Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/10

Abadiñoko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk eta AIBk ez dituztela bete legealdi honetarako iragarritako konpromiso nagusiak

Jeltzaleek nabarmendu dutenez, 2024-2027 agendan jasotako 155 proiektuetatik ia erdia gauzatu gabe dago oraindik, eta horietako asko ez dira legealdia amaitu aurretik errealitate bihurtuko.

Ezagutzera eman
Abadiñoko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk eta AIBk ez dituztela bete legealdi honetarako iragarritako konpromiso nagusiak

ARGAZKIA JAITSI

Abadiñoko EAJ-PNVk EH Bilduk eta AIBk agintaldiaren hasieran aurkeztutako 2024-2027 legealdi-agendaren betetze-mailaren balorazioa egin du. Jeltzaleek ohartarazi dute herritarrei iragarritako konpromisoen zati handi bat oraindik ez dela gauzatu, eta ez dela legealdia amaitu aurretik gauzatuko.

Gobernu taldeak aurkeztutako dokumentuan jasotako proiektuak aztertu ondoren, EAJ-PNVk salatu du bertan aurreikusitako 155 ekimenetatik ia erdia, zehazki 76, gauzatu gabe daudela oraindik, legealdiaren zati handi bat igaro den arren.

Iragarritako baina oraindik bete gabe dauden konpromisoen artean, jeltzaleek Zubibitarteko etxebizitza berrien eraikuntza, Traña-Matienan aparkaleku disuasorio bat sortzea, Zelaietako osasun-zentroaren handitzea edota asteburuetan eta jaiegunen bezperetan Durangorako gaueko autobus zerbitzua martxan jartzea nabarmendu dituzte.

“Urte hauetan iragarpen eta promesa ugari entzun ditugu, baina errealitatea da EH Bilduk eta AIBk legealdiko helburu gisa aurkeztu zituzten proiektuen zati handi bat gauzatu gabe dagoela oraindik”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Alderdi jeltzalearen ustez, herritarrek udal kudeaketaren balorazio zintzoa merezi dute, eta gogorarazi du gobernatzea iragarpenak egitate bihurtzea eta herritarrekin hartutako konpromisoak betetzea dela.

Ildo horretan, EAJ-PNVk deitoratu du Gobernu taldeak aurrerapen esanguratsurik izan ez duten jardueren inguruan itxaropenak sortu izana, eta ohartarazi duenez, “agintaldiaren une honetan, zaila izango da hainbat proiektu legegintzaldia amaitu aurretik gauzatzea”.

“Abadiñok propaganda gutxiago eta emaitza gehiago behar ditu. Konpromisoak betetzeko daude, eta herritarrek udal gobernuak iragarritako proiektuen benetako gauzatze-maila zein den ezagutzeko eskubidea dute”, ondorioztatu dute jeltzaleek.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!