Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/24

Lekeitioko EAJ-PNVk EH Bilduk San Pedroetan ordezkari instituzionalei egindako boikota salatu du

Alderdi jeltzaleak gobernu taldeari leporatu dio udalerriko tradizio instituzionala nahita haustea, konfrontazioa elikatzea eta Lekeitio ordezkatu eta ordezkatzen duten pertsonak justifikaziorik gabe baztertzea.

Ezagutzera eman
Lekeitioko EAJ-PNVk EH Bilduk San Pedroetan ordezkari instituzionalei egindako boikota salatu du

ARGAZKIA JAITSI

Lekeitioko EAJ-PNVk San Pedroko ekitaldi ofizialak direla eta EH Bilduren gobernu taldeak instituzioetako ordezkarien aurka bultzatutako boikotaren aurkako erabateko gaitzespena helarazi nahi die herritarrei. Kargu publiko eta instituzionalen presentzia eragotzi edo bertan behera uzteko erabakiak aurrekaririk gabeko neurria suposatzen du herrian, normaltasun instituzionalaren tradizio luzea hausten du eta Lekeitioko nortasun irekiarekin zerikusirik ez duen itxialdi eta konfrontazio irudia proiektatzen du.

Jeltzaleen ustez, bereziki larria da EH Bildu bazterkeria hori justifikatzen saiatzea, erakundeetako ordezkarien presentzia masifikazioarekin edo bizikidetza-arazoekin modu interesatuan lotuz. Argudio hori faltsua eta funtsik gabea dela diote, eta errealitatetik urrun dagoen kontakizun politiko bati eusteko baino ez dela eraiki.

“Urteetan zehar, Lekeition hainbat erakundetako ordezkariak izan dira, baina horrek ez du inolako arazorik sortu, ez segurtasunari, ez saturazioari dagokionez. Errealitate hori orain arazo bihurtzen saiatzea, justifikaziorik gabekoa izateaz gain, kudeaketa falta argia eta udalerriaren benetako erronketatik arreta desbideratzeko borondate kezkagarria erakusten du”, adierazi dute jeltzaleek.

Gainera, erabaki hori erakundeekiko onartezina den errespetu faltatzat jo dute. Udalak bidalitako idatzia Lekeitio ordezkatu duten eta ordezkatzen duten pertsonei zuzendu zaie —alkate ohiei eta kargu publikoei barne—, eta horiei, modu inplizituan, ustezko masifikazioaren erantzukizuna egozten zaie. “Seinalatze hori bidegabea da, desegokia eta errespetu faltaz betea, udalerriaren alde lanean aritu diren pertsona guztiekiko”.

Lekeitioko EAJ-PNVk azpimarratu du gobernu taldeak neurri hau herri “bizigarri” bat bermatzeko argudioaren babespean justifikatu nahi duela. Helburu hori partekatzen dute, baina salatu dute aitzakia gisa erabiltzen dela erabaki arbitrarioak, eraginkortasunik gabekoak eta inolako babes teknikorik ez dutenak justifikatzeko. “Bizikidetza ez da eraikitzen baztertuz, seinalatuz edo erakundeen arteko harremanak apurtuz“.

Adierazi dute planteamendu horren atzean dagoena bereziki kezkagarria dela: bizikidetza ez dela konpontzen debekatuz edo parte-hartzea mugatuz, eta are gutxiago arazo konplexuen erantzukizuna egozteko etsai artifizialak sortuz. “Konfrontazioan, sinplifikazioan eta kontakizun interesatuen eraikuntzan oinarritutako politika mota horiek planteamendu erradikal, populista eta baztertzaileen adierazgarri dira; ez dute benetako irtenbiderik bilatzen, gizartea zatitzea baizik“.

Lekeitioko EAJ-PNVk, ordea, guztiz kontrako eredua defendatzen du: erantzukizunean, kudeaketa zorrotzean, bizikidetzan eta erakundeekiko errespetuan oinarritutako herri eredua. EH Bilduk proposatzen duen isolamenduaren aurrean, herri ireki baten alde egiten du.

Lekeitio betidanik izan da herri irekia, abegikorra eta bere tradizioak partekatzeaz harro dagoena. Hori da San Pedro jaien esentzia. Ildo horretan, jeltzaleek argi utzi nahi dute: “Tokikoa irekitasunaren edo ordezkaritza instituzionalaren aurka jartzea akatsa da, komunitate gisa garena ahultzen duelako. Ateak ixteak ez ditu gure jaiak babesten; ahuldu egiten ditu“.

Adierazi dute hartutako erabakiak ez duela benetako arazo bakar bat ere konpontzen laguntzen, eta, gainera, udalerriaren ezaugarri izan diren erakundeekiko errespetua, erakundeen arteko lankidetza eta normaltasun demokratikoaren tradizioa haustea dakarrela.

Horregatik guztiagatik, Lekeitioko EAJ-PNVk:

•            Gobernu taldeak hartutako erabakia sektarioa eta bidegabea dela salatzen du.

•            Instituzioen presentzia masifikazioarekin lotzen duen kontakizun faltsua arbuiatzen du.

•            Jai irekien eredua defendatzen du, inklusiboak eta Lekeitioko identitate historikoarekin koherenteak direnak.

•            Errespetu instituzionala eskatzen du udalerria ordezkatu dutenekiko eta ordezkatzen dutenekiko.

Era berean, EAJ-PNVtik herritarrei adierazi nahi diete ez dutela konfrontazio eta itxiera eredu hau onartuko, eta Lekeitio irekia, anitza eta bere identitatea errespetatzen duena defendatzen jarraituko dutela.

Horrekin koherente izanik, udal taldeak gonbitea luzatuko die espresuki erakunde ezberdinetako ordezkari publikoei Lekeitiora joan daitezen San Pedro egunean, historikoki egin den bezala, normaltasun instituzionaletik eta errespetutik.

Azkenik, dei egiten diote gobernu taldeari konfrontazio estrategia hori bertan behera utz dezan, zatiketa sortzeari utz diezaion eta gutxieneko kultura instituzional bat berreskura dezan.

“Lekeitiok ez du irekiera gutxiago behar. Ardura gehiago, errespetu gehiago eta elkarbizitza gehiago behar du. Eta hori ez da lortzen ateak itxiz”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!