Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/29

Arteako EAJ-PNVk egintzez beteriko agintaldia aldarrikatu du, udalerriaren etorkizunerako inbertsio estrategikoekin

Alderdi jeltzaleak nabarmendu du legealdia amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean herritarrekin hartutako konpromiso gehienak beteta edo gauzatzeko fase aurreratuan daudela.

Ezagutzera eman
Arteako EAJ-PNVk egintzez beteriko agintaldia aldarrikatu du, udalerriaren etorkizunerako inbertsio estrategikoekin

ARGAZKIA JAITSI

Arteako EAJ-PNVk balorazio positiboa egin du egungo agintaldiaren inguruan, eta azken hiru urteetan Gobernu taldeak egindako lana nabarmendu du. Alderdi jeltzalearen ustez, udalerriak aurrerapen handiak egin ditu azpiegituren, kulturaren, jasangarritasunaren, digitalizazioaren eta zerbitzu publikoen arloetan, plangintzan eta Artea hobetzeko aukerak bilatzean oinarritutako kudeaketari esker.

Arteako EAJ-PNVk azpimarratu du 2023ko hauteskunde-programan jasotako konpromisoen zati handi bat dagoeneko errealitate bihurtu dela edo gauzatze-fase oso aurreratuan dagoela.

“Legealdia amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean, esan dezakegu herritarrekin hartutako konpromiso gehienak beteta edo bideratuta daudela. Gure auzokideen egunerokoa hobetzeko lan egin dugu, baina baita etorkizuneko Artearen oinarriak ezartzeko ere”, adierazi dute jeltzaleek.

Agintaldiko proiektu garrantzitsuenetako bat Ailara Musiktoparen obren amaiera izan da. Ia hiru milioi euroko inbertsioko jarduketa horri esker, musika eskola, jarduera eta ekitaldietarako espazio berriak eta taberna zerbitzua hartuko dituen ekipamendua izango du udalerriak.

Era berean, Gobernu talde jeltzaleak hobekuntza ugari bultzatu ditu udalerriko auzo eta bideetan. Horien artean daude Mendieta, Kalleja eta Biteriko asfaltatze-lanak, Kukutze eta Murgako mantentze-lanak, eta sarbideetan zein tokiko bide-sarean egindako hobekuntzak.

Mugikortasunaren eta zerbitzuen arloan ere inbertsio berriak egin dira. Laster aparkaleku berri bat irekiko da Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearekin lankidetzan, bizikletentzako aparkaleku berriak instalatu dira udalerriko hainbat gunetan, eta Bizkaibuseko eskualde mailako loturak indartzeko alegazioak aurkeztu dira.

Jasangarritasuna izan da legealdiko beste ardatz nagusietako bat. Kale eta espazio publikoetako argiteria LED teknologiara aldatzeak udalaren energia-kontsumoa nabarmen murriztea ahalbidetu du. Horri gehitu behar zaizkio Udaletxean, Kultur Etxean, Gaztelekuan eta frontoian instalatutako eguzki-plakak, aurrezpen ekonomikoa eta ingurumen-inpaktuaren murrizketa uztartuz.

“Urte hauetan egindako inbertsioek udal zerbitzuak hobetzeaz gain, aurrezkia ere sortzen dute, eta horrek udalerriarentzat hobekuntza berrietara baliabide gehiago bideratzeko aukera emango du”, azpimarratu dute.

Administrazio arloan, EAJ-PNVk udal dokumentazioa eta artxiboa digitalizatzeko egindako aurrerapena nabarmendu du. Lan horrek barne-kudeaketa modernizatzea eta informaziorako sarbidea erraztea ahalbidetuko du. Era berean, udal webgunearen berritze-prozesuak aurrera darrai, herritarrei zerbitzu irisgarriago eta hurbilagoa eskaintzeko.

Amaierako txanpan dagoen beste proiektu estrategikoetako bat Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) izapidetzea da. Hasierako onarpena laster egitea aurreikusten da, eta plan horrek udalerriaren etorkizuneko garapena markatuko du.

Hezkuntza arloan, alderdi jeltzaleak Arteako eskola publikoan egindako hobekuntzak nabarmendu ditu. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, azken urteetan 120.000 eurotik gorako inbertsioa izan duten hainbat jarduketa eta handitze-lan gauzatu dira. Halaber, Kultur Etxeko areto nagusia hobetu da eta udal gimnasioaren makinak berritu dira.

Legealdi honek ondare naturala eta jasangarritasuna sustatzeko jarduketak ere izan ditu. Udal mendietan baso-kudeaketa jasangarriko lanak egin dira, bertako espezieak sustatuz eta lan horietatik ateratako egurra herritarren artean banatzea ahalbidetuz.

“Jarduketa guztiek udal kudeaketa ulertzeko modu berari erantzuten diote: zerbitzuak hobetzea, finantzaketa-aukerak aprobetxatzea eta Artea etorkizuneko erronketarako prestatzea”, nabarmendu dute EAJ-PNVtik.

Legealdiaren azken urteari begira, jeltzaleek ziurtatu dute martxan dauden proiektuak amaitzeko, HAPOaren onarpenean aurrera egiteko eta udal azpiegiturak, zerbitzu publikoak eta Arteako herritarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko lanean arituko direla.

“Urte hauetan egindako lanari esker, agintaldiaren azken txanpari gogobetetasunez ekin diezaiokegu, baina baita ilusioz eta anbizioz ere, guztiontzat Artea hobea eraikitzen jarraitzeko”, ondorioztatu dute EAJ-PNVtik.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!