta lankidetza itunak, ehun urte beteko ditu gaur

1923ko irailaren 11n, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako nazionalistek hiru nazioen aldarrikapenak zabaltzeko akordioa sinatu zuten

rss Ezagutzera eman
Aliantza Hirukoitzak, Euskadi, Katalunia eta Galizaren arteko adiskidetasun eta lankidetza itunak, ehun urte beteko ditu gaur

ARGAZKIA JAITSI

Gaurkoa lako egun batean, 1923ko irailaren 11n, Primo de Riveraren estatu-kolpea izan baino bi egun lehenago, euskaldunek, katalanek eta galiziarrek Aliantza Hirukoitza sinatu zuten Bartzelonan, hots, hiru nazio horietako abertzaleen arteko adiskidetasun- eta lankidetza-akordioa.

Urte horretako Kataluniako Diadaren ospakizuna abagune aparta izan zen akordioa sinatzeko; honako indar politiko hauek sinatu zuten hitzarmena:
Galiziako ordezkaritzan, Irmandades de Fala eta Irmandade Nazionalista Galega (ING); euskaldunen izenean, EAJ-PNV (Aberri); eta Kataluniakoen partez, Acció Catalana, Unió Catalanista eta Estat Catalá.

Helburu nagusia hiru nazioen taldea egituratzea zen, Espainiako estatutik bereizteko helburuz, azkena pairatzen ari zen egoera kritikoa aprobetxatuz. Akordioak zortzi artikulu zituen eta, guztietan, doktrina abertzalea eta independentziaren aldeko aldarrikapena nabarmenak ziren.

Alabaina, Primo de Riveraren estatu-kolpeak Aliantza Hirukoitzaren asmoak zapuztu zituen. Urte eta erdi geroago, 1925eko urtarrilaren 8an, erbestetik, Aliantza Askearen Ituna aldarrikatu zuten Parisen Estat Catalak, EAJk, Amerikako erakunde katalanek eta CNTko ordezkariek, Galiziako ordezkarientzako lekua utzita. Itun horren xederik behinena Espainiako erregimen monarkikoaren uzkailtzea, hiru nazio periferikoen independentzia aldarrikatzea eta legerian nahiz gizarte-arloan langileentzako hobekuntza esanguratsuak txertatzea zen.

Informazio gehiago aurki daiteke Xoxe Estevezek (Deustuko Unibertsitatea) Hermes aldizkariaren 29. zenbakian argitaratu zuen erreportajean, Aliantza Hirukoitzaren 85. urteurrena zela eta: "El Galeuzca histórico: la búsqueda trinacional de la soberanía (1923-1959)".

 

Iturria: Sabino Arana Fundazioa