Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/29

EAJ-PNVk Ekaitz Mentxaka Corral aukeratu du Ugaoko Alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeetarako

Atzo egindako Uri Batzarrak aho batez babestu zuen egungo alkatea, eta haren agindupean proiektu garrantzitsuak gauzatu dira, hala nola El Jaro kiroldegiko igerilekuak handitzea, San Bartolomeko arkupeak birgaitzea edo ibaiaren ingurua Hiribilduaren erdigunearekin lotzea. Orain erronka berriei egin behar die aurre, hala nola HAZ modernizatzeari, gimnasioa handitzeari eta Ugao-Miraballes eta Arrigorriaga lotuko dituen bidegorri berria behin betiko bultzatzeari.

Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Ekaitz Mentxaka Corral aukeratu du Ugaoko Alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeetarako

ARGAZKIA JAITSI

Ugao-Miraballesko EAJ-PNVren Uri Batzarrak, aho batez, Ekaitz Mentxaka Corral aukeratu du 2027ko udal hauteskundeetarako hautagai jeltzale. Egungo alkateak “ilusioz, baikortasunez eta ugaotarren bizi-kalitatea eta herria hobetzen jarraitzeko gogoz” ekingo dio etapa berri honi.

Mentxakak ibilbide luzea du udal kudeaketan eta Ugao-Miraballesen ezagutza sakona du. 2013ko otsailaz geroztik, zerbitzu publikoetan, ekipamenduetan, irisgarritasunean, herritarren arretan eta ongizatean aurrera egiteko hainbat proiektu estrategiko gidatu ditu.

Bere agintaldietan bultzatutako ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: El Jaro kiroldegiko igerileku berriak, San Bartolomeko arkupeak berritzea, ibaiaren ingurua hiribilduaren erdigunearekin lotzea, Herritarren Arreta Zerbitzua modernizatzea eta digitalizatzea —egun obretan eta aste honetan bertan udal tramiteak errazteko herritarren kutxazain bat jarri da—, eta udal gimnasioa berritzea, 125 erabiltzaile izatetik 300 erabiltzaile izatera pasatuz.

“Urte hauetako balantzeak are indar handiagoz lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu. Aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu, baina Ugao-Miraballesek erronka eta aukera handiak ditu oraindik aurretik. Herri hobe bat eraikitzen jarraitu nahi dugu gertutasunetik, entzute aktibotik eta lan serio eta etengabetik”, adierazi du Mentxakak.

Hautagai jeltzaleak hurrengo helburuen artean udal gimnasioa handitzea azpimarratzen du, eraberritu ostean erabiltzaileen hazkundea finkatu egin baita. Honez gain, Ugao-Miraballes eta Arrigorriaga lotuko dituen bidegorri berria behin betiko bultzatzea ere garrantzitsutzat jo du, mugikortasun iraunkorra eta udalerrien arteko lotura hobetzeko azpiegitura estrategikoa baita. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duela gogoratu du eta obrak datorren urtean hastea aurreikusten du.

“Zerbitzuak hobetzen direnean eta herritarrek erantzuten dutenean, gure ardura da urratsak ematen jarraitzea. Hori da udal politika ulertzeko gure modua: entzutea, planifikatzea eta emandako hitza betetzea”, esan du.

Ekaitz Mentxakak Ugao-Miraballesko EAJ-PNVren Ugao-Miraballesko alderdikideen aldetik jasotako babesa eskertu du eta hautagaitza “harrotasunez, arduraz eta energia berrituarekin” onartzen duela aitortu du.

“Norbere herriko alkate izatea ohore bat da. Ugao-Miraballes udalerri bizia da, nortasuna du, zerbitzuak gero eta hobeak dira eta herritar konprometituak ditu. Ugaotar guztien bizi-kalitatea hobetzea, horixe da nire konpromisoa, lanean tinko jarraitzea herritarren alde”, amaitu du.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!