Prentsa Aretoa
Berriak
2023/11/26
Fokua euskal politikan jartzeko eta “ongizatea eta bizi kalitatearen alde” lan egiteko deia egin du Ortuzarrek, Euskadi izan dadin bizitzeko tokirik onena
Sukarrietan Sabinoren heriotzaren urteurrena gogoratzeko EAJ-PNVk egin duen ekitaldian EBBren presidenteak Iñigo Urkulluri eskertu dio hiru legealditan Lehendakari gisa egin duen “lan eskerga” “krisi ekonomikoak, pandemiak, gerrak eta gatazka sozialak” gainditzen jakin duela nabarmenduz
2023.11.26_Andoni Ortuzar_Sukarrieta
HITZALDIA - 2023/11/26
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Euskal hiritargoari eskatu behar diogu hausnartzea, lastoa eta garia ondo bereiztea. Ikuskizun politikoa benetako politikatik bereizten jakin dezan, azken hau delako zerbitzu publikoen funtzionamendu ona bermatzen duena , bai eta arazoak daudenean azkar eta eraginkortasunez konpon daitezela ere. Eta hori ez zaigu Madriletik etorriko: bertan egin eta bermatu behar dugu, gure erakundeetatik. Benetan garrantzitsua delako Euskadira ongizatea eta bizi kalitatea ekartzea,hauxe izan dadin bizitzeko tokirik onena, eta horixe egin dugu Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik azken berrogei urteotan”.
Hauxe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak, Sabino Arana fundatzailearen heriotzaren 120. urteurrena bete dela,gaur Sukarrietan egin duen ekitaldi politikoan zabaldu nahi izan duen mezua. Topaketan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria,Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia, Bilboko eta Donostiako alkateak, Euzkadi Buru Batzarreko burukideak eta Eusko Jaurlaritzaren hainbat sailburu, erakundeetako beste hainbat ordezkari jeltzaleekin batera. Bostehun alderdikide eta alderdizale inguru izan dira bertan, 10:30ean Sabino Aranaren hilobian egin den lore eskaintzan. Jarraian, 11:00etan meza eman dute elizan eta 12:00etan Ortuzarrek eman du bere hitzaldia. Logikoa denez, jeltzaleen buruak gogora ekarri du asteburu honetan euskal politikaren alorrean ezagutu den albiste nagusia: Euzkadi Buru Batzarrak egin duen proposamena Imanol Pradales izan dadin, hau ere Sukarrietako ekitaldian izan dela, 2024n egin behar diren Euskal Hauteskundeetarako lehendakarigaia, Iñigo Urkulluren lekukoa hartuz. Ortuzarren hitzaldian ez dira falta izan Urkulluri, maitasuna, aintzatespena eta esker ona adierazteko hitzak, berarekin besarkada hunkigarri batean urtu denarekin, eta bertan elkartu diren guztiek txalo zaparrada beroa eskaini diote Lehendakariari. “Esker mila, Lehendakari, esker mila hiru legealdi hauetan egin duzun lanagatik. Egin duzun lan erraldoia eskertzen dugu eta balioesten dugu. Alderdiaren izenean, gure esker onik beroena Eusko Jaurlaritzaren burutzan egin duzun ibilbideagatik”. Lan honek, Ortuzarren hitzetan, jarraipena izango du. “Duela hamabi urte Urkullu Lehendakariaren agintaldian finkatu genituen kate-begiek krisialdi ekonomikoen, pandemien, gerra eta gatazka sozialen zartako gogorren aurrean tinko eutsi diote, notarik gorenarekin egin ere. Kate-begi horiek, bada, beste berri batzuekin lotu behar dira orain, kate-begi sendoekin, euskal herritar guztioi etorkizun oparoa berma diezaguten. Datozen hilabeteotan erakutsiko dugu hala dela, gogoz beteta gaudela, ilusioa eta ideiak ditugula euskal gizarte hau aurrera eramateko, Euskadi izan dadin bizitzeko tokirik onena”, ziurtatu du buru jeltzaleak.
