Prentsa Aretoa

Berriak

2024/04/19

EAJ-PNVk euskal hiritar guztiak deitu ditu igandean bozkatzera eta “positiboan” egitea eskatu du Euskadik aurrera egiten jarrai dezan

Bilboko Areatza berriz ere txiki utzi duten 3.000 alderdikide eta alderdizale jeltzaleren aurrean, EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainari amaiera eman dio gaur Imanol Pradalesek Ardanza, Ibarretxe eta Urkulluren lekukoa hartuko duela argi izanik “Irabazteko asmoarekin ateratzen gara, Euskadiko trainerua etorkizun hobera eramateko”, ziurtatu du Pradalesek

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

"Boto mota asko daude, bai eta bozkatzeko arrazoi ugari ere: zigortzeko botoa, modan dagoen botoa, `ahalik eta minik handiena emateko botoa´… Baina hori ez da EAJk eskatzen duen botoa. Boto positiboa eskatzen dugu guk. Gure botoa beti da  zerbaiten alde egiteko, beti da eraikitzeko, beti Euskadi buruan eta bihotzean dugula, beti gure Aberria hazi arazteko asmoarekin, emakume eta gizon askeen herri bihurtzeko gogoz. EAJri ematen zaion botoa Baietzaren botoa da, boto positibo eta proposatzailea. Euskadiren geroa jokoan dago eta guk ez dugu zuzri-beltzean biziko den Euskadirik nahi, guk ez dugu Euskadik atzera egiterik nahi: Koloreak jantziko dituen Euskadi nahi dugu guk, Euskadi gorri, berde eta zuria. Baietzaren botoa nahi dugu: Bai Euskadiri, Bai etorkizunari, Bai ongizateari. Igandean, Bai Euzko Alderdi Jeltzaleari!”.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak amaierarako esan dituen hitz hauekin itxi du gaur EAJ-PNVk apirilaren 21eko Euskal Hauteskundeetarako kanpaina. Kanpaina  igandeko bozketan amaituko da, handik aterako baitira hurrengo Eusko Legebiltzarra eta hurrengo Lehendakaria. Bilboko Areatzan egin du ekitaldia EAJ-PNVk eta berriz ere txiki geratu da 3.000 alderdikide eta alderdizale inguru batu direlako bertan. Bertaratu guztien artean nagusitu da hurrengo Lehendakaria Imanol Pradales Gil izango den  ustea . "Ilusioz beteta atera gara irabaztera, Euskadiko trainerua etorkizun hobe batera eramateko", esan du Pradalesek. Mitinean Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrendaburuak eta Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak ere hitz egin dute. Uxue Barkos Nafarroako presidente ohi eta Geroa Bai koalizioko senataria bertan izan da, bai eta Jordi Turull Junts-eko idazkari nagusia eta Carlos Alonso buru duen Coalicion Canariako ordezkaritza ere. Ekitaldiko unerik hunkigarriena iritsi da Ortuzarrek joan den astean zendu zen Ardanza Lehendakariari eskaini dizkion hitzekin, eta jeltzaleen familia osoaren esker ona eta aintzatespena  helarazi dio Mari Glori Urtiaga alargunari, hura ere Areatzako ekitaldian egon delarik.

Imanol Pradales EAJ-PNVko Lehendakarigaiak Areatzako kanpaina amaierako ekitaldira iritsi arte egin duen bidea gogoratu nahi izan du gaurko honetan: "Ibilbide hau hasi nuenean nekez imajina nezakeen bizi izan dudan hau guztia bizitzea. Benetan, betiko gogoratuko dut Euskadi hobeto ezagutzeko izan dudan aukera hau. Milaka kilometro egin ditugu Herri honetako txoko guztiak ezagutzen eta gure proposamena zabaltzen. Ohorea izan da niretzat! Eskerrik asko leku guztietan egin diguzuen harreragatik! Eskerrik asko hau guztia errealitate egin duzuen kide guztioi! Eskerrik asko zuen konpromiso eta lanagatik! Eskerrik asko beti hor egoteagatik! Gure ondoan arraun egiteagatik!”. 

Lehendakarigaiak  aita gogoratzeko hitz hunkigarriak esan ditu. "Zure eredu eta konpromisorik gabe, gaur ez nintzateke hemen egongo. Aita, badakizu faltan botatzen zaitugula etxean. Harro nago euskalduna izateaz eta EAJko alderdikide izateaz. Harro gaude daukagun Euskadiz. Espero dut zure irakaspenak eta ondarea babestu izana, eta espero dut igande honetan, zauden lekuan zaudela, elkarrekin bizi genituen Alderdi Egun bakoitzean bezain zoriontsu izatea. Eskerrik asko, aita! ", esan du Pradalesek hunkituta.

