Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/05

Sopelako EAJ-PNVk Amaia Guenetxea izendatu du 2027rako alkategai

Egungo zinegotzi jeltzaleak, udal kudeaketan eskarmentua eta Sopelako gizarte sarearekin lotura estua duenak, “kudeaketa serioa, hurbila eta anbizioduna berreskuratzearen” alde egiten du, egungo gobernu-taldearen noraezaren aurrean.

Ezagutzera eman
Sopelako EAJ-PNVk Amaia Guenetxea izendatu du 2027rako alkategai

ARGAZKIA JAITSI

Sopelako EAJ-PNVk Amaia Guenetxea Billabeitia izendatu du Alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeei begira, joan den apirilaren 23an uri erakundeak egindako bileran. Jeltzaleen esanetan, esperientzia instituzionala izateaz gain, Guenetxeak udalerriaren ezagutza sakona du, baita udal-kudeaketarekin zein tokiko gizarte sarearekin lotutako ibilbide luzea ere.

Guenetxea Sopelako bizilaguna da aspaldidanik, eta gaur egun zinegotzia da oposizioan, dedikazio esklusiboarekin, eta udal-gobernuaren jardunaren etengabeko jarraipena egiten du. Alkateorde izan zen garaian, Kultura, Euskara eta Hezkuntza bezalako funtsezko arloak kudeatu zituen, zerbitzu publikoen hobekuntzan eta gizarte-kohesioan oinarritutako profila sendotuz.

Sopelarekin duen inplikazioa erakunde-eremutik haratago doa. Guenetxeak harreman estua du elkarteen mugimenduarekin, eta dibertsitate funtzionalarekin lotutako elkarteekin lan egiten du, hala nola CEMEDETE, Down Sindromea, Aspace edo Fidias Fundazioarekin, eta tokiko kirol-esparruan ere aktiboki parte hartzen du.

Oposiziotik, EAJ-PNVk jarrera kritikoa izan du egungo gobernu-taldearen kudeaketarekin, eta plangintzarik eta anbiziorik eza leporatu dio udalerrirako funtsezkoak diren proiektuetan. Testuinguru horretan, Guenetxearen hautagaitzak alternatiba "sendoa, serioa eta herritarren benetako lehentasunetan oinarritua" eskaini nahi du.

"Sopelak etorkizunean pentsatzen duen, herritarrei entzuten dien eta zorrotz jokatzen duen kudeaketa behar du. Ezin dugu inprobisazioan eta norabide faltan instalatuta jarraitu. Gure herriak anbizioa eta kudeaketa ona merezi ditu ", adierazi du Amaia Guenetxeak.

Izendapen honekin, Sopelako EAJ-PNVk ziklo politiko berri bati ekin dio, "auzo guztien erantzukizunetik, hurbiltasunetik eta ongizatearekiko konpromisotik udal lidergoa berreskuratzeko" helburuarekin, herritar guztientzako politika erabilgarriaren proiektua indartuz.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!