Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/14

Lezamako EAJ-PNVk tokiko ekonomia indartzeko akordioak bultzatu ditu enpresekin

Hitzarmenek lankidetza publiko-pribatuaren eredua indartzen dute, funtsezko azpiegiturak hobetzen dituzte eta ez dute kosturik suposatzen Udalarentzat.

Ezagutzera eman
Lezamako EAJ-PNVk tokiko ekonomia indartzeko akordioak bultzatu ditu enpresekin

ARGAZKIA JAITSI

Lezamako EAJ-PNVk balioan jarri du La Cruz industrialdeko enpresekin lurzoru publikoaren erabilera berezia lagatzeko hiru hitzarmen sinatu izana. Ekimen horri esker, udalerriko jarduera ekonomikoa hobetuko da, enpresa-sarearen lehiakortasuna indartuko da eta udal-kutxarako urtean 20.000 euroko zuzeneko dirusarrerak sortuko dira.

Alderdi jeltzaleak azpimarratu duenez, akordio horiek “kudeaketa erabilgarriaren adibide argia dira, enpresei entzuten diena, behar zehatzak identifikatzen dituena eta udalerri osoari mesede egiten dioten irtenbideekin jarduten duena”.

Totem Towerco Spain, Silicatos de Malpica eta Belgicats Internacionalekin sinatutako hitzarmenei esker, enpresen baldintza operatiboak hobetzeko eta haien eguneroko jarduera errazteko jarduerak garatu ahal izango dira. Besteak beste, enpresetako baten sarbideetan kamioien joan-etorriak hobetuko dira, ibilgailu elektrikoentzako kargatze-guneak egokituko dira eta telekomunikazio-azpiegiturak instalatuko dira.

Alde horretatik, telekomunikazioen arloko jarduerak enpresa-esparrutik harago doan eragina izango du; izan ere, 500 metro baino gehiagoko perimetroan sare-zerbitzua emateko aukera emango du, non inguruko 100 etxebizitza eta negozio baino gehiago baitaude; horrez gain, estaldura emango die lau operadoreri eta industrialdeko enpresei.

“Jarduera ekonomikoa hobetzen duten erabakiez ari gara, baina baita inguruko bizi kalitateaz ere. Hori da EAJ-PNVren politika egiteko modua: garapen ekonomikoa ongizate sozialarekin lotzea”, azpimarratu dute.

Hiru hitzarmenek urtean 20.000 euroko ekarpen ekonomiko bateratua ekarriko diote Udalari, eta kopuru hori urtero eguneratuko da Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera. Akordio bakoitzak, hasieran, lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urtez luzatzeko aukera egongo da; gehienez, zortzi urte.

Akordio horien alderdi nabarmenetako bat da ez dutela kosturik sortzen udal-kutxa publikoarentzat. Enpresek beren gain hartuko dute aurreikusitako jarduerak gauzatzeko behar den inbertsio osoa, bai eta jarduera horiek garatzearekin lotutako kostu guztiak ere, lizentziak, mantentze-lanak, aseguruak eta lagatako instalazioen edo espazioen erabilerak eragin ditzakeen konponketak barne.

“Beste eredu batzuen aurrean, hemen azpiegiturak hobetzea, inbertsioa erakartzea eta diru-sarrerak sortzea lortu dugu, Udala kaltetu gabe. Kudeaketa arduratsua, eraginkorra eta emaitzetara bideratua da”, gaineratu dute Lezamako EAJ-PNVtik.

Era berean, enpresa emakidadunek espazio publikoen kontserbazio egokia bermatu beharko dute hitzarmenen indarraldian, eta, lagapen-aldia amaitutakoan, jatorrizko egoerara itzuli beharko dituzte.

“Lanean jarraitzen dugu Lezama udalerri lehiakorra izan dadin, ondo konektatua eta aukerak dituena, eta erakundeen eta enpresen arteko lankidetza benetako aurrerapausoa izan dadin herritarrentzat”, amaitu dute.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!