Prentsa Aretoa

Berriak

2024/06/17

EAJ-PNVren Aberri Batzarrak aho batez onartu du PSE-EErekin koalizioko Eusko Jaurlaritza osatzeko akordioa

Jeltzaleen organo legegile gorenak argi berdea eman dio Imanol Pradales buru izango duen eta EAJ-PNVko eta PSE-EEko sailburuek osatuko duten Gobernu bat eratzeko itunari

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren Aberri Batzarrak aho batez onartu du PSE-EErekin koalizioko Eusko Jaurlaritza osatzeko akordioa

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Aberri Batzarrak, Sabin Etxean batzartuta, Euzkadi Buru Batzarrak proposatutako PSE-EErekin adostutako koalizio ituna aho batez onartu du gaur, bi alderdi politikoetako sailburuek osatutako Eusko Jaurlaritza berria eratzeko. Jeltzaleen organo legegile gorenak Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakarigaiak emandako azalpenak eta datuak entzun ondoren hartu du erabakia.

Aberri Batzarraren baimena nahitaezkoa da horrelako itunetan, hari baitagokio, EAJ-PNVren estatutuen arabera, beste alderdiekiko koalizioei argi berdea emateko ahalmena. Gaurko akordioak bidea argitzen du datorren asteazkenean bi alderdiek Gobernu Ituna sina dezaten Eusko Legebiltzarraren egoitzan –militantzia sozialistak ere izapide hori bete ondoren– eta ostegunean inbestidura-saioa egin dadin, bertan Imanol Pradalesek bermatuta izanik lehendakari izango dela, talde parlamentario abertzalearen 27 botoei eta talde sozialistaren 12 botoei esker; guztira 39 boto, Ganberaren gehiengo osoa baino boto bat gehiago.

Horrez gain, Aberri Batzarrak bat egin du, baita ere, EBBk Europako Hauteskundeei buruz eta jeltzaleak zerrendaburu izan diren CEUS koalizioak lortutako emaitzei buruz egin duen analisiarekin. Hauteskunde gauean bertan egin ziren adierazpenen ildotik, EBBk sentimendu gazi-gozoa jakinarazi du Aberri Batzarraren aurrean. Alde batetik, Oihane Agirregoitiarekin Europako Parlamentuan EAJ-PNVren presentziari eustea lortu da, baina, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan lortutako boto kopurua espero zena baino nabarmen txikiagoa izan da. EBBk Aberri Batzarraren aurrean azaldu ditu Alderdiaren ekintza politikoa berrabiarazteko eta orain gehiengoz abstentzioan geratzea erabaki duen hautesleen zati horren babesa eta atxikimendua berreskuratzeko ireki duen gogoeta eta jarduera prozesuaren nondik norakoak. EAJ-PNVren Exekutibaren lanek Alderdiaren Batzar Nagusia izango dute denbora-muga, baina oraindik ez dago data zehatzik horretarako. Jeltzaleen araudien arabera, EBBri dagokio Batzar Nagusira lau urtean behin eta adierazitako data baino sei hilabete lehenago deitzea, horrela, Udal Erakunde jeltzaleei ekimenak eta proposamenak aurkezteko denbora emateko, eta bilera handi horretarako ordezkariak aukeratzeko.