Prentsa Aretoa
Berriak
2026/07/29
Ondarroako EAJ-PNVk Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra hobetzeko alegazioak aurkeztu ditu, herriko elkarteen jarduera indartzeko helburuarekin
Behin-behineko onarpenaren ondoren irekitako jendaurreko epean aurkeztutako alegazioen bidez, alderdi jeltzaleak herriko elkarteei segurtasun handiagoa emango dien eta azken urteetako arazoak berriro ez gertatzea ahalbidetuko duen araudi argiago, arinago eta berme handiagokoa proposatzen du.
Ondarroako EAJ-PNVk Udalaren Dirulaguntzen Ordenantza Orokorrari alegazioak aurkeztu dizkio. Helburua argia da: testua hobetzea, segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea, izapideak erraztea eta herriko elkarte eta eragileen lana babestuko duen araudia osatzea.
EAJ-PNVren udal taldeak azaldu duenez, asmoa ez da kritika hutsa egitea, baizik eta Ondarroaren beharretara egokitutako dirulaguntzen ordenantza erabilgarri eta sendoa eraikitzen laguntzea. "Oposizio gisa dugun erantzukizuna ez da arazoak adieraztera mugatzen; gure ardura ere bada herritarren mesederako izango diren proposamenak egitea”, adierazi dute.
Aurkeztutako bost proposamenen helburua da udal-dirulaguntzak eskuratzea erraztea, beharrezkoak ez diren administrazio-kargak murriztea eta argitasun handiagoa eskaintzea, bai elkarteentzat, bai Udalarentzat berarentzat. Era berean, alegazioek jarduerari eusteko gurasoek eta bazkideek egiten dituzten ekarpen ekonomikoak babestu nahi dituzte, indarrean proposatutako ordenantzak ez baititu behar bezala aintzat hartzen.
Horrez gain, salbuespenezko egoerei erantzun eraginkorragoa emateko mekanismoak jasotzen dituzte alegazioek, administrazio-atzerapenek tokiko elkarteei berriro kalterik ez eragiteko. Ildo horretan, proposatzen da dagokion ekitaldia amaitu ondoren izapidetzen diren dirulaguntzen kasuan —2023ko, 2024ko eta 2025eko deialdietan gertatu den bezala—, elkarteek eskabidea eta justifikazioa espediente bakar baten bidez aurkeztu ahal izatea. Azkenik, dirulaguntzen eskabideak aurrez aurre aurkezteko aukera berreskuratzea ere proposatzen da.
EAJ-PNVk gogorarazi du herriko elkarte-sarea Ondarroaren indargune nagusietako bat dela eta administrazio hurbila, eraginkorra eta laguntzailea behar duela. “Kultura, kirola, euskara edo gizarte arloan lanean ari diren elkarteek ezinbesteko ekarpena egiten diote herriari. Erakundeen egitekoa da haien lana erraztea, ez oztopo berriak jartzea”.
Alderdi jeltzalearen ustez, ordenantza on batek egonkortasuna eta segurtasuna eskaini behar ditu, baina baita azken urteetako esperientzietatik ikasi ere, etorkizunean arazo berak berriro ez gertatzeko. Horregatik, aurkeztutako alegazioek etorkizunari begirako hobekuntzak proposatzen dituzte, segurtasun juridikoa eta udal kudeaketaren eraginkortasuna indartzeko.
Orain, EAJ-PNVk espero du udal gobernuak ekarpen horiek jarrera eraikitzailez aztertzea eta behin betiko testuan txertatzea. “Gure proposamen guztiek helburu bera dute: Ondarroa hobetzea eta herritarren mesedetan lan egitea. Hori izan da beti gure egiteko modua, eta hala izaten jarraituko du: arduraz, zorroztasunez eta herriaren interes orokorra lehenetsiz”.
Nabarmenak...
PORTUGALETE
2026/07/29
GATIKA
2026/07/22
GAUTEGIZ ARTEAGA
2026/07/21
BUSTURIA
2026/07/20
PORTUGALETE
2026/07/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
EBB
2025/03/29
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












