Prentsa Aretoa
Berriak
2025/07/03
Aitor Esteban: “EAJ-PNVk ez du presioen arabera jardungo; erabakiak hartuko ditugu herritarrek eta gure hautesleek eskatuko digutenarekin ados, gure kode etikoa betez”
TVEn egin dioten elkarrizketan, EBBren presidenteak esan du “erabat onartezinak” eta “larriak” direla atzo bertan Euskadiko PPren presidenteak, Javier De Andrések egin zituen salaketak. “Halako politikagintza ez dugu sekula Euskadin ikusi; ez dugu onartuko probarik barik eta gezurren bidez herritarrei iruzur egiten saiatzea”.
“EAJren jardunak ez die presioei erantzuten; ez batzuen aldetik ezta besteen aldetik ere. Argi hitz egingo dugu eta herritarrei azalduko diegu zer pentsatzen dugun eta zer egoeratan gauden, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak, herritarrek eurek, gure hautesleek eskatzen digutenaren arabera eta gure kode etikoa betez” . Horixe da gaur, osteguna, Aitor Esteban EAJ-PNVren EBBko presidenteak luzatu nahi izan duen mezu nagusia atzo egun osoan zehar PPk EAJ-PNVren kontrako “salaketa onartezinak” egin ondoren.
Gaur, TVEn egin dioten elkarrizketan, Estebanek argi esan du EAJ-PNVk ez duela inolako harremanik Santos Cerdánen ustezko ustelkeria tramarekin, eta “larri” jo ditu atzo Javier de Andrés Euskadiko PPren presidenteak egin zituen salaketak. “Azalpenak ematen hasteko, kasuren batean izan beharko genuke susmagarri, baina ez dago halakorik”, ziurtatu du. Hala, adierazi egin du atzo Euskadiko PPren buruak eginiko salaketak “fundamenturik gabe eta inolako frogarik gabe” egin zirela. “Halako politikagintza Madrilen ikusia genuen, baina Euskadin berria da, guztiz onartezina izateaz gain. Ez dugu onartuko, frogarik gabe, iritzi publikoari gezurren bidez iruzur egiten saiatzea”, berretsi du.
Hain zuzen ere, Estebanek esan du EAJ-PNVk ez duela “inolako kezkarik”, Nafarroan Arbizuko ikastetxe publikoaren eraikuntzaren esleipenaren inguruan, gaur egun ikerketa bidean den kasua delarik. EBBren buruak azaldu bezala, administrazio prozedura honen dokumentazio guztia Nafarroako Kontuen Ganberan dago. Geroa Baik ere bultzatuta, berariaz eratu den Batzordean ikertuko da Nafarroako Parlamentuan, eta parlamentuko taldeentzat egongo da eskuragarri.Horretan egiazta daiteke prozesu osoa “administrazioak exijitzen dituen baldintzak betez” egin dela. “Kasua guztiz garbia da, ez dago inolako akatsik”, esan du. Iñaki Alzagaz galdetuta, atzo Javier De Andrések aipatu zuen enpresariaz, Estebanek argitu du ez dela alderdikidea eta EAJk, beraz, ezin duela “eta ez duela bere izenean hitz egin behar”. “Berak ulertuko balu bere izena aipatuz egin diren salaketen aurrean bere burua defendatu behar duela, berak hartuko ditu neurriak, baina hori ez da guri dagokigun zerbait”, ziurtatu du.
Amaitzeko, Estebanek argi eta garbi esan du, parlamentuko beste taldeen kasuan ez bezala, Santos Cerdán “ez da EAJ eta Gobernuaren arteko konexioa izan”. “Ez. Beste talde batzuentzat bai zen ia konexio bakarra, baina guk hainbat solaskide izan ditugu eta ditugu, eta horien artean nagusiena María Jesús Montero, eta harekin adostu ditugu hainbat akordio nagusi” .
PSOE alderdiaren baitan ematen ari den egoeraz eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek uztailaren 9rako iragarri duen agerraldiaz, Estebanek esan du EAJ-PNVren aldetik “egoerari buruz daukagun ikuspuntua azalduko dugu eta egungo egoera politikoaz daukagun iritzia emango dugu”. “Gure ustetan ez da nahikoa barkamenak eskatzea. Argi utzi beharko litzateke Cerdán-Ábalos-Koldo triangelua hor amaitzen dela, eta komenigarria litzateke kontakizun argia egitea Ábalos Gobernutik atera ondoren gertatu zen guztia azalduz”.
Nabarmenak...
Senatua
2025/10/07
Eusko Jaurlaritza
2025/10/07
Bizkaia BBNN
2025/10/02
Eusko Legebiltzarra
2025/10/02
Eusko Legebiltzarra
2025/10/01
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/05/22