Prentsa Aretoa

Berriak

2026/02/19

Lezamako EAJ-PNVk Oxangoitiren jarraipena bermatu du

Jeltzaleek ezker abertzalea eraikinaren etorkizunaren inguruan alarma sortzen dabilela deitoratu dute, hamarkadetatik finkatutako eta eraikinaren jabeen % 90ak babestutako hirigintza-jarduera bat jazarpen politiko gisa aurkeztuz. HAPOk ez du kultura-jarduera etengo; aitzitik, jarraipena bermatzen du, irisgarriagoa, eraginkorragoa eta udalerriaren egungo eta etorkizuneko beharretara egokitua izango den espazio batean.

Ezagutzera eman
Lezamako EAJ-PNVk Oxangoitiren jarraipena bermatu du

ARGAZKIA JAITSI

Lezamako EAJ-PNVk Bitzabalaurreko (Aretxalde 54) eremuan aurreikusitako berrantolaketa defendatu du, duela hiru hamarkada baino gehiagotik planifikatutako eta hirigunea hobetzera bideratutako hirigintza-jarduera bat baita. Era berean, erabakia jazarpen politiko gisa aurkeztu nahi dutenen akusazioak deitoratu ditu.

Eraikina "antolamenduz kanpo" dago 1988ko Arau Subsidiarioak onartu zirenetik, orduan identifikatu baitzen eremu hori berrantolatzeko beharra, mugikortasuna eta ingurunea hobetzeko, eta espazio publiko berriak sortzeko. Ez da, beraz, egoeraren araberako edo bat-bateko erabakia, baizik eta denboran finkatutako hirigintza-aurreikuspenaren garapena.

Plangintza finkatua eta gehiengoak babestua

Lezamako EAJ-PNVtik azpimarratu dute hirigintza-plangintza tresna teknikoa dela, udalerriaren orekaren eta interes orokorraren zerbitzura dagoena. Orain aurreikuspen historiko bat ustezko zigor politiko bihurtzea eztabaida publikoaren distortsio interesatua dela uste dute.

Alderdiak nabarmendu du, gainera, eraikinaren jabetzaren % 90ak alegazio formalak aurkeztu dituela eraistearen eta Udalak planteatutako birkokatzearen alde, eta Oxangoiti Kultur Elkartea dela aurka dagoen parte bakarra.

"Ez gaude inposizio baten aurrean, baizik eta zuzenean eraikinaren jabe direnen gehiengoaren borondatea errespetatzen duen eta segurtasun juridikoarekin eta erantzukizun instituzionalarekin aurrera egitea ahalbidetzen duen irtenbide baten aurrean gaude", adierazi dute jeltzaleek.

Lezamako kulturarekiko eta interes orokorrarekiko konpromisoa

Alderdiak ez du hirigintza eta kultura aurrez aurre jartzeko planteamendua onartzen. HAPOk berariaz aurreikusten du kultur jardueraren jarraipena egungo irisgarritasunaren, energia-eraginkortasunaren eta balio-aniztasunaren estandarretara egokitutako espazio berri batean.

"Kultura ez dago eraikin jakin baten mende, kultura bultzatzen duten pertsonen mende baizik. Gure konpromisoa da jarduera horrek baldintza hobeetan jarraitzea eta indartzea, oztopo arkitektonikoak kenduz eta instalazio moderno eta funtzionalak bermatuz ", azpimarratu dute.

Honez gain, EAJ-PNVk gogorarazi du eraikinak ez dituela betetzen 6/2019 Legeak ondasun babestu gisa katalogatzeko eskatzen dituen irizpide teknikoak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere ez dute eraikina tokiko ondasun gisa babesten.

Jeltzaleen ustez, era berean, oinarririk gabea da hirigintza-plangintzak "Herriko Tabernei“ buruzko epaiarekin duen lotura, eta berrantolaketaren aurreikuspena ebazpen judizial hori baino hiru hamarkada lehenagokoa dela gogorarazi dute.

EAJ-PNVren esanetan, jarduera hiru printzipiotan oinarritzen da: segurtasun juridikoa, jabeen erkidegoaren gehiengoaren borondatea errespetatzea eta kultura-jardueraren jarraipena bermatzea.

"Lezamak plangintza, egonkortasuna eta erabaki arduratsuak behar ditu. Gure konpromisoa gardentasunez eta etorkizuneko ikuspegiarekin aurrera egitea da, udalerri osoan pentsatuz eta ez interes alderdikoietan ", amaitu dute.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!