Prentsa Aretoa

Berriak

2024/06/19

EAJ-PNVk eta PSE-EEk Gasteizen sinatutako akordioa "asmo handiko plana" da, Euskadi "ongizatean haztea" ahalbidetuko duena

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Imanol Pradales hurrengo lehendakariak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak itun bat sinatu dute Eusko Legebiltzarrean, "Eusko Jaurlaritza indartsua eta Euskal Herriaren eskaera, behar eta nahiei erantzuteko gai izango dena, kalitate goreneko zerbitzu publikoak bermatuz"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan du "asmo handiko plana" dela Imanol Pradales jeltzalea buru duen koalizioko Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJ-PNVk eta PSE-EEk gaur goizean sinatu duten akordioa. Pradalesekin eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarekin batera, bi alderdien arteko ituna sinatu eta minutu gutxira, prentsaurrekoa eman du Ortuzarrek. Errubrika Eusko Legebiltzarreko bigarren solairuko hallean egin da, Simon Bolivarren mahaiaren gainean. EAJ-PNVk eta PSE-EEk akordio horren aurrerapen zabala eman diete gaur komunikabideetako profesionalei (ikus erantsitako dokumentua). Bihar goizean emango da akordioaren berri osorik, Imanol Pradalesek Eusko Legebiltzarrak hartuko duen Inbestidura Saioan egingo duen hitzartzean, Lehendakari izateko aukera errealez aurkezten den hautagai bakarra delarik.

Ortuzarrek EAJ-PNVren "poza" adierazi nahi izan du PSE-EErekin lortutako akordioagatik, eta horri esker Imanol Pradales Lehendakari izendatuko dute bihar eta "programa sendoa duen eta Euskal Herriaren eskaera, behar eta nahiari erantzuteko gai den gobernu indartsua eratuko da, zerbitzu publikoen kalitate gorena bermatuz". "Akordio honi esker", nabarmendu du Ortuzarrek, "Euskadik hurrengo astetik aurrera Eusko Legebiltzarrean gehiengo absolutua izango duen Eusko Jaurlaritza izango du, eta legegintzaldi osoan zehar ibilbide-orri izango den oinarri programatikoen akordioa". Oinarri horiek "herritarrak interesatzen eta kezkatzen dituzten gai guztiak lantzen dituzte" eta bost ardatzetan oinarritzen dira: 'Pertsonak erdigunean'; 'Hazkunde- eta ongizate-eredua'; 'Eraldaketa energetiko eta jasangarritasuna'; 'Bizikidetza, Memoria eta Giza Eskubideak'; eta 'Autogobernuan haztea'. Ortuzarren hitzetan, "ongizatean hazteko asmo handiko plana" da. Izan ere, hori da gaur goizean sinatutako akordioaren izenburua: "Ongizatean Hazi. Ongizatea, Aurrerabidea, Eraldaketa eta Autogobernua Euskadi globala eraikitzera begira".

Ortuzar ziur dago EAJ-PNVk eta PSE-EEk sinatu dutena "programa bikaina" dela, eta "zerbitzu publiko bikainak bermatuko ditu, gure ekonomiaren garapena eta aurrerapena bultzatuko du, lanpostu duinak eta kalitatezkoak sustatuko ditu eta Euskadi eta euskal autogobernua une historiko honetan dagokien tokian jarriko ditu. Bi alderdien apustu politiko ausarta da. Eusko Legebiltzarreko gainerako indar politikoei eskatzen diegu akordio hau modu positibo eta eraikitzailean irakurtzea, gure borondatea delako legegintzaldi osoan zehar adostasun handieneko politikak, legeak eta programak lortzeko eskua luzatzea".