Prentsa Aretoa

Berriak

2026/02/27

Durangaldeko EAJ-PNV abstenitu egin da Mankomunitatearen 2026ko aurrekontuen bozketan

Alderdi jeltzaleak ohartarazi du gaur egungo ereduak etengabe handitzen duela Mankomunitatearen aurrekontua zama udalerrietara eroanez, zerbitzuetan hobekuntzarik esakini gabe, eta ekarpenen batez besteko % 11ko igoerak udal-plangintza baldintzatzen duela eta udalen gaitasuna murriztu egiten duela herritarrei arreta emateko. EAJ-PNVk aurrekontuak aztertzeko eta proposamenak aurkezteko 11 eguneko epe mugatua izan dutela salatu du. EH Bildu gobernura iritsi zenetik, “udalaz gaindiko zerbitzu berririk ez da martxan jarri, eta aurreko legegintzaldian onartutako plan estrategikoan jasotako hainbat ildo garatu barik daude oraindik”, gogorarazi dute.

Ezagutzera eman
Durangaldeko EAJ-PNV abstenitu egin da Mankomunitatearen 2026ko aurrekontuen bozketan

ARGAZKIA JAITSI

Durangaldeko EAJ-PNV alderdia abstenitu egin da Mankomunitatearen 2026ko aurrekontuen bozketan, uste baitu kontuak ez datozela bat “adostasunean, udalerrien arteko lankidetzan eta udalaz gaindiko zerbitzuen hobekuntzan oinarritutako kudeaketa-eredu batekin”. Alderdi jeltzalea kezkatuta agertu da erakundea EH Bilduren esku dagoenetik hartzen ari den funtzionamendu, bilakaera eta zuzendaritzarekin.

Durangaldeko EAJ-PNV alderditik adierazi dutenez, 10 milioi eurotik gorako aurrekontua, inoizko baliabide eta aurrekontu oparoen izan duen urtekoa, “udal gehienek aurrekontuak onartuta eduki ostean aurkeztu dira, udalekiko kontraste nahikorik egin gabe”. Era berean, azpimarratu dute 11 eguneko epe mugatua izan dutela proposamenak aztertzeko eta aurkezteko, “akordioak eraikitzeko borondate falta agerian utzita”.

Talde jeltzalearen ustez, aurrekontuaren igoerak (udalen ekarpena % 11 handituta) udalaren plangintza ekonomikoa baldintzatu eta udalen gaitasuna murriztu egiten du herritarrei zuzeneko zerbitzuak emateko. Ildo horretan, ohartarazi dutenez, “egungo eredua Mankomunitatearen aurrekontuaren etengabeko hazkundean eta karga ekonomikoa udalen bizkar uztean oinarritzen da, baina horrek ez du ekarriko zerbitzu berririk edo hobekuntza nabarmenik”.

EAJ-PNV alderdiak adierazi du Mankomunitatean Gobernua aldatu zenetik ez direla udalaz gaindiko zerbitzu berriak martxan jarri, eta aurreko legegintzaldian onartutako plan estrategikoan jasotako hainbat ildo ere oraindik ez direla garatu.

Hartutako konpromisoetan izandako atzerapena

Era berean, Durangaldeko alderdi jeltzalea kezkatuta agertu da agintaldiaren hasieran hartutako konpromisoak atzeratu egin direlako, hala nola, Abadiñoko adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzu pilotua, 2024ko aurrekontuetan jasota eta oraindik ezarri gabe dagoena. Era berean, horrelako baliabideak beste udalerri batzuetara zabaltzeko beharra defendatu dute, udalerri horietan horretarako baldintzak daudelako eta.

Hondakinen arloan, Durangaldeko EAJ-PNVk berretsi du kostuen banaketa udalerri bakoitzean sortutako benetako hondakinen arabera egokitu beharko litzatekeela, Europako eta Estatuko araudiekin bat etorriz. Hala ere, “Mankomunitateak biztanlerian oinarritutako sistema aplikatzen jarraitzen du, desorekak eta gainkostuak eragiten herritarrei, batez ere ostalaritzako eta industriako jardueraren pisu txikiena duten udalerrietan”, zehaztu dute. Azterlan bat egiteko eskatu den arren, ez da aurreikusten 2027ra arte gauzatzea, eta horrek atzerapen nabarmena ekarriko luke arau-eskakizunei erreparaturik.

Bost zuzenketa

Mankomunitateak aurkeztu duen aurrekontu orokorrari bost zuzenketa aurkeztu dizkio EAJ-PNVk: lehenengoa, hondakinen bilketari buruz, Europako eta Espainiako erakundeek ezarritakoa betetzeko, hots, kargak sortzen den zaborraren arabera banatzea; bigarrena, mankomunatutako bost udalerrietan pertsona nagusiak artatzeko eguneko arreta zerbitzua eskaintzea; hirugarrena, adinekoen orientazio fisikoaren zerbitzua indartzea; laugarrena, udalerrietako bitartekoak optimizatzeko asmoz, udalerrietan geroz eta arazo gehiago sortzen duen kaleko animalien bilketa eta arta zerbitzua Mankomunitatearen bidez kudeatzeko azterketa bat taxutzea eta, hala adostuz gero, 2027an zerbitzua abian jartzea; eta bosgarrena, Bizkaiko Foru Aldundiari Elkartegia erosteko eragiketa burutzea, alokairuan ordaintzen den kopurua aurreztu eta bestelako egitasmoetan inbertitzeko helburuz.

Azken batean, “Durangaldeko EAJ-PNVk kezkaz ikusten du Mankomunitatearen funtzionamendua, geldotasuna, egungo kudeaketa-eredua eta erakundea hartzen ari den norabidea. Horregatik, ezin ditugu EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuak babestu, gure ustez, benetako ahaleginik egin ez delako lankidetza eta adostasuna bilatzeko, aurrerapausorik sumatzen ez delako udalaz gaindiko proiektuan, eta, bereziki, borondaterik ez dagoelako Durangaldeko bi indar politiko nagusien artean konfiantza sortzeko, Mankomunitatea elkar ulertzetik gobernatzeko, desadostasunak egon arren”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!