Prentsa Aretoa

Berriak

2023/11/18

EAJ-PNVk abian jarri du 'Euskadi Think Next', Euskadi “bizitzeko tokirik onena” bihurtzeko politika publikoen laborategia

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Berrikuntza Politikorako burukide arduradun Xabier Barandiaranek Bilbon aurkeztu dute ‘Entzunez Eraiki‘ entzute aktiboko prozesuaren jarraipena izango dena, talde jeltzaleak Sabino Arana Fundazioaren eskutik abian jarriko duen proiektua

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk abian jarri du 'Euskadi Think Next', Euskadi “bizitzeko tokirik onena” bihurtzeko politika publikoen laborategia

ARGAZKIA JAITSI

“‘Euskadi Think Next’ da, ezer baino gehiago, ariketa zintzoa, irekia eta gaur egun erantzun baino galdera gehiago dituen Alderdi batek apaltasun osoz egin nahi duena, falta zaizkigun erantzunak elkarrizketaren eta eztabaidaren bidez eta arlo akademikoaren, politikaren eta gizarte zibilaren eskutik eta haiekin elkarlanean bilatu nahi ditugula. Ekimena apaltasunez jarri nahi dugu abian, baina anbizio handiko helburua dugu: Euskadi bizitzeko tokirik onena izan dadin beharko diren politika publikorik onenekin asmatzea”.

Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, hitz horiekin definitu du ‘Euskadi Think Next’, ‘Entzunez Eraiki’ ekimenaren jarraipena izango dena, EAJ-PNVk duela hamaika hilabete amaitu zuen entzute aktiboaren prozesuarena. “Prozesu hori seriotan egiten genuela esan genizuen, gizarte zibilak gutaz eta egin behar genuenaz zer pentsatzen zuen jakiteko lehen urratsa zela, eta gero proiektu berriak etorriko zirela. Eta gaur ‘Euskadi Think Next’ aurkeztera etorri gara hona”, ziurtatu du Ortuzarrek. Xabier Barandiaran, EAJ-PNVren Berrikuntza Politikoaren arloko burukidea, ‘Euskadi Think Next’en zuzendaria izango da, zeina alderdi jeltzaleak Sabino Arana Fundazioarekin elkarlanean antolatuko dituen hamar mintegien inguruan artikulatuko baita. SAFen presidente Mireia Zarate izan da, hain zuzen, gaurko aurkezpen ekitaldiaren buru. “‘Euskadi Think Next’ berrikuntza politikoko laborategi bat izango da, eta Euskadiren egungo eta etorkizuneko erronkei euskal gizartearekin elkarlanean heltzeko politika publikoak proposatzeko sortutako proiektua ere bada", azpimarratu du Barandiaranek. Aurkezpen ekitaldian izan dira, halaber, ‘Entzunez Eraiki’ prozesuan koordinazio lanetan aritu ziren lau pertsonak: Jone Berriozabal, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua; Imanol Lasa, Gipuzko Buru Batzarreko burukidea; Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatua; eta Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko aholkularia. Ekitaldian ehun bat pertsona izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria; Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; eta Ana Otadui eta Irma Basterra, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietako presidenteak.

