Prentsa Aretoa

Berriak

2024/05/22

CEUSek aldarrikatzen du Europa “demokratikoa, sozialki aurreratua, pertsonak bere lan politikoaren ardatz izango dituena”

Europa Solidarioaren aldeko Koalizioak Madrilen aurkeztu du gaur ekainaren 9an Europako Parlamentua aukeratzeko egingo diren hauteskundeak. Koalizioaren zerrendaburua Oihane Agirregoitia izango da eta bere asmo Nagusia izango da “elkarrizketan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako kultura politiko berria sustatzea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Konpromisoa hitzeman dugu Europa demokratiko batekin, sozialki aurreratua eta pertsonak bere lan politikoaren ardatz izango dituena”. Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa-CEUS ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztuko da Eusko Alderdi Jeltzalea, Coalición Canaria, Geroa Bai eta El Pi alderdi politikoak barne hartuz. Madrilgo Villa Real hotelean egin du lehen agerraldia, eta bertan izan dira Agirregoitia bera, Andoni Ortuzar EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Fernando Clavijo Kanarietako Gobernuko presidente eta Coalicion Canariako idazkari nagusia, Uxue Barkos Geroa Socialberdeak alderdiaren idazkari nagusi eta Geroa Baiko senataria eta Tolo Gili El Pi-Proposta per les Illes alderdiaren presidentea. Bilera horretan adierazpen bat (ohar honi erantsitako dokumentua) aurkeztu da, koalizioak ordezkatzen dituen alderdiek eta nazioek partekatzen dituzten helburu eta konpromiso nagusiak jasotzen dituena. Agiri honen abiapuntua da koalizioa osatzen duten alderdiek partekatzen duten helburua, Europar Batasunari eskaintzeko “nortasun kultural, sozial eta ekonomiko handiko gizarteak ordezkatzeak dakarren aktiboa. Gizarte hauen biziraupena ekarri du, neurri handi batean, toki, estatu eta Europa mailako erakundeen arteko harremanak, Estatuen arteko lankidetzan eman ohi diren mugak hautsiz. Nortasun eta arazo espezifikoak dituzten gizarteak ordezkatzen ditugu, hala nola uhartetasuna, eskualde ultraperiferikoa edo estaturik gabeko nazioa izatea, zeinaren hizkuntza, kultura eta nortasuna bizirik dirauten bi Estatu kidetako mugaz gaindiko lurretan bizi arren”. Adierazpen hau aurkeztu da Espainiar estatuko beste indar politikoen atxikimendua jasotzera begira.

CEUSen asmoa da Batasunaren gobernagarritasun berriari buruzko eztabaidan laguntzea, benetako berrikuntza politikoko prozesu batetik abiatuta, subsidiariotasun-printzipioak, hurbiltasunak, herritarrekiko etengabeko solaskidetzak eta lurralde askotariko eta erreferenteetako hobekuntza-aukeren, indarguneen eta ahulguneen ezagutza sakonak ematen diguten errealitatearen bidez. Hurbiltasuna, irekitasuna, gardentasuna eta parte-hartzeko abagunea eman nahi dizkiegu XXI. mendeko gizarte ireki eta modernoekin koherenteak diren erabaki-prozesuei. Eta egin nahi dugu estatuetako egitura tradizionalak baino eraginkorragoak eta praktikoagoak diren egitura instituzionalak, kultura politikoak eta elkarlanerako ohiturak eskainiz. Horiek eredu izan behar dute Europa are integratuago eta federalago baterako bidean”. Eta lan horren abiapuntua izango da “ikuspegi nazio anitza, kultur anitza eta eleanitza”, eta elkarrizketan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituko den kultura politiko berriaren bidez, Batasunak sorreratik dituen baloreak indartuz”.

