Prentsa Aretoa

Berriak

2026/07/16

Portugaleteko EAJ-PNVk herritarren segurtasuna indartzeko neurriak proposatu ditu, eta lankidetzarako prestutasuna berretsi du

Udan izaten diren lapurreten gorakadaren aurrean prebentzioan eta hurbiltasunean oinarritutako ekimenak planteatu ditu, herritarren kezkak entzun, konponbideak proposatu eta politika erabilgarria egiteko duen konpromisoa berretsiz.

Ezagutzera eman
Portugaleteko EAJ-PNVk herritarren segurtasuna indartzeko neurriak proposatu ditu, eta lankidetzarako prestutasuna berretsi du

ARGAZKIA JAITSI

Portugaleteko EAJ-PNVren Udal Taldeak, uztailaren 14an ospatutako ezohiko bilkuran, hainbat proposamen egin zituen udako hilabeteetan herritarren segurtasuna indartzeko. Izan ere, garai horretan, kaleetako jarduerak, oporrak eta ospakizunak ugaritu egiten direnez, ebasketak eta lapurretak ere ugaritu egiten dira.

Ekimen hau azken asteotan auzotarrek helarazitako kezketan eta hedabideetan ezagutzera eman diren gertakarietan oinarritzen da. EAJ-PNVren ustez, udal ordezkarien egitekoa da herritarren eguneroko errealitateari adi egotea, arazoei aurrea hartzea eta konponbide zehatzak proposatzea.

"Gure lana herritarrak entzutea, haien kezkak identifikatzea eta proposamenekin erantzutea da. Hori da guk ulertzen dugun politika egiteko modua: hurbila, arduratsua eta pertsonen ongizatea helburu duena", adierazi du Gorka Kerejazu bozeramaile jeltzaleak.

EAJ-PNVk aurkeztutako neurrien artean daude Udaltzaingoaren oinezko patruilak indartzea, auzoetan arreta emango duen bulego mugikorra martxan jartzea, adinekoei zuzendutako prebentzio-hitzaldiak antolatzea eta Udalbatzak onartutako Segurtasun Foroa abian jartzea. Foro horrek herritarren iritziak jasotzea, kezkei erantzutea eta administrazioen nahiz gizarte-eragileen arteko koordinazioa sustatzea ahalbidetuko luke.

Jeltzaleen iritziz, herritarren segurtasuna ikuspegi zabal batetik landu behar da, prebentzioa, gertutasuna eta erakundeen arteko lankidetza funtsezko tresnak baitira.

"Segurtasunaz hitz egiten dugunean ez dugu alarma sortu nahi, lasaitasuna erantzukizunetik transmititzea baizik. Gure ustez, erakundeek arazoak larriagotu baino lehen jardun behar dute, eta hori beti herritarren eskutik egin behar da", gaineratu du Kerejazuk.

Udal Talde jeltzaleak berriro adierazi du prest dagoela gobernu-taldearekin eta gainerako erakunde eskudunekin lankidetzan aritzeko, Portugalete hiri seguru, kohesionatu eta bizi-kalitate onekoa izaten lagunduko duten ekimen guztiak aurrera ateratzeko.

"Gure lehentasuna beti izango da Portugaleteko herritarren ongizatea. Horregatik, adi egongo gara, entzuten jarraituko dugu, proposamenak egingo ditugu eta guztion onerako irtenbideak eraikitzen lagunduko dugu”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!