Ortuzarrek aitortu duenez “horrenbesteko zaratarekin eta Euskaditik kanpo ematen ari diren horrenbeste gatazkekin”, euskal gizartearen parte bat galtzen ari da, agian, “euskal politikaren benetako fokua, eta foku hori da Euskadiren zerbitzura lan egitea, euskal herritargoaren zerbitzura aritzea ”, esan du. “Gure gobernua Eusko Jaurlaritza da, eta ez Espainiako gobernua, gure presidentea Lehendakaria da, eta ez Moncloan dagoena; gure Parlamentua Gasteizen dago, Eusko Legebiltzarra da, eta ez dago Carrera de San Jerónimon; eta gure legeak dira Euskadiko botere legegileak egiten dituenak, Eusko Legebiltzarrean edo Batzar Nagusietan. Eta hausnarketa berbera egiten dugu Nafarroako erakunde guztiez”, aldarrikatu du. Interes politikoa edo informatiboa Madrilera eramateko interes horrek, ohartarazi du buru abertzaleak “bigarren mailako errealitate politikoa garen sentsazioa eragin ahal digu. Eta ez gara”, esan du argi eta garbi. Herri gisa “Posizio ona daukagu”, ziurtatu du. “baina hori bermatu eta hobetu behar dugu. Horixe delako benetan garrantzitsua: politika publikoen bidez euskal herritarrak zoriontsu egitea, garapen pertsonal osoa izaten laguntzea, eta denon artean komunitate izan gaitezen, nazio askea, emakume eta gizon askeek osatua. Eta hori lortzen da Euskal Erakunde indartsuak izanik, autogobernu oso bat, hemen behar duguna, hemendik bertatik erabaki dezagun”, esan du jeltzaleen buruak.
Ortuzarrek aitortu du berari entzutean baten batek erantzun ahal diola: “orduan,zergatik Madrilera joan?”·. Erantzun argia eman du berak: “Betidanik izan garelako Euskadiri dagozkionak erabakitzen diren lekuetan. Eta Madrilen, oraindik, Euskadiren gauza asko eta inportanteak erabakitzen dira. Kontua ez da Madrilera joatea edo ez joatea,baizik eta Madrilera zertara goazen. Eta gu beti bueltatzen gara. Pozten naiz batzuek azkenean deskubritu dutelako “Lehenengo Aberria eta gero Alderdia”. Guk maxima hori beti jarri dugu praktikan”, ziurtatu du. Horren erakusgarri dira Ortuzarrek berak azaroaren 10ean Madrilen Pedro Sánchezekin izenpetu zuen akordioak jasotzen dituen lorpenak. “Gu ez gara agenda paraleloekin nahasten. Hamar orrialde horietan neurri bakar bat ez dago Euskadirentzako zerbait ona ekarriko ez duenik: Estatutuaren betepen osoa hurrengo urte bietan, laster egingo diren bi transferentziekin, autogobernu berri baterako oinarriak nazio aitortzarekin, aldebikotasuna eta forutasuna oinarri hartuta; euskal hitzarmen eta akordioak estatukoen gainetik lehenestea; hobekuntzak fiskalitatean; hobekuntzak euskal funtzionariotzaren kudeaketan; bermeak erretiratuen eta kooperatibisten erretiroan; eskuduntza berriak Nafarroarentzat; diru mordoa euskara digitalizazioaren munduan sartzeko; bai eta konponbide bat ere Usansolo desanexionatzeko eta Hondarribiari itzultzeko jabari publikoko orubeak, gaur egun Gobernu zentralaren esku daudenak. ‘Lehenengo Aberria eta gero Alderdia’. Jakina baietz! EAJren eredua erabat”, aldarrikatu du.
Amaitzeko, Ortuzarrek azpimarratu nahi izan duenez “batzuk hauteskundeak noizko deituko ote diren jakiteko urduri dabiltzan bitartean”, EAJ-PNVko emakume eta gizonok “lanean ari gara. Hiru aldundi berriak legealdirako asmo handiko lan egitasmoak aurkeztu dituzte dagoeneko. Eusko legebiltzarrean, Aurrekontuez gain, lege garrantzitsuak aurkezten ari dira, besteak beste Hezkuntza, Enplegu eta Trantsizio Energetikorako legea. Ostegunean bertan onartu dugu Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak arautzen dituen Legea. Duela gutxi aurkeztu da zainketen eredu berria. Egunotan aldarrikatu dugu emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako lana. Horretara dedikatzen ari dira Lehendakaria eta bere Gobernua.Lan gogorra eginez, lan etengabea. Onurak dakartzan politika eginez. Helburuak lortzeko lana eginez, hitzemandako konpromisoak betetzeko. Herritargoari behar duena emateko”, amaitu du EBBren buruak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25