Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/07

Leioako EAJ-PNVk Iban Rodriguez Etxebarria berraukeratu du alkategai

Leioako Uri Batzarrak beste behin konfiantza osoa adierazi dio egungo alkateari, eta aho batez babestu du haren hautagaitza.

Ezagutzera eman
Leioako EAJ-PNVk Iban Rodriguez Etxebarria berraukeratu du alkategai

ARGAZKIA JAITSI

Leioako afiliatu jeltzaleek Iban Rodriguez Etxebarria aukeratu dute EAJ-PNVren zerrendaburu izateko hurrengo Udal hauteskundeetan. Hala, Leioako egungo alkateak alderdiaren babes osoa jaso du beste behin.

Iban Rodriguez Etxebarriak konpromisoz jarduten duen belaunaldi bat ordezkatzen du. 48 urte ditu eta gertutik ezagutzen du udalerriaren errealitatea; Leioaren bilakaeraren eta aurrerapenen lekuko izan da eta aurretik dituen erronkak eta egitekoak ezagutzen ditu.

Bizitza osoan Leioan bizi izan den leioaztarra da, eta bertan garatu ditu bere bizi eta familia proiektuak. Bi alabaren eta seme baten aita da, eta familia askoren eguneroko kezkak eta nahiak partekatzen ditu. Herriko bizitzan izan duen inplikazio handiak erakusten du politikagintza gertutasunetik, konfiantzatik eta komunitatearekiko konpromisotik ulertzen duela.

Claret Askartzako Lehen Hezkuntzako irakaslea da, gaur egun eszedentzian dagoen arren, eta hamar urte baino gehiago daramatza zerbitzu publikoan lanean. EAJ-PNVren eskutik hasi zuen ibilbide instituzionala Leioako lehen alkateorde eta zinegotzi gisa, besteak beste Hirigintza, Etxebizitza, Obra eta Zerbitzuak, Mugikortasun eta Ingurumen arloetan, 2013 eta 2019 artean. Ondoren, Leioako alkate izendatu zuten.

“Politika erabilgarri eta gertuko batean sinesten dut; herritarrak entzuten dituen politika batean. Gobernatzea kalean egotea da, herritarren beharrak ulertzea eta egunero haien bizi kalitatea hobetzeko lan egitea”, adierazi du Rodriguez Etxebarriak. Haren hitzetan, EAJ-PNVren balioekin bat datorren politikagintza da hori: kudeaketa arduratsua, erroak eta herrigintza ikuspegia duena, tokian tokitik abiatuta.

Azken urteotan, proiektu estrategikoak bultzatu ditu plangintza ordenatu eta jasangarri baten bidez, leioaztarren bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta. Bere azken agintaldi honetatik nabarmendu beharreko egitasmoen artean daude Arrienako parkea, Lamiakoko Bulebarra eta Lamiako-Txopoetako Barne Erreforma eta Birgaitze Plan Bereziaren amaiera.

EAJ-PNVren kudeaketaren ezaugarri nagusietako den erakundeen arteko lankidetza giltzarria izan da La Avanzadaren estaldura edo udalerriaren erdigunean eraikiko den institutu berriaren proiektuetan aurrera egiteko.

“Leioak modu nabarian egin du aurrera urteotan, baina ez gara konformatzen. Hurrengo urratsak argi ditugu, eta orain arte bezala, seriotasunez eta konpromisoz lanean jarraituko dugu”, nabarmendu du.

Datozen urteetako erronka nagusien artean daude Pinuetako hiri berroneratzea eta Torresoloko kiroldegiaren garapena; etorkizuneko Leioa irudikatuko duten bi proiektu estrategiko dira eta dagoeneko martxan daude.

Ibilbide orri argia dauka Iban Rodriguez Etxebarriak, pertsona guztientzat pentsatutako Leioa modernoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen jarraitzeko.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!