Prentsa Aretoa
Berriak
2026/07/16
Sopuertako EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk alde bakarretik hartutako erabaki baten bidez udal-aguazilaren figura kendu duela
Alderdi jeltzaleak kritikatu du gobernu taldeak osoko bilkuran bertan jakinarazi zuela LPZren aldaketa, gai zerrendan sartu gabe eta eztabaida politikorako aukerarik eman gabe.
Sopuertako EAJ-PNVk salatu du EH Bilduko gobernu taldeak udal-aguazilaren erretiroa baliatuko duela figura hori kentzeko eta plaza hori udal-brigadan sendotzeko. Lanpostuen Zerrendaren (LPZ) aldaketa hori osoko bilkurara eraman zuten kontu-emate baten bidez, eta, gainera, ez zen aurretik gai-zerrendan agertu.
Alderdi jeltzalearen ustez, oso larria da horrelako erabaki bat hartzea aldez aurretik informaziorik eman gabe eta gainerako udal-taldeei eztabaida politikorako aukerarik eman gabe; batez ere, Udalaren antolaketari eta funtzionamenduari eragiten dionean. Osoko bilkuran, gobernu-taldeak berak aitortu zuen erabakia bilkura baino ordu batzuk lehenago planteatu zuela, eta ez zuela beharrezkotzat jo oposizioari aldez aurretik jakinaraztea.
Hori dela eta, EAJ-PNVk azpimarratu du eztabaida ez dagoela udal brigada indartzeko beharrean, gai horren inguruan adostasuna baitago, baizik eta gobernu taldearen jarduteko moduan eta udal egiturako figura tradizional bat desagertzean, garrantzi horretako erabaki batek merezi duen azterketa eta hausnarketarik gabe.
Parkeari buruzko irizpide aldaketa
Horrez gain, alderdi jeltzaleak EH Bilduk Santanako parkearen inguruan erakutsitako koherentzia-falta kritikatu du. Izan ere, osoko bilkuran, gobernu-taldeak aurreko legealdian emandako aurkako botoa zuritu nahi izan zuen, nahasmen baten ondorioz bozkarazi zutela adieraziz. Gainera, osoko bilkura hasi baino pixka bat lehenago arte ez zirela proiektuaren edukiaz erabat jabetu ziurtatu zuten
EAJ-PNVren ustez, deigarria da gaur egun beren botoa informazio-falta argudiatuz zuritzen dutenek, orain, udalerrirako garrantzitsuak diren erabakiak aldez aurretik gainerako udal-taldeei helarazi gabe hartzea. "Ez dirudi koherentea oposizioan zaudenean modu batzuk kritikatzea eta gobernuan zaudenean berdin-berdin jokatzea", adierazi dute jeltzaleek.
EAJ-PNVren ustez, udal-kudeaketak gardentasuna, aurreikuspena eta errespetu instituzionala eskatzen ditu; bereziki, Udalaren egiturari eta, azken batean, Sopuertako herritarrei ematen zaizkien zerbitzuei eragiten dieten erabakiak direnean.
Nabarmenak...
PORTUGALETE
2026/07/16
BERRIA
2026/07/16
BERRIA
2026/07/16
TRAPAGARAN
2026/07/15
LEZAMA
2026/07/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












