Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2024/04/03

Pradalesek Euskadiko ongizatea areagotzeko konpromisoen dekalogoa aurkeztu du Vitoria-Gasteizen

EAJ-PNVk euskal hiritargoari eskaintzen dion proposamena eman du ezagutzera Lehendakarigai jeltzaleak. Egitasmoak 575etik gora neurri jasotzen ditu: “Euskal gizarteak gure proposamenak ezagutzea eta besteekin alderatzea nahiko genuke, horixe delako hauteskundeen gako nagusia: ereduak alderatzea”, adierazi du Pradalesek. “Hau ez da hauteskundeetarako egitasmo bat, Gobernu egitasmo bat baizik”, esan du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“80etik gora orrialde dituen agiri hau da ongizatearekin hitzematen dugun konpromiso garbia. Konpromiso bat Euskadiren etorkizunerako, konpromisoa nazioarte mailan ahots propioa izango duen eragile gisa, konpromiso bat gure garaiko erronka sozialekin”, ziurtatu du Imanol Pradales Lehendakarigai jeltzaleak apirilaren 21eko hauteskundeetara  EAJ-PNVk  eramango duen egitasmoaren aurkezpenean. Vitoria-Gasteizen egin den ekitaldian, Pradalesek  80tik gora orrialde dituen agiriaren ardatz nagusiak eman ditu ezagutzera. Agiriak 575etik gora proposamen zehatz jasotzen ditu konpromisoen dekalogo batean bilduta ”konpromisoak osasunarekin, gazteek beren bizi proiektua garatzeko duten eskubidearekin, industriari eta ekonomia berriari eman beharreko bultzadarekin, Euskadi berde eta jasangarriarekin, segurtasunarekin, kohesio sozialarekin eta zainketekin, familiei emango zaien babesarekin, autogobernuarekin, ongizate handiagorako iturri gisa, munduan dugun ahotsarekin eta etorkizunera begira nahi dugun Euskadirekin, sinesten dugun Herriarekin”, laburbildu du Pradalesek. “Hauteskunde egitasmoa baino gehiago, gaur Pradalesek eta EAJk ezagutzera ematen dizuetena gobernu programa bat da”, ziurtatu du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek.

“Hauxe da Euskadirekiko konpromisotik eta gure Herria  eta euskal herritarren bizimodua hobetzeko anbiziotik egin den egitasmoa. Indarrez beteta datorren belaunaldi berri honen ilusioarekin egina. Indar berriarekin. Datozen hauteskunde hauetan asko dugulako jokoan. Jokoan dugu aurrera egin ahal izatea edo ongizatean eta bizi kalitatean atzera egitea. Erabaki behar dugu esperientzia eta gestioa nahi dugun… edo esperimentuak, burutazioak eta ziurgabetasuna hobesten ditugun. Laburbilduz, Euskadirentzat etorkizun hobea edo okerragoa nahi ote dugun”, esan du Pradalesek.

Hautagai jeltzaleak azaldu du Euskadirentzako egiten duen proposamenak etorkizunerako agenda hirukoitza bat jasotzen duela: ongizatearen agenda berri bat enplegua, Osasuna, etxebizitza, ekonomia berria, demografiaren erronka edo transformazio digitalak  hobetzeko eta arazoei konponbidea emateko; agenda globala, Euskadiri emango diona nazioarte mailan hazteko aukera; eta hirugarren agenda bat, agenda humanista, esparru ezberdinetan sortzen ari diren bidegabekeria eta desparekotasun egoerak borrokatuko dituena.

Konpromisoen dekalogoa

1. Osasunaren alorrean Pradalesek hitzeman du talka-plan bat garatzeko konpromisoa, aurrez aurreko hitzordu baterako itxaronaldia 48 ordura murrizteko eta ebakuntza kirurgiko baterako itxarote-zerrendetan batez beste 50 eguneko muga  ezartzeko. Era berean, osasuneko langile gehiago kontratatzearen alde agertu da osasun mentalaren eta emozionalaren arloko baliabideak zabaltzearen alde eginez, bai eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egungo mapa aztertzearen eta instalazioak eta zerbitzuak modernizatzeko inbertsio berriak egitearen alde ere. EAJ-PNVk, gainera, Osakidetzari buruzko euskal akordio zabal bat proposatu du, alderdikerien eta eztabaida partidisten mende egon ez dadin

2. EAJ-PNVk konpromisoa hitzematen du beren bizi proiektua hastekotan dauden gazteekin, eta egingo du kalitatezko enpleguak sortzea bultzatuz eta etxebizitza lortzea erraztuko duten neurriak abian jarriz: 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat bankuek ematen  ez duten % 20a finantzatzeko; errenta-mugak handitzea babes publikoko etxebizitzak pertsona gehiagok eskura ditzaten; diru-sarreren muga 30.000 eurora zabaltzea pertsona bakoitzeko, alokairuko eta emantzipazioko laguntzak eskuratzeko; eta alokairuko 7.000 etxebizitza berri, horietatik % 40 36 urtetik beherakoentzat erreserbatuta, besteak beste.

3. Industria eta ekonomia berria bultzatzea. “Politika industrial ausarta garatzea planteatzen dugu, ekonomia berriak eskaintzen dituen aukera berriak baliatuko dituena”, ziurtatu du Pradalesek. Aldi berean 5.0 Industria Plana iragarri du teknologian, berrikuntzan, nazioartekotzean, jasangarritasunean eta industriako azpiegituretan aurrera egiteko, bai eta Industriako Azpiegiturak Garatzeko Inbertsio Funts berri bat sortzeko  ere.

