Prentsa Aretoa
Berriak
2025/12/10
Bizkaiak «A ze marroia / El gran marrón» kanpaina aktibatu du hondakin organikoa zuzen bereizi dezagun
2030. urteari begira, Bizkaiko 30 udalerritan egingo den ekimen hori herritarrak edukiontzi marroiaz sentsibilizatu eta gaikako bilketa areagotzeko da.
2030. urteari begira, Bizkaiko 30 udalerritan egingo den ekimen hori herritarrak edukiontzi marroiaz sentsibilizatu eta gaikako bilketa areagotzeko da.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikitako Garbiker sozietate publikoaren bidez, «A ze marroia» kanpaina jarri du abian, edukiontzi marroiko hondakin organikoaren gaikako bilketa areagotzeko. Kanpainako karabanak urtarrilaren 19an ekingo dio bideari, eta maiatzaren 17an amaitu. Bidean, oraindik zehaztu ez diren lurraldeko 30 udalerri bisitatuko ditu.
Ibilbidea hasi aurretik, kanpaina zenbait gune eta formatutan egongo da, hala nola Umeen Gabonetako Parkean (UGP). Hor, haurrentzako tailerrak eta HORECA kanalera bideratutako ekintza espezifikoak antolatuko dira, sentsibilizazioaren irismena indartuta.
Ingurumeneko erronka giltzarria: hondakin organikoaren zirkulua ixtea
Bizkaiak urterik urtera aurrera egin badu ere, errefusaren edukiontzietan uzten diren hondakinen % 40 inguru organikoak dira oraindik ere, batez ere janari-hondarrak. Hala ere, halakoak edukiontzi marroian utzi behar dira, tratamendu egokia eman dakien. Gaur egun, material horri balio energetikoa ematen zaio, elektrizitatea sortzeko; baina helburua da zirkulua ixtea eta kalitateko konpost bihurtzea lurraldean bertan erabil ahal izateko.
2024an, 11.354 tonako maximo historikora iritsi da hondakin organikoen bilketa, hau da, aurreko urtean baino % 5 gehiago bildu da. Hala ere, etorkizunerako erronka handia da: jatorrian bereizitako kantitatea bostez biderkatzea, eta gaur egungo 12.000 tona ingurutik 2030ean 60.000 tona ingurura igarotzea. Horraino heltzeko, herritarrek ohiturak aldatu behar dituzte, eta horregatik egin du kanpainak bere apustua estrategia dibertsifikatuaren eta orotariko sektorearen alde.
Kanpaina hurbila, ibiltaria eta denontzat egokia
«A ze marroia» karabana Bizkaiko 30 udalerritan ibiliko da ekintza sorta bat antolatzen. Antolatuko dituen lehiaketetan, herritarrek probak egingo dituzte egiaztatzeko zenbat dakiten hondakin organikoak bereizi eta kudeatzeaz. Gainera, informazioa emango du udal asko edukiontzi marroia identifikatu eta ixteko ezartzen ari diren sistemei buruz, atxikitze-prozesua erraztu nahi du eta. Horretarako, Garbiker badabil inplikatuta dauden udalerriekiko lankidetzan.
Gazteak ere izango dira protagonista: 20 ikastetxetako bisitaldietan, jarduera dinamikoak egingo dira, hala nola errealitate birtualean murgiltzeko esperientziak eta txikitatik ondo bereizten ikasteko diseinatutako prestakuntza-lehiaketak.
Bestalde, ostalaritzako sektorerako (HORECA) sentsibilizazio-ekintza bereziak antolatuko dira, kontuan hartuta bai establezimenduak bai bezeroak, eta dibulgazio-materiala banatuko da.
Kanpaina osatzeko, sare sozialetako eduki eta ekintzak egingo dira, eta kontsultarako tresna digital erraz bat jarriko da eskura, edukiontzi marroiaren erabilerari buruzko zalantzak argitzeko.
Nabarmenak...
Bizkaiko Foru Aldundia
2026/01/15
Bizkaia
2025/12/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
EBB
2025/08/13
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS















