Prentsa Aretoa
Berriak
2025/03/07
EBBren adierazpena Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

EBBren adierazpena Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.
ADIERAZPENA - 2025/03/07
2025a urte erabakigarria da eta izango da genero-berdintasunaren eta emakumeen eta nesken ahalduntzearen alde mundu mailan defendatzen den kausarako, Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena beteko baita. Gaur egun urrun xamar geratzen zaigun 1995. urte hartan, Euzko Alderdi Jeltzaleko emakumeek ere parte hartu zuten ekimen haren eztabaidan eta abian jartzeko prozesuan, Txinako hiriburuan egin zen Emakumeari buruzko Laugarren Mundu Konferentziaren barruan. Jardunaldi haren barruan argitu zen agiria, 30 urte geroago, mundu osoko emakumeen eta nesken eskubideak konkistatu, aitortu eta sendotzeko ekintza-planik aurrerakoiena eta babestuena da. EAJ-PNVren ustetan, Beijingo Adierazpena funtsezko erreferentzia da gure bizitzako eremu bakoitzean eragina duten politikak, programak eta inbertsioak diseinatzeko orduan: hezkuntza, osasuna, bakea, parte-hartze politikoa, ahalduntze ekonomikoa eta emakumeen eta nesken aurkako indarkeria desagerraraztea dira garrantzitsuenetako batzuk.
Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformak 30 urte betetzen dituen honetan, mundu osoa dago murgilduta gero eta ziurgabetasun handiagoan, eta krisiak metatzen zaizkio, bata bestearen gainean. Egoera horrek demokraziarekiko gero eta mesfidantza handiagoa eragiten du, eta herritarren parte-hartzea murrizten du. Gazteen Euskal Behatokiak eman dituen azken datuen arabera, beren burua feministatzat duten gazteen ehunekoak behera egin du 2022tik 2024ra bitartean. Jaitsierarik nabarmenena 15-19 urteko gizonen taldean erregistratutakoa da. Horregatik, EAJ-PNVren ustez, premiazkoa eta beharrezkoa da beste behin ere politika feministak belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegitik sendotzea eta ondorengo funtsezko lau arlotan aurrera egiten jarraitzea:
- Emakumeen eta nesken eskubideak sustatzea: erabat premiazkoa da etengabe borrokatzea emakumeen eta nesken Giza Eskubideen mailarik gorenaren alde, indarkeria, diskriminazio eta esplotazio mota orori aurre eginez.
- Genero-berdintasuna sustatzea: oztopo sistemikoak gainditu behar ditugu, androzentrismoa ezabatu behar dugu, sustraitutako desberdintasunak eraldatu behar ditugu eta emakume eta neskarik ahulenen ahotsak goratu behar ditugu, arreta berezia jarriz emakume gazteen artean, beren gizarteratze eta ahalduntzea bermatzeko.
- Ahalduntzea bultzatzea: emakumeek eta neskek hezkuntzarako, enplegurako, lidergorako eta erabakiak hartzeko espazioetarako sarbide inklusiboa bermatzea, botere-egiturak birdefinitzeko, aukera mota guztietan baldintza berdinetan sartzea lehenetsiz. Gidari izan gaitezen eta berritu dezagun genero-ikuspegiarekin eta belaunaldien arteko ikuspegiarekin.
- Maskulinitate positiboei hauspoa emateko politika publikoak bultzatzea eta ezartzea.
EAJ-PNVk honen bidez hitz ematen du Beijingo Adierazpenaren espiritua indartzen jarraitzeko konpromisoa, komunikabideen, Eusko Jaurlaritzaren eta udal eta foru gobernuen, sare sozioekonomikoaren, gizarte zibilaren, gazteriaren eta gure komunitateetan eragina izateko eta neurriak hartzeko gaitasuna duen beste edozein pertsona, erakunde edo kolektiboren eskutik.
Guztioi dagokigu emakumeen eskubideak sustatzeko politikak diseinatzeko eta neurriak hartzeko prozesuan atzerapauso bakar bat ere ez ematea, emakumeen eta gizonen arteko arrakala ixtea eta benetako berdintasun eraginkorra lortuko duen belaunaldia izateko dugun helburuari uko egin gabe.
Duela 30 urte, Beijingo Adierazpenak eta Ekintza Plataformak emakumeen eskubideen aldeko auziaren agenda eraldatu zuen. Eskubide horiek orduz geroztik aurrerapen handiak izan dituzten arren, egin beharreko bidea luzea eta harritsua da oraindik. Are gehiago orain, munduak krisi berriak bizi dituenean, eskubideen higadurari gain jartzen zaizkionak. Horregatik, 2025eko martxoaren 8an, euskal herritar guztiei dei egiten diegu emakumeen eskubideen aldeko bidean aurrera egiteko, Emakumearen Nazioarteko Egunaren esparruan antolatzen diren manifestaldietan, elkarretaratzeetan edo ekimenetan parte hartuz, baina baita urteko gainerako 364 egunetan berdintasunaren aldeko politika publikoak prebenitzeko, sentsibilizatzeko eta ezartzeko antolatzen diren ekintza guztietan ere.
Nabarmenak...
EBB
2025/04/20
EBB
2025/04/19
EBB
2025/04/17
Eusko Legebiltzarra
2025/04/14
EBB
2025/04/12
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
EBB
2023/11/25
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20