Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2023/12/19

EAJ-PNVk lortu du Ministroen Kontseiluak onestea Usansolo udalerri gisa eratzeko behar diren lege aldarazpenak eta autonomia erkidegoetako hitzarmenen nagusitasuna berehala indarrean sartzea

Kongresuan eman den prentsaurrekoan, Aitor Esteban Euskal Taldearen bozeramailea pozik agertu da gaur Espainiako Gobernuak gaur bertan bete dituelako Ortuzarrek eta Sanchezek inbestidurarako izenpetu zuten itunean jasotzen diren akordioetako bi

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Espainiako gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onetsi dituen Lege Dekretuetan jasotzen da udalerri independente gisa eratu ahal izango direla, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen arabera, 4000 biztanleko herriak. Ondorioz, Usansolo  Bizkaiko udalerri gisa eratu ahal izango da gaurtik aurrera. Era berean onetsi da Langileen Estatutuaren aldarazpena, autonomia erkidegoetako hitzarmen kolektiboak  egon daitezen Estatuko hitzarmenen gainean. Lege aldarazpen hauekin betetzen dira EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta PSOEren idazkari nagusi eta Espainiako gobernuko presidente Pedro Sánchezek iragan azaroaren 10ean izenpetu zuten inbestidura akordioan jasotzen diren bi konpromiso.

“Egun ona da gaurkoa”, esan du Estebanek bere agerraldia hastean, eta jarraian azaldu du akordio bien garrantzia.Autonomietako hitzarmenen nagusitasunaz hitz egiterakoan  “Euskadiko langileriak eta sindikatuek luzaro eskatu duten zerbait da eta Euskadiko lan harremanen markoa zabaltzen du”, azaldu du. Usansolori buruzkoaz esan du biztanleek eurek udalerri izateko erakutsi duten “nahiari” erantzuten diola. “EAJ-PNVren eta PSOEren artean izenpetutako akordioak betetzen hasi dira”, amaitu du.

Usansolo Bizkaiko udalerri bihurtzeko lege aldarazpena zein autonomietako hitzarmenei buruzkoa egin  dira Ortuzarrek eta Sánchezek izenpetu zituzten terminoetan. Usansolori dagokionez, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legean udalerriak eratzeko muga 4000tan ezartzeaz gain, aldi baterako xedapena jaso da ontzat emateko, atzeraeraginezko izaerarekin, orain arte udalerri independente gisa eratzeko eman diren urrats guztiak.

Hitzarmenen nagusitasunari dagokionez, ondorengoa da langileen estatutuaren 84.artikuluan egin den lege aldarazpena:

“84.artikulua: Lehia.

3. Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, autonomia erkidego baten esparruan  lege honetako 87 eta 88. artikuluetan aipatutako legezkotasun baldintzak betetzen dituzten sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek, hitzarmen kolektiboak eta lanbide arteko akordioak negoziatu ahal izango dituzte autonomia-erkidegoan, eta horiek aplikatzeko lehentasuna izango dute beste edozein sektore-hitzarmenen edo estatu-eremuko akordioren gainetik, betiere hitzarmen eta akordio horiek dagokion negoziazio-unitatean negoziazio-batzordea osatzeko eskatzen diren gehiengoen oniritzia lortzen badute eta haien erregulazioa estatuko hitzarmen edo akordioetan finkatutakoa baino onuragarriagoa bada langileentzat.

4. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuetarako, hauek dira autonomia erkidego baten esparruan negoziazio-gai ez diren arloak: probaldia, kontratu-moduak, lanbide taldeak, urteko gehieneko lanaldia,diziplina-araubidea, laneko segurtasun eta higieneko gutxieneko arauak, eta mugigarritasun geografikoa.

Azkenik, Estebanek bere poza agertu du atzo bertan Madrilen Donostiako alkate Eneko Goia eta Estatuko Defentsa idazkari María Amparo Valcarceren artean  izenpetu zelako Loiolako kuartelen salerosketa, EAJ-PNVk Espainiako Gobernuarekin 2021eko Estatuko Aurrekontuen negoziaketaren barruan adostu zuen akordioa betez.

Next Euskadi