Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2024/02/17

Pradalesek aldarrikatu du “gazte bakoitzak” bere lanpostuan “lan baldintza onak” lehen egunetik izan behar dituela “bizi proiektua Euskadin garatu ahal izateko”

EAJ-PNVren Lehendakarigaia gaur Bilbon izan da Euzko Gaztedi-EGI gazte erakunde jeltzalearen sorreraren 120. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Gazte batek aukera izan beharko luke bere helburu eta ametsak bete ahal izateko, aukerak merezi ditu. Eta horretarako, lanpostu on bat behar du, lan baldintza onekin, lehen egunetik. Gazte bakoitzak merezi du aukera bat, bere bizi proiektua Euskadin garatu ahal izan dezan”. Imanol Pradalesen hitzek eta `Euzko Abendaren Ereserkiaren´ interpretazioak amaiera eman diote gaur Bilbon Euzko Gaztedi- EGI EAJ-PNVren gazte erakundearen 120. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldiari. Ospakizun honek bi une gogoangarri eta bereizi izan ditu. Lehenengo eta behin, Sabin Etxean bertan, gazte erakundeak berak egin duen barne bileran, azken 120 urteotan EGI osatu duten emakume eta gizonak omendu dituzte gazte jeltzaleek. Ekitaldian izan diren pertsonen artean , aurkezle eta gidari gisa EGIren aberri erakundearen idazkari Beatriz Berlanga izan delarik, azken hamarkadetan talde jeltzaleko gazte erakundean idazkariaren zeregina bete duten hogeita hamar bat kide izan dira. Berlangaz gain, hitza hartu dute José Luis Bilbao lehen EGIkide liberatua izan zenak; Ane Támara EGIkide eta Bilbo Zaharra Uri Erakundeko Lehendakariak, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Pradalesek , jeltzaleen Lehendakarigaiak.

Barne ekitaldi hau amaituta, ospakizunak kalejira forma hartu du eta Bilboko Zazpi Kaleetara eraman dute. Han, Bilbo Zaharra Batzokiko fatxadan, Euzko Gaztedi EGI erakundearen 120. urteurrena gogoratzen duen plaka jarri da, toki horretatik 250 metro eskasetara sortu baitzen gazte jeltzaleen erakundea, Andre Maria Kalean, hain zuzen, 1904ko otsailaren 14an. Festakideok Posta kaletik eta Dendarikaletik joan dira kalejiran erbestaldian EGIk goiburu zuen `Euskal Erresistentzia´ aldarria erakusten zuen pankartaren atzetik.

Hedabideei eginiko adierazpenetan,Pradales kezkati agertu da “gizartearen parte bat politikatik urrundu dela ikusita”, baina nabarmendu du gazteriaren inkonformismoa ere badela urruntze horri aurre egiteko antidotorik onena, bai eta aurrerabiderako tresna ona ere. “Gazte zarenean inkonformista zara, ez dago gauza hoberik. Zergatik konformatu behar dugu daukagunarekin? Ez dut onartzen gauzak diren moduan onartu behar direnik, konformismo horren kontra nago. Ni ere inkonformista naiz ,nire Herriarekiko konpromiso batetik. Konpromisoa benetako politikarekin, ezinezkoak hitzematen ez dituena, egia esaten duena, ausarta dena. Euskadi eraiki nahi dut pertsona inkonformista eta konprometituekin. Zuen begirada behar dugu gure Herri hau hobetzeko. Esfortzuaren kulturan sinesten dut. Saiatzearen kulturan, erratzeari beldurrik izan gabe. Erratzen bagara, hutsegitea zuzentzen dugu eta aurrera jarraitzen dugu”, ziurtatu du hautagai jeltzaleak.

Pradalesek gaurkoa amaitu du Euskadiko gazteei hitz eginez. “Ausardiaz jokatzen direnengan sinesten dut, urratsa ematen dakiten pertsona ausartengan. Proiektu hau zuokin partekatu nahi dut. Inkonformista zareten guztiok arrauna hartu dezazuela eta nire ondoan boga egitea nahi dut. Elkarrekin lan egin dezagun. Zer egin behar duten esan behar ez zaien jendea nahi dut ondoan, beren kabuz egiten dutenak nahi ditut”, amaitu du.

Next Euskadi