Prentsa Aretoa
Berriak
2026/07/17
EAJ-PNVren kudeaketari esker, Arteak inbertsioak egin, konpromisoak bete eta kontu garbiak ditu
Kontuhartzailetza-txostenak Udalaren finantza-jasangarritasuna bermatzeaz gain, alderdi jeltzaleak bideratutako kudeaketa ekonomikoaren sendotasuna egiaztatu du.
EAJ-PNVk Arteako Udalean egindako kudeaketa ekonomikoak udal-txosten teknikoen babesa jaso du berriro. Udaleko Idazkaritza-Kontuhartzailetzak 2025eko ekitaldian diruzaintzako gerakinaren bidez finantzatutako aurrekontu-aldaketei buruz egindako txostenak ondorioztatzen duenez, Udalak bultzatutako jarduerek eta inbertsioek ez dute inola ere arriskuan jartzen erakundearen finantza-jasangarritasuna, ez epe laburrean, ez epe luzean.
Aurrekontu-egonkortasunari buruzko foru-araudia betez idatzitako dokumentu horrek egiaztatzen du Arteak egoera ekonomiko bereziki sendoa duela. Udalerriak zero zor du, hornitzaileei ordaintzeko epeak betetzen ditu eta egungo konpromisoei zein etorkizuneko beharrei erantzuteko gaitasun nahikoa du. Gainera, Udalak gastu orokorretarako 182.040,65 euroko diruzaintza-gerakinarekin eta 201.250,66 euroko aurrezki garbi positiboarekin itxi zuen 2024ko ekitaldia. Zifra horiei esker, jarduera berriak finantzatu ahal izan dira udal-oreka ekonomikoa arriskuan jarri gabe.
Udalak gerakinetik 88.000 euro baino gehiago bideratu zituen 2025ean hainbat inbertsio eta jardueratara; hala ere, 132.000 eurotik gorako soberakina mantendu zuen, zorpetu gabe. Kontuhartzailetzaren txostenak berak berariaz ondorioztatzen du gastu horiek jasangarriak direla eta ez dutela etorkizunerako karga ekonomiko berririk sortzen. Egoera horri esker, udalerrian hobekuntzak bultzatzen jarraitu ahal izango dira, egonkortasuna eta finantza-kaudimena bermatuta.
EAJ-PNVk azpimarratu du datu horiek gobernatzeko modu baten erakusgarri direla, baliabide publikoen kudeaketa zorroztasunean, plangintzan eta erantzukizunean oinarritu baita. Alderdi jeltzaleak aldarrikatu du Udalaren egoera ekonomiko ona ez dela kasualitatea, azken urteetako lanaren ondorio baizik; lan horri esker, inbertsioak eta zerbitzuen hobekuntza kontu garbiekin zein kudeaketa zuhur batekin uztartu dira.
"Baliabideak besterik gabe metatzea ez da inoiz gure helburua izan, horiek udalerriaren eta herritarren zerbitzura jartzea baizik; izan ere, kudeaketa ona hitzartutako proiektuak betetzean, sortzen diren beharrei erantzutean eta hori guztia zorrik sortu gabe zein hurrengo belaunaldiei arazoak utzi gabe egitean datza", nabarmendu du EAJ-PNVk.
Alderdi jeltzalearen ustez, txostenak argi uzten du berriro ere posible dela proiektuak aurrera eramatea, azpiegiturak hobetzea eta udal-zerbitzuak indartzea, Udalaren egonkortasun ekonomikoari eutsiz. Kudeaketa-eredu hori zorroztasunean, gardentasunean eta Artearekiko konpromisoan oinarritzen da, eta, ziurtatu dutenez, gobernu-taldearen jardunaren gidari izango da hurrengo urteetan ere.
Nabarmenak...
ELORRIO
2026/07/17
PORTUGALETE
2026/07/16
SOPUERTA
2026/07/16
BERRIA
2026/07/16
BERRIA
2026/07/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












