Prentsa Aretoa

Berriak

2026/07/20

Busturiako EAJ-PNVk Aitor Aretxaga berronetsiko du 2027ko udal hauteskundetarako alkatehautagai

Egungo alkateak helburu argi batekin helduko dio erronka berriari: elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kudeaketa hurbilaren eredua bultzatzen jarraitzea.

Ezagutzera eman
Busturiako EAJ-PNVk Aitor Aretxaga berronetsiko du 2027ko udal hauteskundetarako alkatehautagai

ARGAZKIA JAITSI

Busturiako EAJ-PNVren Udal Batzarrak Aitor Aretxaga Telletxea izendatu du Busturiako Alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeei begira.

Aretxagak 55 urte ditu, ezkondua da eta bi alaba ditu. Maier kooperatibako bazkidea da eta hauteskunde-zerrenda berri baten buru izango da orain, Udalaren gidaritzan hiru agintaldi bete ondoren. Alkate gisa egindako bidea kudeaketa hurbilak eta herri-politika ulertzeko modu berezi batek ezaugarritu dute, betiere entzutean, elkarrizketan eta adostasuna bilatzean oinarrituta.

Tokiko politikan esperientzia zabala du Aretxagak: lehenik EAJ-PNVren udal-alderdian aritu zen, eta 2015etik alkate gisa. Urte hauetan guztietan, udalerriko auzo guztietako zerbitzu publikoak, bizi-kalitatea eta garapen orekatua hobetzeko ekimenak bultzatu ditu, betiere gobernantza gardena, parte-hartzailea eta herritarren beharretatik hurbila izateko konpromisoa hartuta.

Busturiaren memoria eta nortasuna ardatz

Urte hauetan guztietan, Aretxagak herriko memoria historikoa berreskuratzeko eta balioan jartzeko apustu irmoa egin du, Busturia arlo horretan erreferente bihurtzeraino. Haren gidaritzapean sortu ziren Memoria Historikoaren lehen Zinegotzigoa eta Memoria Historikoaren Batzordea, eta Eusko Ikaskuntzako zein Euskal Herriko Unibertsitateko historialariekin elkarlanean egindako ikerketa-lanak bultzatu izan ditu. Konpromiso horren fruitu dira, besteak beste, "Busturia Gogoan. Lekukoa eta Memoria" egitasmoa, Gerra Zibilean udalerrian fusilatutako pertsonen oroimena argitara ematea edota Busturia eta Txekiar Errepublikako Hradistko herriaren arteko senidetzea.

Datozen urteei begira, Aretxagak helburu argi batekin helduko dio erronka berri honi: Busturia jasangarri, kohesionatu eta aukeraz betea eraikitzen jarraitzea. Lehentasunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: udal-zerbitzuak indartzea, natura-ingurunea eta ondarea babestea, eta elkarte-sareari zein lehen sektoreari laguntzea. Era berean, euskara eta berdintasuna sustatzen jarraitzeko konpromiso sendoa agertu du, herriarentzat estrategikoak diren bi esparru; izan ere, plan espezifikoei eta berezko teknikariak izateko apustuari esker, Busturia aitzindaria izan da arlo horretan azken urteotan, udalerri txikia izan arren.

Aretxagaren hautagaitzak kudeaketa-esperientzia, herriaren ezagutza sakona eta Busturiak azken urteetan eraikitako herri-ereduarekiko konpromiso sendoa uztartzen ditu, betiere oreka, jasangarritasuna, euskararen sustapena, berdintasuna eta herritarren bizi-kalitatea etengabe hobetzea ardatz izanda.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!