Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/20

Ansolak EAJ-ren jarrera konstruktiboa eta EH Bildurena kontrajarri du, “ekarpenak egitea edo sistematikoki ezetza ematea”

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentea ere atsekabetuta agertu da, EH Bilduk errefusatu egin duelako "Euskal Poliziaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen lan profesionalari esker eutsitako elkarbizitza-eredu baten aldeko ebazpena". Aldi berean, EAJ-PNVren "izateko eta politika egiteko moduagatik" harro agertu da.

Ezagutzera eman
Ansolak EAJ-ren jarrera konstruktiboa eta EH Bildurena kontrajarri du, “ekarpenak egitea edo sistematikoki ezetza ematea”

ARGAZKIA JAITSI

Busturialdeko Alderdikide Eguna ospatu dute gaur eguerdian Muruetan. Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak parte hartu du ekitaldian. 1979ko udal hauteskundeen ondoren sortutako batzorde kudeatzaileetako kideak aintzatesteko ere baliatu dute ekitaldia.

Bere hitzaldian, Ansolak jarduteko eta politika egiteko bi modu kontrajarri ditu, EH Bildurena eta EAJ-PNVrena. Bi alderdiek Euskadiren erronkei modu desberdinean heltzen dietela gogorarazi du. Etxebizitzaren arloan erantzunak emateari dagokionez, gogora ekarri du duela urtebete Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurrien Legea onartu zela, lurzoru erabilgarria mobilizatzeko, etxebizitza babestua bultzatzeko, tentsionatutako eremuak indartzeko, pisu turistikoak mugatzeko edo alokairu eskuragarria sustatzeko, "EH Bilduren eta Sumarren ezezko botoak jaso zituena".

"Urtebete geroago, Peio Otxandiano Londresera joan da", azaldu du Ansolak, "Jaurlaritza XX. mendeko tresnekin etxebizitza-krisiaren erronkei aurre egiten ari direla kritikatzeko". Ansolak adierazi duenez, "premiazko neurrien legeari ezezko botoa eman zionak” dio hori hain zuzen ere. "XXI. mendeko euskal tresnei ezezko botoa eman zien, etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko". Eusko Jaurlaritzaren politikak zalantzan jartzera eta kritikatzera Londresera joan izana aurpegiratu dio Otxandianori, eta gaineratu du EH Bilduk urteak daramatzala EAEko 100 udaletan baino gehiagotan gobernatzen, eta ez duela ekarpenik egin etxebizitza publikoa sustatzeko.

Balioak eta printzipioak

"Euskadi errespetutik defendatzen jarraituko dugu, balio eta printzipio irmoekin, espiritu ireki eta eraikitzailearekin, pertsona bakoitzarentzat onena dena bilatuz, Herri hau esfortzuz eta kemenez eraikitzen dugun pertsona guztiontzat" azaldu du Ansolak.

Ansolak Herri hau "konpromisoz eta duintasunez, printzipio eta baloreekin" ordezkatzearen harrotasuna azpimarratu du. Arrazoi horregatik, hain zuzen ere, atsekabetuta agertu da joan den ostegunean EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean ebazpen bati ez diolako babesik eman. Ebazpen hori euskal herritarren eskubide eta askatasunen errespetua eta norbanakoaren betebeharrak betetzean oinarritutako bizikidetza-eredu bati buruzkoa da. Hitzez hitz irakurri duenez, testuak dio "hori guztia bermatu eta sustengatuta dago Euskal Poliziaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen lan profesionalari esker". BBBko presidenteari "ulertezina" iruditu zaio EH Bilduk adierazpen hori ukatzea: "Non dago arazoa?" galdetu dio bere buruari.

Espainiako politikan bizi den "giro" txarrari dagokionez, Ansolak txalotu egin du Euskadin "egonkortasuna, errespetua, ezberdinen arteko elkarrizketa eta adostasuna" gailentzea, "politika egiteko berezko euskal ereduari esker". "Gure historiaren harrotasuna sentitzen dugu. Gure kulturarena. Gure izateko eta politika egiteko moduaz harro gaude "azpimarratu du BBBko presidenteak.

Euskara askotariko Euskadin

Ansolak keinu bat egin dio Busturialdean euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten loturari. Balentin Enbeita muxikarraren bertso bat aipatu du, duela 100 urte baino gehiago kantatu bazen ere, puri-purian dagoena, euskararen erabileraren garrantzia nabarmentzen baitu. Euskadi osatzen duten pertsonen jatorriaren edo arrazaren gainetik baitago euskararen erabilera. "Euskarak bereizten gaitu, horregatik ez dut ulertzen EH Bilduk Nafarroan erakutsi duen anbizio eskasa", amaitu du.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!