Lehendakarigaiak era berean zehaztu du bere konpromisoa dela “ 3.000tik gora euro aktibatzea, Euskadi industria alderditik, teknologian eta alderdi enpresarialean hazi arazteko. Datozen lau urteotan egingo du ondorengo neurriak abian jarriz: 1) Finkatuz programa indartzea, inbertsioetarako ahalmena 1.000 milioi euroraino eramanez; 2) Euskal BGAEen erregulazioa aldatzea, kapitalaren ehuneko bat euskal ehuna errotzea eta enpresen eta industriaren hazkundea ahalbidetuko duten proiektuetan inbertitzeko; eta (3) inbertsio-funts berriak bultzatuz, Euskadiko finantza-sarearekin (bankuak, banku-fundazioak eta gizarte zibileko beste finantza-erakunde batzuk) elkarrizketa eta lankidetzaren bidez ".

4Etorkizuneko Euskadi, berde eta jasangarria. Esparru horretan, jeltzaleen konpromisoak jasotzen dituen programa honek proposatzen du energia berriztagarrien garapena areagotzea, sare elektrikoa hobetzea eta energia horien bidez industrian energiaren auto-hornikuntzara iristea. Portuetako inguruneak ere elektrifikatuko dira, hidrogeno berdea bezalako energietarako azpiegiturak indartuko dira eta industria-superkluster iraunkorra garatuko da. Fiskalitate berri bat sustatuko da trantsizio energetikoa bultzatzeko, eta Euskadiko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana ezarriko da 2025-2028 aldirako.

5. Erabateko babesa familiei. Dekalogoaren puntu honetan hitzematen da belaunaldi ezberdinen ongizatearekiko eta demografiaren erronkarekiko konpromisoa, 2030rako Euskal Estrategiaren barruan neurri zehatzak abian jarriz. Erakundeak eta gizarte zibila inplikatzea bilatuko da, seme-alaba bakoitzeko laguntza hilean 200 eurora igoko da 7 edo 8 urtera arte (eta 10era arte familia ugarientzat edo guraso bakarreko familientzat), aitatasun- eta amatasun-baimenak 24 astera luzatuko dira, haurreskolen doakotasunari eutsiko zaio eta Osakidetzaren ugalkortasun-programak hobetuko dira.

6. Konpromisoa segurtasunarekin. Imanol Pradalesek iragarri du Euskadiko Segurtasun Programa berri bat sortu eta abian jarriko dela, Polizien Koordinaziorako Sistema bat, informazioa denbora errealean hobeto partekatzeko eta ikerketa-unitateak indartzeko, delinkuentzia antolatuari modu eraginkorragoan aurre egiteko. Alderdi horretan ere, EAJ-PNVk haur eta nerabeenganako indarkeria prebenitzeko, antzemateko eta garaiz hartzeko programen beharra aldarrikatu du, bai eta indarkeria matxistaren biktimentzako arreta koordinatua indartzeko ere.

7. Konpromisoa gizarte kohesioarekin eta zainketa eredu propioarekin. Konpromiso horretan jasotako ekintza zehatzen artean daude genero-berdintasuna sustatzea eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzea, desgaitasuna duten pertsonentzako bizitza-eredu independente bat eragitea, Gizarte Prestazioen Kudeaketarako Euskal Agentzia sortzea gizarte-laguntzen kudeaketa eta kontrola hobetzeko, eta bakardadeari aurre egiteko laguntza-sare bat bultzatzea.

8. Konpromisoa Autogobernuarekin. “Euskadik hazi behar du alderdi politiko zein instituzionalean. Horregatik, gure konpromisoa da egungo autogobernua eguneratzea eta areagotzea. Horretarako proposatzen dugu aurrera egitea Euskadiren nazio aitortzarako bidean, euskal eskuduntzen babesean eta aldebikotasunean eta forutasunean oinarritutako berme sistema batean”, adierazi du EAJ-PNVk Lehendakarirako proposatzen duen hautagaiak.

9. Konpromisoa Euskadi globalarekin, Europan bere presentzia eta ahotsa indartzeko. Makroeskualde Atlantikoa sortzea bultzatuko da erregioen gaietan eragin zuzena izan ahal izateko, nazioarteko sareetan parte hartze aktiboa bilatuko da Euskadiren posizio globala hobetzeko, eta diplomazia ekonomikoa garatuko da, Euskadiko enpresak nazioarte mailan sustatzeko eta kokatzeko, eta Euskadira inbertsioak erakartzeko.

10.  “Dekalogoan jasotzen den azken konpromisoa guk sinesten dugun Euskadirekin da”, amaitu du Pradalesek. “Berdintasun egoeran biziko diren emakume eta gizonen Euskadi dugu helburu, non gutako bakoitzak gure bizi proiektua garatu ahal izango baitugu bakean eta askatasun osoz. Euskadi berdea, hurrengo belaunaldiei planeta hobea uzteko konpromisoarekin hitzemanda dagoena. Bere sustraiak finkatzen dituen Euskadi, bere kulturaz eta kirolaz harro egongo dena, berrikuntza eta abangoardiaren erakusgarri izateaz gain. Balore demokratikoetan oinarrituta eraikiko den Euskadi, bere sustraiak errespetuan, kohesioan eta elkarbizitzan finkatuko dituena. Hezkuntza eredu propioa izango duen Euskadi, bere nortasun propioa izango duena, denon artean indartu beharko duguna euskarari presentzia handiagoa emanez eta gure bizitzako esparru guztietan bere erabilera areagotuz”, amaitu du.

Next Euskadi