Prentsa Aretoa
Berriak
2026/06/29
Galdakaoko EAJ-PNVk ez du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua Udalaren esku uzteko proposamena babestu, ez baititu arreta hobea, lan segurtasuna eta jasangarritasun ekonomikoa bermatzen
Jeltzaleek ELZ hobetzeko beharra ikusten dute, baina ohartarazi dute gobernu-taldeak bultzatutako prozesuak ez diela behar besteko bermerik eskaintzen ez erabiltzaileei, ez langileei ezta Udal finantzei ere.
Galdakaoko Udal osoko bilkuran, EAJ-PNVk aurka bozkatu du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) Udalaren esku uzteko gobernu-taldeak aurkeztu duen proposamena. Jeltzaleen ustez, horrelako erabaki estrategiko bat ezin da hartu bermatu gabe erabiltzaileek gaur egungoa bezain ona edo hobea izango den arreta jasoko dutela, langileek beren etorkizun laboralaren inguruko ziurtasuna izango dutela eta Udalak kostu ekonomikoa gainontzeko zerbitzu publikoak arriskuan jarri gabe bere gain hartu ahal izango duela.
EAJ-PNVren iritziz, gaur-gaurkoz berme horiek ez daude. Eta hori ez du alderdiak bakarrik esaten: Udaleko kontu-hartzailearen kontrako txostenak eta idazkari nagusiaren memoria juridikoak ere eredu-aldaketak ekar ditzakeen arrisku ekonomiko, administratibo eta antolakuntzazko garrantzitsuak azpimarratzen dituzte.
Jeltzaleek argi utzi nahi izan dute guztiz partekatzen dutela ELZ duintzeko helburua, erabiltzaileei eskaintzen zaien arreta hobetzea eta langileek egunero egiten duten ezinbesteko lana aitortzea. “Eztabaida ez da zerbitzua hobetu behar den ala ez; horretan guztiok gatoz bat. Gakoa da hobekuntza hori arduraz eta berme guztiekin egitea”, adierazi dute.
EAJ-PNVren ustez, gobernu-taldeak albiste on gisa aurkeztu du zerbitzua Udalaren esku uztea, baina oraindik ez die funtsezko zenbait galderari erantzuna eman; hala nola, zelan bermatu zerbitzuaren jarraikortasuna eta kalitatea, nola ziurtatu langileen egonkortasuna eta zein izango da erabaki horrek Udalaren ekonomian izango lukeen eragina.
Era berean, alderdi jeltzaleak kezka agertu du langileen artean sortu diren itxaropenengatik. Hauen iritziz, langileei egoera baikorregia helarazi zaie, prozesuak dituen muga juridikoak, administrazio zailtasunak eta benetako arriskuak gardentasunez azaldu gabe.
EAJ-PNVk lankidetza publiko-sozialean eta zeharkako kudeaketa arduratsuan oinarritutako eredua babesten du, Udalaren kontrol eta jarraipen zorrotzarekin,
betiere. Alderdi jeltzalearen esanetan, zeharkako kudeaketak ez du berez zerbitzu okerragoa esan nahi, eta edozein eredu-aldaketak aurrez frogatu behar du erabiltzaileei arreta hobea eskainiko diela, bereziki mendekotasun-egoerak, Alzheimerra edo bestelako dementziak artatzeko espezializazio handia eskatzen duen zerbitzu batean.
“Benetako sentsibilitate soziala ez da Udal osoko bilkura batean titular deigarri bat onartzea; benetako konpromisoa da zerbitzuak gaur, bihar eta hemendik hamar urtera ere behar bezala funtzionatuko duela bermatzea” adierazi dute EAJ-PNVtik. Hauen ustez, proposamen hau kudeaketa-premia objektibo bati baino gehiago erabaki politiko bati erantzuten dio.
Aurkako botoa eman arren, EAJ-PNVk adierazi du akordioak lortzeko prest dagoela, eta gobernu-taldeari espedientea mahai gainean uztea proposatu dio, erabiltzaileentzako arreta onena, langileen segurtasuna eta Udalaren jasangarritasun ekonomikoa aldi berean bermatuko dituen irtenbide adostu bat bilatzeko.
Nabarmenak...
BILBO
2026/07/03
SOPUERTA
2026/07/02
ZALDIBAR
2026/07/01
LOIU
2026/06/30
ABANTO-ZIERBENA
2026/06/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












