Prentsa Aretoa

Berriak

2026/02/18

Areatzako EAJ-PNVk EH Bilduk onartutako aurrekontuek ez dietela erantzuten udalerriaren benetako beharrei eta kanpoan uzten dituztela adineko pertsonak eta migratzaileak salatu du

Alderdi jeltzalearen hitzetan, “aurreko ekitaldietako ia kopia bat dira, eta agerian uzten dute proiektu, analisi eta erantzukizun falta kezkagarria dagoela kudeaketa publikoan” 65 urtetik gorako pertsonek Areatzako % 20 osatzen duten arren, 3.000 € baino ez dituzte bideratzen Adinekoen Elkartera Halaber, biztanleriaren %17 ikusezina da EH Bildurentzat; ez dago integraziora, bizikidetzara edo migratzaileei arreta espezifikorik ematera bideratutako euro bakar bat ere

Ezagutzera eman
Areatzako EAJ-PNVk EH Bilduk onartutako aurrekontuek ez dietela erantzuten udalerriaren benetako beharrei eta kanpoan uzten dituztela adineko pertsonak eta migratzaileak salatu du

ARGAZKIA JAITSI

Areatzako EAJ-PNVk salatu duenez, EH Bilduk bakarrik onartutako aurrekontuak “hausnarketarik gabeko eta udalerriaren benetako lehentasunetatik urrun dagoen eredu bat erreproduzitzen du berriro”; eta “aurrekontuen egitura bere kapitulu guztietan aldatzea” eskatu du, “udalerriaren arazo eta errealitate zehatzetara egokitzeko”.

Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, “aurrekontua aurreko ekitaldietako ia kopia bat dira, eta agerian uzten dute proiektu, analisi eta erantzukizun falta kezkagarria dagoela kudeaketa publikoan, eta, gainera, adinekoei eta migratzaileei entzungor egiten dietela, tokiko kultura alde batera uzten dutela eta proiektu estrategikoak blokeatzen dituztela”.

Adineko pertsonak eta migratzaileak ez dira benetako kezka EH Bildurentzat

Areatzako EAJ-PNVk azpimarratu du larria dela 65 urtetik gorako pertsonak, areatzarren % 20, "udal Gobernuaren lehentasunetatik kanpo geratzea. 3.000 euroko ekarpen bakarrarekin, EH Bilduk erakutsi du adineko pertsonak ez direla benetako kezka euren alderdirako”.

Ildo horretan, talde jeltzaleak eskatu du “Eguneko Arreta Zentro baterako proiektu pilotu bat martxan jartzea, premia larri eta gero eta handiagoari erantzuteko, eta udalerriaren zahartzeari egokitutako laguntza-eredu sendoago baterantz aurrera egiteko”.

Era berean, “larria da migratzaileei zuzendutako politikarik ez egotea ere. Biztanleriaren % 17 ikusezina da EH Bildurentzat. Ez dago integraziora, bizikidetzara edo arreta espezifikora bideratutako euro bakar bat ere. Halaber, ez digute kasurik egin Zurrumurruen Aurkako Sareari (ZAS) atxikitzeko egin dugun eskaerari, ez eta Pertsona Migratzaileentzako Jarduketa Planaren berrikuspenari ere”.

Kulturari dagokionez, Areatzako EAJ-PNVk adierazi du gobernu-taldeak eredu “garestia, populista eta edukirik gabea” duela, “ia esklusiboki 200.000 euro inguruko ikuskizunak kontratatzeko”. Zehaztu dutenez, “ez dago kultur proiekturik, ez dago tokiko sorkuntzari bultzadarik eta ez dago jardunak erostetik harago doan estrategiarik”.

Eta gardentasuna zer?

Talde jeltzaleak gogorarazi duenez, “aurreko agintaldian agindutako auditoria gauzatu gabe dago oraindik, EH Bilduk behin eta berriz saihesten duen eta gure alderdiari hainbeste aldiz ukatu dion ezinbesteko gardentasun ariketa”. Era berean, Arragoetan sustapen publikoko etxebizitzak garatzeko erabateko aurrerapausorik ez dagoela azpimarratu dute, “gazteak eta familiak Areatzan geratu ahal izateko funtsezko beharra baita”.

Hala, Areatzako talde jeltzalearentzat, onartutako kontuak “ez dira bakarrik urriak; arduragabeak ere dira. EH Bilduk herritarrei begiratzen ez dien aurrekontu bat onartu du, etorkizuneko proiektuak bultzatzen ez dituena eta Areatzak inoiz baino gehiago behar duen une honetan lidergo eraginkor bat gauzatzeari uko egiten diona”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!