EAJ-PNVren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek dei egin du “Europa mailako kanpaina” egitea eskatzeko “eta ez etxe barruko auziak agerrararazteko, bigarren itzuliak antolatzeko edo berrespen pertsonalak antolatzeko; eraiki nahi dugun Europaz hitz egin nahi dugu”. Buru abertzaleak aitortu du “kezkatuta” dagoela “Espainiar estatuan zein Batasuneko beste herrialde batzuetan” egiten ari diren eztabaida ikusita “mesede egiten dabiltza aukera populistei, muturreko planteamenduei”, eta horregatik “herritargoari, jende normalari” eskatu dio “inplikatu dadila eta beren botoarekin Europak jarrai dezala izaten mundu mailan demokrazia- eta askatasun- espaziorik handiena”. Zentzu beretik Ortuzarrek esan duenez `Aniztasunean Batuta´ Batasunaren goiburua “ CEUSen goiburua ere izan liteke, lurraldetasun ezberdina izan arren, Europaren ikuskera berbera konpartitzen duen koalizioarena. Uste dugu bateragarria dela nork bere interesak defendatzea, Nazio bakoitzarena, komunitate bakoitzarena, eta aldi berean Europa indartsuagoa eta batuagoa defendatzea”, amaitu du.

Fernando Clavijo Coalicion Canariako idazkari nagusi eta Kanarietako presidenteak CEUSek testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial "konplexuan" duen garrantzia azpimarratu du. Ildo beretik adierazi duenez, "koalizio hau ez da indar politikoen batura bat, baizik eta Europa demokratiko sozialago, solidarioago, lurraldearekiko begirunetsuago eta pertsonak ekintza politikoaren erdian kokatzeko aukera bat". Testuinguru horretan, Clavijok aldarrikatu du ekainaren 9tik aurrera "pertsonekin, erronka globalekin eta bere nazioetako bakoitzarekin konprometituko den Europar Batasuna", eta erronka komunak eta lurralde bakoitzaren berezitasunak azpimarratu ditu, "Kanariak lurralde ultraperiferiko eta Europako hegoaldeko muga" direla azpimarratuz. Hain zuzen ere, "hegoaldeko mugaren krisi humanitarioari erantzutera begira" erronka demografikoa eta migrazio-politika aipatu ditu "hurrengo Europako Batzordeak egin beharko dituen eta uharteetan eragina duten" zereginetako bi direla gaineratuz.

Uxue Barkos Geroa Socialberdeak alderdiaren idazkari nagusi eta Geroa Bairen senatariak nabarmendu duenez, "Europaren aldeko lana eta elkartasuna, elkarbizitzarako tresna gisa, gure izaera politikoaren parte dira. Kontinente osoan ultraeskuineko indarrek aurrera egitearen aurrean, gaur egun inoiz baino gehiago behar dira Europa eta elkartasuna. Pertsonak abiapuntu hartuta eraikitako Europa solidarioa, beren interesei erantzungo diena, beren ongizatearen alde lan egingo duena. Izan ere, ultraeskuina geldiaraztea ez da soilik auzi ideologikoa, demokrazia, aniztasuna, elkarbizitza eta, batez ere, pertsonen beharrei eta nahiei erantzutea da kontu nagusia", adierazi du. Barkosek gaineratu duenez, "Nafarroatik, autogobernuaren defentsa Europako erakundeetako gure ordezkarien lanaren ardatza izaten jarraituko du, euskararen defentsarekin edo gure industriarako eta lehen sektorerako trantsizio ekologiko eta digital onenarekin batera". "Azken batean, Nafarroa sendo, produktibo eta solidarioa Europa solidario batean", amaitu du.

Bestalde, Tolo Gili El Pi-Proposta per les Illeseko presidenteak gogora ekarri duenez, "Balearrek ez dute inoiz ahots propio eta independenterik izan Europan. PPko, PSOEko, Voxeko edo Sumarreko eurodiputatuek aspaldi erakutsi dute ez dutela gure alde egiten", ziurtatu du. Gainera, "gure hautagaia ere bada Europarako zerrenda batean joango den Balearretako lehen herritarra, Jordi Prunés, zerrendako laugarrena. Horrek agerian uzten du koalizio hau osatzen dugun alderdien babesa eta errespetua, eta El Pik Europako erakundeei ematen dien garrantzia. Balearretako arazo handietarako konponbideak Europan lantzen dira, eta horregatik, guk, Europan egon nahi dugu", adierazi du El Pi alderdiaren presidenteak.