Prentsa Aretoa
Berriak
2023/10/13
Ortuzar: “Europan eta Madrilen, EAJ lerrokatuta dago Giza Eskubideen eta herri eta nazio guztienganako errespetuaren aldeko taldean”
Europako Alderdi Demokratak gaur Mainzen egin duen Kongresuan hitza hartzeko izan duen tartean, bertan EAJ-PNVren ordezkaritza zabala lagun izan duelarik, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak aldarrikatu du Europar Batasunak “nazioarteko orden zuzenago bat” lortzeko lanari ekin diezaiola
Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta PDE-Europako Alderdi Demokrataren presidenteorde exekutibo Andoni Ortuzarrek Mainzen ziurtatu du gaur Europan zein Espainiako Estatu barruan jokatzen den partidan, EAJ-PNV lerrokatuta dagoela “Giza Eskubideak defendatzeaz gain nazio aniztasuna eta nazio sentimenduak onartzen eta herri eta nazio guztiak errespetatzen dituztenen taldean”. Borroka honetan, gaineratu du buru abertzaleak, EAJ-PNVk “jarraituko du Euskadirentzako egonkortasun-, garapen- eta aurrerabide- faktore izaten”. Ortuzar izan da EAJ-PNVk Renania-Palatinatua Estatuko hiriburuan PDEk egin duen Kongresura bidali duen ordezkaritzaren burua, eta taldeko beste kideak izan dira Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea; Kanpo Ekintza gaietarako arduradun eta EBBko burukide Mikel Burzako; Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatua; EAJ-PNVren Kanpo Ekintza arloko arduradun eta PDEren idazkari José Mari Etxebarria; Eudelen presidente eta Derioko alkate Esther Apraiz; eta Getxoko alkate Amaia Agirre. Apraiz eta Agirrek beren aldetik parte hartu dute Alkateen Gailurrean, PDEren Kongresuaren baitan egin den foroan, non Europako alkateek aztertu baitute toki esparrutik nola susta daitekeen herritargoak Europako gaietan parte hartzea. 20tik gora herrialdetatik joan diren 30 alderdi politikoetako buruak batu dira PDEk urtero egin duen topaketarik esanguratsuenean, MEWA Arena izenekoan, Maiz 05 taldeak Bundesligako partidak jokatzen dituen estadioan.
Ortuzarrek Kongresua egin den tokiaren bitxitasuna baliatu du gaurko ekitaldia kirol partida batekin alderatzeko. “Gaurko partida oso esanguratsua da Europako hurrengo hauteskundeak eta 2024ko ekainean izango dugun hitzordu garrantzitsu horretara eramango dugun adierazpena prestatzeko, Europak partida garrantzitsua izango baitu jokoan. Bi ekipo daude zelaian: muturrekoa da bat, Europaren batasuna ukatzen duena, Europa itxia nahi duena, Estatuen berekoikeriaz jantzita, aniztasuna onartzen ez duena, aberatsak eta pobreak egotea nahi duena; eta beste ekipo bat dago, EAJ eta PDE osatzen dutena, guztiz kontrakoa defendatzen duena: Europa batuagoa, irekiagoa, demokrata, Giza Eskubideak defendatzen dituena, nazioarteko orden zuzenagoa eraikitzeko lan egingo duen Europa”, esan du buru abertzaleak. “Espainiako Estatuan ere partida latz eta gogorra jokatzen ari gara, oso ikuskera ezberdinekin”, jarraitu du. “Alde batetik daude Estatu zentralista eta itxia defendatzen dutenak, iraganera begira dagoena, aniztasuna ukatzen duena, aurrera egiteari uko egiten diona, iraganean ere porrot egin duten politiketan gotortzen ari dena: hori da Partido Popularraren eta VOXen ekipoa. Eta bestean gaude guztiz alderantzizko jokoa egin nahi dugunok: Espainiar Estatuan lurralde ereduari buruzko eztabaida irekitzea, nazioen aniztasuna eta euskal, kataluniar, galiziar eta kanariar nazio sentimenduak aitortzea; eta Estatuko herri eta nazio guztiak errespetatuko dituen alternatiba progresista eraiki ahal izatea. EAJk hortxe jarraituko du, joko eremu horretan, Euskadirentzat eta Euskaditik mundura egonkortasun-,garapen- eta aurrerabide-faktore izaten”, amaitu du.
Mikel Burzakok ere hitza hartu du eta PDEri eskatu dio 2024ko Europako Hauteskundeetarako adierazpena bakearen defentsa eta sustapenera dedikatzea. “Ukraina eta Nagorno-Karabaj-en azken aldian eman diren gertaerek eta egun Israel eta Palestinaren artean ematen ari den gatazkak hala erakusten dute. Europak Bakearen Nobel Saria aldarrikatu eta balioetsi behar du, eta benetako nazioarteko eragile bilakatu mundu osoko adiskidetasuna bultzatzeko eta gatazkak konpontzen laguntzeko”, esan du burukideak. Burzakok era berean erreklamatu du subsidiariotasunean sakontzea herritarren benetako arazoak konpontzeko orduan, eta nazio nortasun guztiak aintzat hartzea, eta aintzatestea aldarrikatu du, euskal nazio nortasuna bezala, “batasun politiko handiagoa izan behar duen eta gero eta federalagoa izan behar duen Europaren baitan elkarren ondoan bizi baitira”. Azkenik, ordezkari jeltzaleak premiatu du “erronka demografikoari erabakimenez heltzea”, “behar bezala egitea izango baita europar hiritargoaren ongizate Estatuari zuzentasunez eusteko oinarria”.
Europako demokraten Kongresuko zuzendaritzak legegintzaldiaren balantzea eta PDEk azken bost urteotan Europako politikei egindako ekarpenen laburpena egiteko eskatu dio Izaskun Bilbao Barandicari. Europako diputatuak azpimarratu duenez, “PDEren ekarpenen artean nabarmendu beharrekoa da ‘zer’ egin duen berrindustrializazioa, berreskuratze-plana edo osasunaren Europa bezalako gaietan, bai eta ‘nola’ edo egiteko moduaren egokitasunean ere, hau da, pertsonak eta jendeari benetan axola dien gaietan akordioak bilatzeko moduaren egokitasunean”. Eta ‘zer’ hori eta ‘nola’ hori Europako demokraten nortasun-ikur bihurtu dira legegintzaldi honetan. Ordezkari jeltzaleak berretsi du isurietan neutroa izango den Europa lortzeko trantsizioa “industriaren eskutik” egin behar dela, eta “ez industriaren kontra”, eta tokiko eta eskualdeko botereek funtsezko politiketan duten zeregina azpimarratu du, hala nola mugimenean, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta immigrazio-politiketan behar den humanizazioan. “Gure nortasun-ezaugarriak”, amaitu du, “berrikuntzaren alde egiten jarraitu behar du, benetako bizitzarekin kontaktuan egotearen alde eta bat egiteko bideen alde. Gatazkarik krudelenen sorburua muturretan dago. Ikusi berri dugu Ekialde Hurbilean inoiz baino indarkeria gehiago dagoela, eta eraso terrorista, justifikaezina, basatia, izugarria eta ankerra izan dela. Baina erantzuna emateko orduan Nazioarteko Zuzenbidetik at jardutea da arazoa betikotzeko modurik ziurrena”, adierazi du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25