Ortuzarren hitzetan “‘ongizatea’ da honen guztiaren giltza: gGure jendeari ongizate handiagoa zelan ekarri, bizi-kalitate handiagoa zelan eman”. Ongizate maila horretara iristeko, jeltzaleen buruak aldarrikatu du “pertsonak erdigunean jarriko dituen gizarte-kontratu berri bat, kalitate goreneko zerbitzu publikoak eta sistema soziosanitario modernoa, gero eta bizitza luzeagoa izango duten pertsonen beharretara egokituak, gure gizarteak zainketen eredu publiko eta komunitarioa beharko baitu”. Horretarako, beharrezkoa da “aberastasun, baliabide eta diru-sarrera nahikoak izatea kalitatezko zerbitzu publiko horiei eta ahalik eta bizi-maila orekatuenari eusteko. Eta horrek garamatza ekonomia indartsu eta irekia, enpresa lehiakor eta ondo teknologizatuak, soldata justuak eta kalitatezko enplegua izateko beharraz hitz egitera”. Ongizate hori guztia autogobernuarekin lotuta dago, Ortuzarren ustez. “Zenbat eta autogobernu handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa. Hala erakutsi digu azken lau hamarkadetan bizi izandakoak. Eztabaida faltsua da agenda soziala autogobernuaren agendaren aurretik jartzen duena: agenda soziala ondo artatzeko modurik onena autogobernu indartsu bat izatea da”, esan du. “Autogobernu berri bat garai berri baterako. Gure naziotasuna aitortzea behar dugu, eskubide sozial eta politiko gehiago eta aldebikotasunean eta forutasunean oinarritutako berme sistema bat, datozen hogei-hogeitabost urteotan esandako erronka guztiei heltzeko. Euskal nazio aurreratua eraikitzeko, bere buruaren jabe izango dena, nazio ireki eta euskalduna, non euskara, ezagutua izateaz gain, erabilia izango baita”. Eta autogobernuan sakontzeko eta nazioa eraikitzeko prozesu horri aurre egiteko, Ortuzarrek “kalitate demokratikoaren” beharra azpimarratu du, “demokrazia sendoa behar dugu, ondo sustraitua. Demokrazia ez da gaur egun bere garairik onena bizitzen ari, ez mundu mailan ezta hurbilago geratzen zaizkigun espazioetan ere. Guk demokrazia sendoagoa nahi dugu, kultura demokratiko handiagoa, demokrazia parte hartzaile zabalagoa. Demokrazia sendoagoak ere ongizate handiagoa dakarrelako”, amaitu du.

Barandiaranek, bere aldetik, iragarri du prestigiodun pertsonek, EAJ-PNVrekin loturarik ez dutenek, izango dutela protagonismorik nagusiena ‘Euskadi Think Next’ ek hausnarketarako, ondorioak ateratzeko eta ideiak proposatzeko orduan planteatuko diren prozesuak lideratzeko orduan. “Ziurgabetasun eta aldaketa sakoneko testuinguru honetan, Euskadi demokratikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki indartzen lagundu nahi duten pertsona eta erakundeekin politika publikoak ikasi, partekatu, eztabaidatu, sortu eta proposatzeko gune” gisa definitu du prozesu hau. ‘Euskadi Think Next’ honen zuzendariaren arabera, “euskal herritarrok izaten ari gara euskal gizartean ematen ari den agenda aldaketaren lekuko”, eta horren ondorioz, gizarteak “politika egiteko modu berri bat eskatu du. Desafekzio politikoaren prozesuari gehitu behar zaio herritarrek botere publikoei gero eta gehiago eskatzen dietela”. Egoera berri honen aurrean, EAJ-PNV martxan jartzera doan laborategi honek alderdi jeltzaleari balio behar dio “bere diskurtsoa eta ekintza politikoa indartzeko eta aberasteko, gizartearekin harreman handiagoa ezartzeko eta eskaera berriei erantzungo dieten politika publiko berriak bultzatzeko”, amaitu du Barandiaranek.

‘Euskadi Think Next’ prozesu hau hamar mintegik osatuko dute, eta horietako lehena azaroaren 29an egingo da, asteazkena, 11:00etan, Sabino Arana Fundazioak Bilbon duen egoitzan. Lehen saioa egingo da ‘Polarizazioa, demokraziaren haustura?’ titulupean eta bertan parte hartuko dute Míriam Juan-Torres Gonzálezek, Berkeley UCko Democracy&Belonging Forum Instituteko ikerketa buruak, eta Luis Millerrek, CSICeko Politika eta Ondasun Publikoen Institutuko zientzialari titularrak.