Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/22

Barrikako EAJ-PNVk Itziar Unibaso Ausin aukeratu du 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai

Egungo alkateak zazpi urteko udal esperientziaren ondoren eta udal zerbitzuen hobekuntzak, auzoen arteko loturak eta Barrikan etxebizitza kolektiboa sustatzeko HAPOren onarpenak markatutako legealdiaren ondoren ekingo dio bere hautagaitzari.

Ezagutzera eman
Barrikako EAJ-PNVk Itziar Unibaso Ausin aukeratu du 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai

ARGAZKIA JAITSI

Barrikako EAJ-PNVk Itziar Unibaso Ausin, herriko egungo alkatea, aukeratu du 2027ko udal hauteskundeetarako alkatetzarako hautagai jeltzale gisa. Atzo, maiatzaren 21ean, egin zen hura izendatzeko Uri Batzarra EAJ-PNVko alderdikideen babesarekin.

Unibasok zazpi urteko ibilbidea du Barrikako Udalean. Lau urtez Kultura, Berdintasun eta Gizarte Ongizateko zinegotzi lanetan aritu zen eta duela hiru urtetik alkate lanetan dihardu, zerbitzu publikoen hobekuntzan, herritarrekiko gertutasunean eta udalerriaren garapen orekatuan oinarritutako proiektu baten buru delarik.

Legealdi honetan zehar, EAJ-PNVk gidatzen duen gobernu taldeak hainbat ekimen bultzatu ditu Barrikako bizi kalitatea indartzeko. Besteak beste, lehen mailako arreta zerbitzua hobetu da eta auzokideekiko komunikazio zuzena eta auzoen arteko loturak indartu dira, udal kohesio handiagoa ahalbidetuz.

Gainera, 2025ean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin betiko onartu ondoren, Udalak etapa berri bati ekin dio orain, etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko, udalerrian etxebizitza kolektiboa sustatuz.

Itziar Unibasok esker ona adierazi du jasotako konfiantzagatik, eta hautagaitza berri honi “lehen eguneko ilusio eta konpromiso berarekin” aurre egingo diola adierazi du.

“Barrikako bizilagunekin batera lan handia egin dugu azken zazpi urte hauetan, haien beharrak entzun eta herriko erronkei erantzun nahian. Barrika kohesionatuagoa, hurbilagoa eta guztiontzako aukera gehiago eskaintzen dituena eraikitzen jarraitu nahi dut”, adierazi du.

Hautagai jeltzaleak, gainera, kudeaketa eredu “serioa, egonkorra eta eraginkorra” mantentzearen garrantzia azpimarratu du, herritarrekiko lankidetzan eta hurbiltasunean oinarritua.

“Barrikak aurrera jarraitu behar du, kudeaketa onetik eta entzute aktibotik. Proiektu garrantzitsuak ditugu aurretik, bereziki etxebizitzaren eta zerbitzuen hobekuntzaren arloan, eta horiek garatzen jarraitu nahi dugu, arduraz eta etorkizuneko ikuspegiarekin”, gaineratu du.

Izendapen honekin, Barrikako EAJ-PNVk herritarren ongizatea, udalerriaren garapen iraunkorra eta zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntza ardatz dituen proiektu baten jarraipenaren aldeko apustua berresten du.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!