Prentsa Aretoa

Berriak

2026/07/17

EAJ-PNVk omenaldia egin dio Lekeition Jose Ordorikaren familiari, XX. mendeko lekeitiar jeltzale handienetako baten ondarea aldarrikatuz horrela

Batzokian egindako ekitaldi hunkigarrian, EAJ-PNVren Lekeitioko Uri Buru Batzarreko presidente izandakoari eta Vita ontziko kapitainari aitortza egin diote, Euzkadi, demokrazia eta askatasunaren alde erakutsitako konpromisoagatik.

Ezagutzera eman
EAJ-PNVk omenaldia egin dio Lekeition Jose Ordorikaren familiari, XX. mendeko lekeitiar jeltzale handienetako baten ondarea aldarrikatuz horrela

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk omenaldia egin dio gaur arratsaldean Lekeitioko euskal abertzaletasunaren erreferente historikoetako bat den Jose Ordorika Asuaren familiari. Batzokian egindako ekitaldi baten bidez, alderdi jeltzaleak haren ibilbide politikoa, gizatiarra eta profesionala aitortu ditu, bai eta gure historiako unerik zailenetako batean Euzkadi, demokrazia eta askatasuna defendatu zituztenen oroimena bizirik mantendu ere.

Jose Ordorika EAJ-PNVko militante nabarmena, 1931ko Udal hauteskundeen ondoren Lekeitioko Uri Buru Batzarreko presidentea eta Euzko Langile Alkartasunako (ELA) kide izan zen. Lanbidez marinela zen, Gerra Zibila hasi zenean Neptuno merkataritza-ontziko kapitaina izan zen eta bera izan zen Atlantikoa zeharkatuko zuen ontzi batean, lehen aldiz, ikurrina jarri zuena; gure herriarentzat sinbolismo handiko keinua izan zen hura. Geroago, Vita ontziaren kapitain izateko ardura hartu zuen. Ontzi hark Mexikora eraman zituen erbeste errepublikarrari eusteko eta Espainiar Estatutik kanpo zegoen erakundearen jarraipena bermatzeko ondasunak.

Omenaldian, EAJ-PNVk balioa eman nahi izan dio Ordorikak Vita ontziko kapitain gisa izan zuen zeregin historikoari, bai eta euskal abertzaletasunarekin eta Lekeitiorekin izan zuen lotura estuari ere. Bere konpromiso politikoak, balio jeltzaleekiko leialtasunak eta herriaren alde egindako zerbitzuak erreferentziazko pertsona bihurtu zuten, eta haren oroimena harrotasun-iturri izaten jarraitzen du gaur egungo belaunaldientzat.

"Jose Ordorikak gure historiaren onena ordezkatzen du: Euzkadirekiko konpromisoa, egoerarik zailenetan ere demokraziaren aldeko defentsa eta inoiz baztertu ez zituen printzipioekiko leialtasuna. EAJ-PNVrentzat ohorea da gaur haren familiari aitortza egitea eta urte hauetan guztietan bere ondarea bizirik mantentzeagatik eskerrak ematea”.

Alderdi jeltzaleak nabarmendu du Jose Ordorika bezalako pertsonen memoria zaintzea guztion erantzukizuna dela; izan ere, haien ahalegina eta sakrifizioa ulertzeko aukera ematen du, euskal erakundeak defendatu eta erbestetik etorkizun hobe baten itxaropena bizirik mantendu baitzituzten. Ildo horretan, azpimarratu du Batzokian egindako omenaldia justizia eta aitortza ekitaldia dela, EAJ-PNVren eta Lekeitioren historiari estu lotutako familia bati eskainia.

Ekitaldi honen bidez, EAJ-PNVk berriro adierazi nahi izan du memoria demokratikoarekiko duen konpromisoa, baita Jose Ordorikak eta haren

belaunaldiko emakume eta gizonek ordezkatu zituzten balioak belaunaldi berriei transmititzeko borondatea ere: herriarekiko konpromisoa, askatasunaren defentsa eta Euzkadiri zerbitzua, erantzukizunez eta duintasunez. Alderdiarekiko eta gure herriarekiko leialtasunez eraikitako bere ibilbidea Lekeitioko ondare kolektiboaren parte da, eta belaunaldi berriek ezagutu eta aitortu beharreko legatua da.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!