Prentsa Aretoa

Berriak

2024/07/13

Ikurrinaren balioa aldarrikatu du EAJ-PNVk “elkartasun eta errespetu” sinbolo gisa, eta “idealak partekatzen dituen komunitatea barne hartzen duen ikurra” dela gogoratuz

Bilboko ‘Euzkeldun Batzokija‘ izeneko hartan euskal bandera lehen aldiz altxatu zen egunaren 130. urteurrenaren bezperan, Itxaso Atutxak ziurtatu du Ikurrina dela etengabe eraikitzen ari den herri baten ikurra. Izan ere lan hori “erantzukizunez, ilusioz eta konpromisoarekin” heldu nahi dio talde jeltzaleak, inposaketarik gabe eta “egikaritzen eta exijitzen dugun errespetuarekin”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ikurrina da batzen gaituen sinboloa. Emakume eta gizon berdin eta askeek osatzen duten eta errespetuan oinarritutako idealak partekatzen dituen komunitatea barne hartzen duen sinboloa da”. Hitz horiek esan ditu Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVk gaur goizean bertan Bilboko Arriaga Plazan Ikurrina lehen aldiz altxatu zen egunaren 130. urteurrena ospatzeko egin duen ekitaldi politikoan. 1894ko uztailaren 14an gertatu zen hura, Zazpi Kaleen bihotzean, Bilboko Posta Kalean, zegoen ‘Euzkeldun Batzokijan’. Bizkaiko jeltzaleen buruak nabarmendu nahi izan du EAJ-PNVrentzat Ikurrina dela “martxan dagoen herriaren sinboloa, etengabe eraikitzen denarena, etengabe aurrera eginez”. Lan hori hartu dute “EAJ-PNVko emakume eta gizonek erantzukizunez, ilusioz eta konpromisoarekin. Egunez egun, presarik gabe, etenik egin gabe. Beti errespetua oinarri eta abiapuntu hartuta, inposaketarik gabe. Egikaritzen eta aldi berean exijitzen dugun errespetuarekin”, adierazi du.

Atutxak EAJ-PNVren lan politikoa errespetuaren barruan kokatu nahi izan du “herri bat ez delako eraikitzen mastan bandera bat edo beste jartzeagatik: herri bat eraikitzen da errespetua abiapuntutzat hartuz, konpromiso eta erabaki irmoa duten emakume eta gizon prestatuek zuzenduko dituzten erakundeekin identifikatuta eta ordezkatuta sentituko den giza kolektibitatea eratuz. Kontzientzian eta borondatean haziko den proiektu batean, aurrean ditugun erronkei aurre eginez. Demokrazian eta erabakitzeko eskubidean aurrera eginez. Komunitatea eraikiz, azken finean, euskal herritar gehiago bere baitan hartuz, Ikurrinaren gorri, berde eta zuriaren baloreak bereganatuko dituztenak”, esan du Atutxak.

Ane Támarak, EAJ-PNVren Bilbo Zaharra Uri Erakundearen presidenteak, gaurko ekitaldiari hasiera emateko hitzak esan ditu. Támarak gogora ekarri duenez “Ikurrinak 130 urte daramatza askatasun eta elkartasun sinbolo izaten”, eta termino biak azpimarratu nahi izan ditu “gure gizartea anitza delako”. Gaur, den- denok, direnak direlakoak gure genero nortasuna, sexu adierazpena, jatorria, erlijioa edo ideologia… Den-denok, esan bezala, Ikurrinaren babespean gaude. Ikurrinak denok ordezkatzen gaitu. Eta ideia berberarekin esan duenez “gure bandera nazionala ere delako Euskadira aukera berrien bila etorri direnen ikurra. Askorentzat da bigarren etxea, hasiera berri bat, bai eta euskal diasporak bihotzean era gogoan daraman aberriaren sinboloa ere”.

400 pertsona baino gehiago erantzun diote gaur EAJ-PNVk eta Bilbo Zaharreko Uri Erakundeak efemeride hau ospatzeko egin dieten gonbidapenari. Ikurrin ugari ikusi ahal izan dira bertan, horietako asko, ordezkatzen dituzten uri erakundeen historiaren zaindari direla. Ekitaldiak jai izaera nabarmena izan du, eta euskal bandera nazionalari gorazarre egiteko aurresku batekin hasi da, Carmen Ortega Krutxaga eta Antxon Rodríguez Restegi Bilbo Zaharreko Uri Erakundeko alderdikideak ikurrina altxatzen ari ziren bitartean. Ekitaldian parte hartu duten ehunka alderdikideen artean honako hauek izan dira Arriaga Plazan: Jon Andoni Atutxa, Ana San Nicolás, Aitor Landa, Jesus Lekerikabeaskoa eta Martín Pérez, BBBren burukideak; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, Amaia Arregi, Kontxi Claver eta Itziar Urtasun zinegotziekin batera; Aitor Esteban, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramailea; Oihane Agirregoitia, europarlamentari jeltzalea, eta EAJ-PNVk erakunde publikoetan dituen ordezkari ugari.

Ikurrinak 130 urte

Sabino eta Luis Arana eta Goiri anaiek Ikurrina sortu zuten 1894ko uztailaren 14a baino egun batzuk lehenago. Egun hartan, uztailaren 14an, arratsaldeko seietan, euskal bandera nazionala lehen aldiz jarri zuten ‘Euzkeldun Batzokija’-n, Bilboko Posta kaleko 24. zenbakian zegoen etxeko bigarren solairuko lokalak inauguratzeko. Lehen ikurrina artilezkoa zen, eta ‘Euzkeldun Batzokija’-ko kiderik beteranoenak, Ciriaco de Iturrik eta Urlezagak jaso zuten. Hurrengo urtean, zoritxarrez, irailaren 12an, konfiskatu egin zuten Espainiako agintariek ‘Euzkeldun Batzokija’ itxi zutenean.

1936ko urriaren 19ra arte ez zuen Euzkadiko Gobernuak Ikurrinaren ofizialtasuna ezarri, Euskadiko bandera gisa. Gerra Zibilean, II. Errepublikaren aurka matxinatu ziren tropek euskal lurraldearen kontrola bereganatu ahala, bidean aurkitu zituzten Ikurrin guztiak suntsitu zituzten. Faxisten garaipenaren ondoren, Espainiako Estatuak debekatu egin zuen, eta ikurrina eraman, ezkutatu edo marraztera ausartzen ziren guztiek jipoiak, espetxea edo isunak jasan zituzten.

Francisco Franco diktadorea hil ondoren, Ikurrinak oraindik bi urte beharko zituen legeztatua izan arte, nahiz eta Ikurrina zeramaten pertsonak asko izan eta hainbat ekitaldi publikotan erakusten zen. 1977ko urtarrilaren 19an altxatu zuten ofizialki eta lehen aldiz II. Errepublika amaitu zenetik, Konstituzio Plazan, Donostiako udaletxe zaharraren eraikinean, hiriko jaiegun handiaren bezperan.