Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/14

EAJ-PNVk Mikel Arruabarrena Azpitarte aukeratu du Elorrioko Alkategai udalerria berrindartzeko

Egungo udal bozeramaile jeltzalea izango da etxebizitza, zerbitzu publikoak eta Elorrioko bizi-kalitatearen hobekuntza ardatz dituen hautagaitzaren burua.

Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Mikel Arruabarrena Azpitarte aukeratu du Elorrioko Alkategai udalerria berrindartzeko

ARGAZKIA JAITSI

Elorrioko EAJ-PNVren Uri Batzarrak aho batez aukeratu du Mikel Arruabarrena Azpitarte Elorrioko Alkategai 2027ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako. Udaleko talde jeltzalearen egungo bozeramaileak “Elorrio berrindartzea” helburu izango duen hautagaitza gidatuko du, udalerriak dituen erronka nagusiei erantzuna emateko.

Horrela, Arruabarrena Azpitartek laugarren udal hauteskunde hitzorduari egingo dio aurre, Elorrioko Udalean hiru legegintzalditan zinegotzi izan ondoren. Etapa horretan, herritarrekin harreman zuzena eta etengabea izan du, eta udalerriko bizilagunen kezka eta beharrak gertutik ezagutzeko aukera izan du.

Portugaleteko Nautika Eskolan lizentziaduna, Mikel Arruabarrena Azpitartek esperientzia profesionala ere badu enpresa pribatuan; zazpi urtez lan egin zuen 2016ko urrian Eusko Legebiltzarrera batu aurretik. Gaur egun, ganbera horretako legebiltzarkide jeltzalea da.

EAJ-PNVk haren ibilbide instituzionala, tokiko errealitatearen ezagutza eta Elorriorentzat “proiektu serio, hurbil eta etorkizuneko anbizioa duena” gidatzeko gaitasuna nabarmendu ditu. Ildo horretan, alderdi jeltzaleak adierazi du datorren legegintzaldiko helburu nagusietako bat izango dela etxebizitza eskuragarrien eraikuntzan aurrera egitea eta udalerriko zerbitzu publikoak indartzea.

Bestalde, Arruabarrena Azpitartek eskerrak eman ditu beregan jarritako konfiantzagatik, eta ziurtatu du etapa berri honi “ilusioz, arduraz eta Elorrioren alde lanean jarraitzeko gogo handiz” ekingo diola. Era berean, berretsi du Alkate hautatua izanez gero Eusko Legebiltzarreko eserlekua utziko duela, bere ahalegin eta dedikazio guztia udal kudeaketara eta Elorrioren etorkizunera bideratzeko helburuarekin.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!