Prentsa Aretoa
Berriak
2026/06/22
EAJ-PNVk Naia Landa Bilbao berretsi du Sondikako alkategai gisa
Ostegun honetan egindako Uri Batzarrak bere babesa eman dio egungo alkateari, 2023an hasitako Sondikako eraldatze proiektua garatzen jarraitzeko, entzute aktiboan, herritarren parte-hartzean eta bizi kalitatearen hobekuntzan oinarrituta.
Sondikako EAJ-PNVk Naia Landa Bilbao hautatu du berriz alkategai gisa, hurrengo udal hauteskundeei begira. Erabakia ostegun honetan, ekainaren 18an, egindako Uri Batzarrean hartu zen. Bertan, alderdikideek egungo alkatearengan duten konfiantza berritu dute, 2023tik bultzatzen ari den etorkizuneko proiektuaren buru izaten jarraitzeko.
Uri Batzarrak urte hauetan zehar Udalean egindako lana eta Naia Landak sondikoztarren beharrekin konprometitutako proiektu hurbil eta sendo baten buru izateko duen gaitasuna aitortu ditu.
Legegintzaldi honetan, Sondikako Udalak pertsonei zuzendutako kudeaketa-eredu bat islatzen duten ekimenak bultzatu ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira Auzotaxi zerbitzuaren abiaraztea, mugikortasuna hobetzeko eta udal zerbitzuak auzo guztietara gerturatzeko; Gazte Kontseiluaren sorrera, gazteentzako parte-hartze gune berri gisa; udal kirol instalazioen hobekuntza eta modernizazioa; eta Osakidetzarekin elkarlanean osasun-zentroaren eraberritze eta handitze proiektua, udalerriko osasun-arreta hobetzeko estrategikoa izango den ekimena.
Horiez gain, familiei, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako laguntza-programak bultzatu dira, adinekoen ongizatera bideratutako ekimenak garatu dira, auzoetako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko jarduketak egin dira, eta kudeaketa ekonomiko arduratsuari esker udal zerbitzuak hobetzen eta indartzen jarraitzeko inbertsioak egin ahal izan dira.
Izendapenaren ostean, Naia Landak eskerrak eman dizkie alderdikideei, eta herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berretsi du.
"Ohore handia da nire alderdikideen konfiantza berriz jasotzea, maite dudan eta hazi naizen herriaren alde lanean jarraitzeko Duela hiru urte Sondika hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa eraikitzeko proiektu bati ekin genion. Urrats garrantzitsuak eman ditugu, baina oraindik proiektu asko daude garatzeko. Herritarrekin batera lanean jarraitu nahi dut aukera gehiago, ongizate gehiago eta guztiontzako bizi-kalitate hobea izango duen Sondika bat eraikitzeko".
Hautagai jeltzaleak adierazi du hurrengo legegintzaldiak orain arte egindako lana sendotzeko eta zabaltzeko balio behar duela, herritarrekiko hurbiltasuna udal jardunaren ezaugarri nagusitzat mantenduz.
Hurrengo erronken artean, nabarmentzekoak dira Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulego berri bat irekitzea udalerriaren erdigunean, auzoek parte hartzeko espazioak indartzea, elkarte, kultura eta kirol-sareari laguntzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzea, eta auzoak, mugikortasuna, zerbitzu publikoak eta pertsonen ongizatea hobetzeko jarduera berriak.
EAJ-PNVk Sondika eraikitzen jarraitzeko borondatearekin ekingo dio aro berri honi, entzute, parte-hartze, bizi-kalitate, ongizate eta pertsona guztientzako aukera gehiago eskainiz, aldi berean bere nortasuna, tradizioak, kultura eta sondikoztarra izatearen harrotasuna indartuz.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/06/20
MURUETA
2026/06/20
IURRETA
2026/06/19
BERRIA
2026/06/18
GORLIZ
2026/06/17
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












