Prentsa Aretoa
Berriak
2026/02/16
Urdulizko EAJ-PNVren ustez, EH Bilduk udalerria eremu tentsionatu izendatzeko hartu duen erabakia presazkoa eta ez-eraginkorra da
Alderdi jeltzaleak ohartarazi du Urduliz benetako etxebizitza-planik gabe eremu tentsionatu izendatzeak arazoa larriagotu dezakeela, konpondu beharrean. Urdulizko EAJ-PNVk Atzeragainen, Artetan edo Torrebarrin 153 etxebizitzatarako lurzorua aktibatzea proposatzen du, baita Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza indartzea ere, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta Gaztelagun, Gazteaval eta Emantzipa bezalako programetarako sarbidea errazteko.
Urdulizko EAJ-PNV ez dago ados EH Bilduko udal gobernu taldeak Urduliz bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozesua hasteko hartutako erabakiarekin. Neurri horrek, erraza eta asmo onekoa dirudien arren, ez die erantzuten udalerrian etxebizitza eskuratzeko benetako arazoei, are gehiago, kontrako ondorioak eragin ditzake.
Urdulizko EAJ-PNV etxebizitza lortzeko zailtasunen inguruko kezkarekin bat dator, batez ere gazteen eta familien artean, baina Urduliz eremu tentsionatu izendatzea presazko erabakia dela uste du, diagnostiko zorrotzik gabe, datu publiko argirik gabe eta herritarrekin benetako eztabaidarik gabe hartutakoa.
"Etxebizitzen eskaintza handitzeko planik eta aurretiko azterketarik gabe prezioak mugatzeak ez du arazoa konpontzen, larriagotu egin dezake", adierazi dute talde jeltzaletik.
Tentsionatutako eremuaren izendapena ez da soilik alokairuaren prezioei muga bat jartzea, beste ondorio batzuk ere badakartza: errentak izoztea, kontratuen nahitaezko luzapenak, jabeentzako karga berriak eta
urduliztarrei OHZ neurriz kanpoko ehunekoetara igotzea, besteak beste. Jabe horietako asko aurreztaile txikiak eta udalerriko bertako familiak dira, ezin zaie etxebizitzaren egiturazko arazoaren edukitzaile handi edo erantzule gisa tratatu.
Urduliz ez da hiri handi bat, ezta higiezinen merkatu oso espekulatiboa ere. Alokairu-eskaintza mugatua duen udalerria da, eta mota honetako neurriek etxebizitzak merkatutik kentzea eragin dezakete, eskuragarri dagoen eskaintza are gehiago murriztuz.
Alternatiba eta benetako etxebizitza estrategia eza
Gainera, erabaki hau ez doa bat etxebizitza-eskaintza handitzeko plan argi batekin, hori da arazoaren benetako jatorria. Gobernu-taldearen argudio gehienak Osteiko eremuan (41. eremua) oinarritzen dira. Eremu horretan egingo den urbanizazioa ez da 2029a baino lehen hasiko. Beraz, ez du epe laburrerako ez epe ertainerako erantzunik ematen.
Urdulizko EAJ-PNVtik ere faltan botatzen dute aldez aurretiko analisi bat egitea hurrengo gai hauen inguruan:
• Udalerrian dauden etxebizitza hutsen kopurua jakitea.
• Alokairuaren prezioak Urdulizko familien batez besteko errentan duen garrantzia.
• Izendapen honek epe labur, ertain eta luzera izango duen eragin zehatza.
Komeni da gogoraraztea gaur egun Urdulizen 153 etxebizitza eraikitzeko lurzoruak daudela, gehienak babes publikokoak, Atzeragainen, Artetan edo Torrebarrin. Era berean, etxebizitza babestuetarako beste lurzati batzuk ere badaude, hala nola Abadeneko aparkalekuaren ingurua, non EAJ-PNVk etxebizitza publikoa eta txandakako lurpeko aparkaleku bat uztartzearen aldeko apustua egin zuen, tokiko merkataritzan erosketak egitea erraztuko zuena.
Gazteen emantzipazioari dagokionez, EAJ-PNVk gogorarazi du dagoeneko badaudela Eusko Jaurlaritzak bultzatutako baliabideak, hala nola Gazteaval, Gaztelagun edo Emantzipa, eta zalantzan jarri du nola eremu tentsionatu izendatzeak udalerriko gazteen emantzipazioa errazten lagunduko duen.
"Etxebizitzaren arazoa ez da keinu politikoekin edo aldebakarreko erabakiekin konpontzen, baizik eta plangintzarekin, erakundeen arteko lankidetzarekin eta eskaintza benetan handitzearekin", azpimarratu dute jeltzaleek.
Horregatik guztiagatik, Urdulizko EAJ-PNVk gobernu-taldeari erabaki hori berriz azter dezala eskatzen dio, elkarrizketaren, gardentasunaren eta udalerriaren errealitatearen azterketa serio baten alde egin dezala, eta Eusko Jaurlaritzarekin modu koordinatuan lan egin dezala etxebizitza eskuratzeko irtenbide erreal eta iraunkorrak eskaintzeko.
Prentsan titular errazak bilatu beharrean, Urdulizko EAJ-PNVk etxebizitza-politika arduratsuak, bidezkoak eta pertsonentzat pentsatuak defendatzen jarraituko du.
Nabarmenak...
PLENTZIA
2026/04/15
BERRIA
2026/04/15
URDULIZ
2026/04/14
SUKARRIETA
2026/04/14
SESTAO
2026/04/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