“Azken txanpan gaude jada. Helmuga ikusten ari gara dagoeneko. Hau, biren kontua da. Horregatik behar zaituztet denok batera boga egin dezagun batera. Metro gutxi falta zaizkigu. Begien aurrean dugu. Egiaren ordua iritsi da. Egin dezagun aurrera zentimetroz zentimetro. Metroz metro. Ondoan daukagun lagunagatik egin dezagun!. Mugarik gabe amets egin dezagun! Lagun gehiago sartu behar ditugu traineru honetan! Azken olatuari eutsi! Euskadiko trainerua etorkizun hobera eramateko! Eta igandean `arraunak gora´ esan dezagun!  Irabaztera atera gara! Jakina baietz! Ilusioz gainezka gaude!”, amaitu du Pradalesek.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gogora ekarri du 2012ko abenduaren 15ean Euskadiko Lehendakariaren zina egin zuela Gernikan: “Sekula ez nukeen pentsatu ohore handiagorik. Nire aintzatespena eta esker onik zintzoena euskal gizarte osoari. Momentu latzak bizi izan ditugu. Eta, une latz guztietan erantzuten jakin izan dugu eta gauza handiak egin ditugu, gaur Euskadiren zerbitzura jartzen ditugunak. Defenda ditzagun harrotasunez elkarren artean lortu ditugun guztiak, eta aurrera egin dezagun ilusioarekin eta konpromisoarekin”. Era berean azpimarratu duenez “Herri oso baten lanari esker gaur Euskadik esan dezake Europa eta munduko herrialde aurreratuenen pare dagoela. Euskadi hau da historiako Euskadirik onena eta hobetzen eta aurrera egiten jarraitzeko anbizioari eusten diogu. Bihotz bihotzez eskerrik asko!”.

Halaber, Urkulluk hitz batzuk esan ditu alderdikide jeltzaleei bere esker ona adierazteko, eta esan du “harro egoteko moduko gauza” dela alderdikide izatea. Eta berean gogoan izan ditu Eusko Jaurlaritzaren burutzan ondoan izan dituen pertsona guztiak: sailburuak, laguntzaileak eta senideak. “Konpromisoa, leialtasuna, hurbiltasuna eta eskuzabaltasuna erakutsi didazue. Dena eman duzue. Harro nago zuetaz guztietaz”, esan du.

Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua harro agertu da "Herri hau gidatu duen alderdiko kide izateagatik; Euskadin sinesten duen, Euskadi maite duen eta Euskadin konfiantza duen alderdiko kide izateagatik". "Izan ere, gurea Euskadi da; gure lehentasuna Euskadi da, euskal herritarrok; gure helburua Euskadiren ongizatea eta askatasuna da,  bai eta hemen bizi garen guztiona ere", azpimarratu du. Hitza hartzea egokitu zaionean, Eusko Legebiltzarreko presidentegaiak azpimarratu duenez "asko eta asko dugu jokoan" hauteskunde hauetan: "Jokoan dugu Euskadik aurrera egiten jarraitzea edo atzera egitea; demokraziaren edo inposaketaren artean, askatasunaren edo kontrolaren artean aukeratzea". "EAJk gobernatzea nahi baduzu, Imanol Pradales Lehendakari izatea nahi baduzu, EAJk bozkatu behar duzu", azpimarratu du. Azkenik, zalantzati dauden boto-emaileei dei egin die, "kritika eginez eta exijente izanez, Euskadik aurrera egitea eragingo duen taldeko kide izan daitezen".

"Igandean ez iezaiozu bozkatu erabakitzen duenari. Zuk zeuk erabaki!". Horrela, Arabako zerrendaburuak datorren igandeko hauteskunde-egunean parte hartzeko azken deia egin du. Joseba Díez Antxustegi ziurtzat eman du euskal gizarteak jakingo duela EAJ-PNVk gure Herriaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko egindako proposamenak baloratzen. Arabako hautagaiak eskerrak eman dizkie alderdikide eta alderdizaleei  kanpainako 15 egun hauetan beraiengandik jaso  duen adeitasuna. Egun hauetan herriz herri ibili da Arabako lurralde osoan eta auzoz auzo Gasteizko hiriburuan.

Ekitaldiari amaiera ematea egokitu zaionean Ortuzarrek zera esan du “hala da, igandean ziklo berri bat hasiko da Euskadin, ziklo berri bat Herri honentzat. Eta ziklo hori EAJk hasiko du. Atzo bertan, estanpa  eder-ederra ikusi genuen Gasteizen: Urkullu eta Ibarretxe Lehendakariek Imanol Pradalesi bere babes osoa ematen. Duela hamabi urte Ardanza Lehendakariak eta Ibarretxe Lehendakariak Iñigo Urkulluri egin zioten bezala. Horixe da EAJ-PNVren espiritua. Katea ez da eten!”, amaitu du .