Prentsa Aretoa
Berriak
2024/10/07
Aldundiak kanpaina bat jarri du abian Bizkaiko tokiko merkataritza txikiaren irudi berri eta eguneratua sustatzeko
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren hitzetan ´Bizkaiko merkataritza. Oso Pro. Proaktiboa. Profesionala. Eta oso gertukoa´ kanpainaren xedea ere bada aldaketak egiteko eta berritzeko grina piztea eta merkatari lanbidearen harrotasuna sustatzea. Kanpaina hau legealdi osoan egongo da martxan.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak tokiko merkataritza txikiari laguntzeko kanpaina berria aurkeztu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian: ‘Bizkaiko merkataritza. Oso Pro. Proaktiboa. Profesionala. Eta oso gertukoa’. Kanpaina honen helburu nagusia Bizkaiko merkataritzaren irudia berritzea da, garai berrietara egokitzeko gaitasuna eta tokiko ekonomiarentzat duen garrantzia nabarmentzeko. Etxanobek azpimarratu duenez, "kanpaina honen bidez esan nahi dugu Bizkaian dauden 11.000 erakusmahaietako bakoitzaren atzean pertsona proaktiboak, profesionalak eta oso gertukoak daudela. Bizkaian oso pro diren 46.000 merkatari baino gehiago daude".
Bizkaiko saltoki txikiek erronka handiei egin behar diete aurre, teknologia-, demografia- eta ingurumen-eraldaketen ondorioz. Operadore handien lehiari eta digitalizazio-beharrari ere aurre egin behar diete. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak, BilbaoDendak Bizkaidendak (Bizkaiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Federazioa) eta Cecobi (Bizkaiko Merkataritzako Enpresa Konfederazioa) merkatarien elkarteekin lankidetzan, ekintzak bultzatzen ditu tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta negozio-eredu berritzaileago, digital eta hurbilago bateranzko eraldaketa sustatzeko. Horretarako:
- Sektorearen digitalizazioa sustatzen du, tailerren, aholkularitzen eta prestakuntza-ikastaroen bidez.
- Saltokietako profesionalizazioa eta berrikuntza bultzatzen ditu, jardunaldi, prestakuntza-programa eta aholkularitza espezializatuen bidez.
- Hurbileko merkataritza ikusgarriago egiten du, kontsumo arduratsurako duen garrantzia nabarmentzeko.
- Genero-berdintasuna sustatzeaz batera, emakumeen lidergoa merkataritzan ikusarazten du, sektoreko langileen % 68 emakumeak baitira.
Ibilbide luzeko eta eragin handiko kanpaina
‘Oso Pro’ kanpainak ibilbide luzeko ikuspegia du, eta legegintzaldi osoan zehar hedatuko diren hainbat fase ditu. Helburua da Bizkaiko saltoki txikiaren pertzepzioa hobetzea, ez soilik kontsumitzaileen artean, baita merkatarien artean ere, lanbidearekiko harrotasuna sustatzeko eta beren negozioak kontsumo-joera berrietara (aurrez aurre zein modu digitalean) egokitzera bultzatzeko. Bizkaiko merkataritzaren irudi berrituak profesionaltasuna, proaktibitatea eta hurbiltasuna nabarmentzen ditu funtsezko ezaugarri gisa. Kanpaina burutzeko, 12 saltoki protagonistaren laguntza lortu da. Saltoki horiek Bizkaiko hainbat tokitakoak dira, eta lurralde-, genero- eta sektore-aniztasuna adierazten dute, bai eta berrikuntzarekiko konpromisoa ere.
Kanpainaren aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainara Basurkok ere parte hartu du. Adierazi duenez, kanpaina jendaurrean erakusteko, Bizkaiko merkataritzaren isla diren egungo kolore bizi askotan egindako piezak erabiliko dira. Ahalik eta inpakturik handiena lortzearren, hainbat formatu eta kanaletan agertuko da, hala nola sare sozialetan, autobus-markesinetan, kanpoko pantailetan, tren-geltokietan, zinemetan, tranbietan, komunikabide digital nahiz analogikoetan eta streaming-plataforma nagusietan.
Azkenik, kanpainaren aitzindari diren hiru merkatari berritzailek ‘Bizkaiko merkataritza. Oso Pro’ esperientziaren berri eman dute. Igorreko Arratek Informática enpresako Unai Garcíak, Gernikako Gakoak Interiorismoko Idoia Atekak eta Bilboko R-evoluciona Taller de Cueroko Fernando Cabok azaldu dute nola espezializazioa, pertsonalizazioa eta iraunkortasunaren aldeko apustua funtsezkoak izan diren gero eta lehiakorragoa den merkatu batean ezberdinak izateko, eta Bizkaiko tokiko merkataritzaren alde egitea oso "pro" dela erakutsi dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko merkataritza berritzaile, lehiakor eta erakargarriaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. ‘Oso Pro’ kanpainak balioa eman nahi dio Bizkaiko merkatarien eguneroko ahaleginari; izan ere, beren profesionaltasun, proaktibitate eta hurbiltasunarekin lurraldearen kohesioari eta garapen ekonomikoari laguntzen diote".
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Bizkaia BBNN
2024/10/31
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/10/31
Eusko Jaurlaritza
2024/10/28
EBB
2024/10/26
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/10/24
Europako Legebiltzarra
2024/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25