Prentsa Aretoa
Berriak
2026/07/16
EAJ-PNVk udal gobernuaren inprobisazioa eta surf jardueren lizitazioan sortutako segurtasun juridikorik eza kritikatu ditu
Alderdi jeltzaleak salatu du Udalak 2030era arte indarrean egon den hitzarmen bati lotutako lokal bat sartu duela lehiaketan, eta deitoratu du enpresa eta entitate lokalek auzitara jo behar izan dutela.
Sopelako Udalak abian jarritako surf jarduerei lotutako lokal eta lizentzien lizitazioaren aurrean, tokiko enpresek eta Peñatxuri Klubak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu behar izan dute, prozesuak irregulartasunak zituela iritzita, besteak beste, 2030 era arte Udalaren eta Peñatxuri klubaren artean indarrean zegoen hitzarmen bati lotutako lokal bat lehiaketan sartzea.
Egoera horren aurrean, Sopelako EAJ-PNVk salatu du EH Bildu eta Podemosen gobernu taldearen inprobisazioa eta prozesu osoan sortutako segurtasun juridikorik eza; horrek udalerrian ibilbide luzea duten erakundeei zein hondartzetako jarduerari lotutako tokiko enpresei eragin die.
EAJ-PNVk gogorarazi du azken hilabeteetan gobernu taldea ohartarazi zuela lizitazio honen izapidetzeak zituen atzerapenez, informazio faltaz eta sortzen ari zen arazoez. Era berean, defendatu zuen etorkizuneko esleipena kalitate, errotze eta udalerriari egindako ekarpen irizpideetan oinarritu behar zela, eta ez zela enkante ekonomiko huts bihurtu behar.
“Gertatutakoak erakusten du prozedura hasieratik amaierara arte modu desegokian kudeatu dela. Ezin zaie ziurgabetasun hori sortu enpresei, klubei eta langileei udako denboraldiaren hasieran bertan”, adierazi dute alderdi jeltzaletik.
EAJ-PNVk bereziki larritzat jotzen du tokiko enpresek eta Peñatxuri Klubak administrazioarekiko auzibidera jo behar izan izana beren interesak defendatzeko.
Jeltzaleek kezka agertu dute, halaber, kudeaketa honek surfarekin eta hondartzako zerbitzuekin lotutako enpresetan izaten ari den eraginagatik. Urteko garairik garrantzitsuenetako batean enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen duten tokiko negozioak dira, eta ziurgabetasunak denboraldia planifikatzea zailtzen du, sektore osoari kalte egiten dion inprobisazio irudia zabalduz.
EAJ-PNVren iritziz, gertakari hau Sopelako kostaldeari gaur egun eragiten dioten beste arazo batzuen zerrendara gehitzen da, eta agerian uzten du ez dagoela estrategia argirik udalerriko kirol, turismo eta ekonomia-aktibo nagusietako bat kudeatzeko.
EAJ-PNVk uste du azken asteetan bizitako egoerek agerian uzten dutela beharrezkoa dela eragileekin aldez aurretik elkarrizketa indartzea eta hasieratik prozedura gardenak eta juridikoki sendoak bermatzea. Alderdiak gogorarazi du surfarekin lotutako jarduerak Sopelaren nortasunaren parte direla eta udalerriarentzat kirol, gizarte eta ekonomia arloko motor garrantzitsua direla.
EAJ-PNVk lanean jarraituko du etorkizuneko edozein prozesu gardentasunez, plangintzaz eta inplikatutako eragileekin elkarrizketan garatu dadin, segurtasun juridikoa bermatuz eta gure hondartzei lotutako elkarte-sarea zein jarduera ekonomikoa babestuz.
Nabarmenak...
SOPUERTA
2026/07/16
BERRIA
2026/07/16
TRAPAGARAN
2026/07/15
LEZAMA
2026/07/15
ONDARROA
2026/07/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












