Prentsa Aretoa

Berriak

2024/05/27

Euskal hiritarren bizimoduan eragin zuzena duten Europako gaietaz ari den alderdi bakarra dela aldarrikatzen du EAJ-PNVk

Amorebieta-Etxanon, EBBren presidente Andoni Ortuzarrek talde jeltzalearen hauteskunde programak Euskadin pentsatuta jasotzen dituen 160 proposamenak aipatu ditu beste taldeek “hiru orrialde” edo “zero orrialde” aurkeztu dutela gogoratuz; CEUSen zerrendaburuak, Oihane Agirregoitiak, hitzeman du Europatik lan egingo duela emakume eta gizonen soldata arrakala desagerrarazteko.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Egin dut ariketa hori. Beste indar politikoen programak bilatu ditut, zer jartzen duten jakiteko. Euskadiko PSE eta PPren web orrialdeetan ez dago, estatuko programa ikusteko estekarik ere ez. Programa bat dute, hori bai, baina Euskadiko hauteskundeetakoa. Eta, Madrilgo alderdi nagusien programetara bazoaz, Euskadiri buruz, lerro bakar bat ere ez. Eta, ez pentsatu, Bilduren kasuan, beste horrenbeste. Europari buruzko planteamendu osoa hiru orrialdetan. Guk, aldiz, 125 orrialde, 160 proposamen zehatzekin Europaz eta Euskadik Europan izan behar duen tokiaz. Horrez gain, ehun orrialde hartzen ditu Europako Alderdi Demokrataren Adierazpenak, zeinetan Izaskun Bilbao Barandica gure eurodiputatuak eta bere lantaldeak parte hartze eta zeresan handia izan duten”. Datu hauekin, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek argi baino argiago utzi du EAJ-PNV dela Kanpaina honetan Euskadin eta euskal hiritarren bizimoduan eragin zuzena duten Europako gaietaz ari den alderdi politiko bakarra. “Argi baino argiago adierazi dugu Europa indartsuagoa nahi dugula, batuagoa, Estatuen aurrean eskuduntza gehiago izango dituena, asmo handiko nazioarteko politikarekin, giza eskubideen eta ongizatearen Europa, kanpora begira irekia, bai eta barrura begira ere, bere aniztasuna eta Estatu gabeko Nazioak aitortuko dituena, horien artean Euskadi, euskara Europako hizkuntza ofizialtzat aitortuko duena. Horretan datza ezberdintasuna: PSOEk eta PPk lerro bakar bat ere Euskadiri buruz; Bilduk hiru orrialde; eta EAJk 125 orrialde eta etorkizunerako 160 ekimen”, adierazi du Ortuzarrek Amorebieta-Etxanoko Zelaieta parkean. Ekitaldi berean hartu dute hitza EAJ-PNVren eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak eta Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatu jeltzaleak. Agirregoitiak hitzeman du Bruselatik lan egingo duela emakumeen eta gizonen soldata arrakala desagerrarazteko. “Erromako Itunak bestela esan arren, lanpostu berberean emakumeok, Europar Batasunean, gizonek baino %13 gutxiago irabazten dugu”, salatu du.

Ortuzarrek PPk Madrilen egin duen manifestaldia aipatu du Europaz interesik ez duela erakusteko. “Ez zuten deitu Europaren kausa babesteko baizik eta Kataluniako amnistiaren kontra egiteko eta Espainian hauteskundeak berriro deitzea eskatzeko… duela hamar hilabete egin ziren arren! Horixe da Europarengatik duten errespetua”. Popularrek ez dute Europaz hitz egin, Ortuzarren hitzetan, Bruselan duten nagusia, Ursula Von der Leyen “bidea prestatzen ari delako eskuin muturrekoekin elkartzeko. Zelan nahiko dute PPkoek Europaz hitz egitea lotsaz gorrituko dituztela jakinda?, galdetu du. Buru abertzaleak era berean kritikatu du PSOE “Milei eta Israelekin” nahasten ibiltzea Europako funtsekin egin duen kudeaketa okerraren gaian “oin-puntetan” igarotzeko. “Eskuin muturrari, bai eta ezkerrekoari ere, hau ere egon badagoelako, oposizio argia egin behar zaie, baina indar politiko batzuentzat aitzakia bihurtu da bakoitzak nahi duen Europa ereduaz ez hitz egiteko, edo etorkizuneko Europa horretan Euskadi nola ikusten ez dugun ez azaltzeko”, esan du. “Dagoeneko guk argi utzi dugu ez dugula erraztuko ultrak Europako erantzukizun posizioetan jartzea. Europako bozeramaileak, Sandro Gozik, esan zion Von der Leyeni, osteguneko eztabaidan. Eta Oihanek berak eta nik neuk argi eta garbi utzi dugu EAJren jarrera argi eta sendoa: ultrek aurrez aurre izango gaituzte, aurrez aurre izango dute Euskadi. Euskadi eta EAJ-PNV!”, ziurtatu du Ortuzarrek.

Agirregoitiak, nola ez, Europaz hitz egin du, europar legeriak emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasunaren gai garrantzitsuan duen eraginaz. “1957ko Erromako Itunak jasotzen du Europan soldata-berdintasuna alde lan egiteko konpromisoa, baina emakumeok, batez beste, gizonek baino % 13 gutxiago irabazten dugu lan beragatik”. Desoreka berberak eragina du pentsioetan, emakumeena %30 txikiagoa baita. “EAJ-PNVn, PDEn eta Renew Europen uste osoa dugu emakumeen ahalduntzean eta genero diskriminazioaren kontrako borrokan. Horregatik, laneko ordainsarien berdintasunaren eta administrazio-kontseiluetako ordezkaritzaren alde lan egin dugu; estatu kide eta hautagai guztiak behartu ditugu genero-indarkeriari buruzko Istanbulgo Protokoloa sinatzera eta berrestera; eta desberdintasuna elikatzen duten estereotipoak ezabatu ditugu. Guk argi daukagu: Erromako Ituna Europa osoan bete dadin lan egingo dugu”.

Ekitaldi politikoari hasiera emateko hitzak esan ditu gaur Izaskun Bilbao Barandicak, hamabost urtetan Europak izan duen euskal ahotsak. “Euskadin hauteskunde hauetan jokoan dugu komunikabideek esaten dutena baino asko gehiago. Jokoan dugu izan edo ez izan, egon edo ez egon. Jokoan dugu, Bruselan eta Estrasburgon, Batasunaren izarrek argiztatzen duten Itsaso urdinean buia bat izatea. Buia gorri-zuri-berdea, ia-ia beste izar bat bezalakoa dena. Agerian eta ikusgai dago guk denok sortzen dugun energiari esker. Energia argi, positibo, temati, sendo, erresiliente, iraunkor eta erabatekoa. Eta, jakina, bai eta berriztagarria ere. Energia berriztatu eta iraunkor hori, Oihane Agirregoitia deitzen da. Buia horrek ur gainean eta piztuta jarrai dezan, hauteskunde hauetan EAJ-PNV bozkatu behar da”, ziurtatu du euskal eurodiputatuak.