Prentsa Aretoa

Berriak

2025/06/03

Etxebizitza-eskaintza handitzeko lege-ekimena aurkeztu dute EAJ-PNVk eta PSE-EEk

Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dute, EBBko presidentearen hitzetan, "gehiago eta azkarrago eraikitzea" helburu duen ekimena

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak eta Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak etxebizitza, lurzoru eta hirigintza gaietan premiazko neurriak hartzera begira bi alderdien artean adostutako Lege Proposamena aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. "Lege honekin gero eta azkarrago eraiki ahal izango ditugu etxebizitza babestuak eta etxebizitza libreak. Beraz, etxebizitza-eskaintza handituko dugu, gure gizarteak aurrez aurre duen erronkarik handienetako bati helduz", nabarmendu du Estebanek.

"Eskaintza zabalduko da, etxebizitza babestu gehiago eta etxebizitza libre gehiago prezio merkeagoan izateko irtenbideak emango dira, lurzorua mobilizatuko da eta administrazio-prozedurak arinduko dira", laburbildu du Estebanek. Zehazki, lege-proposamenak lurzoru-erreserba estrategiko bat sortzea bultzatzen du, eta udalei malgutasuna ematea proposatzen du eraiki beharreko etxebizitza-tipologiaren ehunekoei eta etxebizitza horiek izan dezaketen eraikigarritasun gehigarriari dagokienez.

Izapideak sinplifikatzeari dagokionez, Estebanek azaldu du EAJren eta PSEren proposamenak "lehentasunezko jarduera" bat sortzea planteatzen duela, prozedura laburtuak aktibatzea ahalbidetuko duena; halaber, "txostenak egiteko epeak laburtu eta bateratu egingo dira, eta, ondorioz, 8 hilabete irabaztea ekarriko du horrek". Azkenik, udal batzuei kendu zaie izapide batzuk egiteko derrigorra, kontratuen legea aldatuko da epeak laburtzeko, eta lehentasuna emango zaio isiltasun administratibo positiboari.

"Behar bezain malgua ez den legeria daukagu, eta askotan blokeatu egiten du etxebizitza publiko zein pribatuak eraikitzea. Desblokeatze hori lortuko dugu, udalei aukera emanez egin nahi duten eskaintzara egokitzeko", azaldu du. Horretarako, “etxebizitzaren arazoari erantzun politiko eta legegilea emateko, sei lege aldatuko ditugu”, esan du EBBren presidenteak.

“Lege-aldarazpen honek mesede egingo dio hiritargo osoari eta gazteei. Espero dut Legebiltzarreko gainerako alderdiek hala ulertzea edo, bestela, neurri zehatzak proposatzea. Guk urrats hori eman dugu dagoeneko”, amaitu du Estebanek.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!