Prentsa Aretoa
Berriak
2026/07/31
EH Bilduk bizirauteko aurrekontu bat oparitu dio PSE-EEri azterketa eta paperetan oinarritutako114.000 euroren truke, eta Trapagaran igerileku berririk gabe, Olaso Jauregirik gabe eta polizia gehiagorik gabe geratu da
PSE-EEk eta EH Bilduk EAJ-PNVren zuzenketa guztiak atzera bota zituzten atzoko osoko bilkuran, banan-banan: 1,17 milioi euro inbertsioetan eta zerbitzuen errefortzuan, oso-osorik finantzatuta. EAJ-PNV abstenitu egin zen Trapagaranek 2022tik espero zituen kontuak ez blokeatzeko arduragatik.
Trapagarango Udalak atzo onartu zituen 2026ko udal aurrekontuak, legegintzaldi honetako lehenengoak, lau ekitaldiz aurrekontuak luzatuta izan ondoren. Aurrekontuek PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoak eta EAJ-PNVren abstentzioa jaso zituzten. Bozketa egin aurretik, ordea, bi taldeek atzera bota zituzten, banan-banan, EAJ-PNVren Udal Taldeak aurkeztutako zuzenketa guztiak. Horren ondorioz, 1,17 milioi euroko inbertsioak eta zerbitzu publikoak indartzeko neurriak aurrekontuetatik kanpo geratu dira.
“Bozketa horretan udalerriak galdu dituenak izen-abizenak ditu: udal igerilekuak berritzea (600.000 euro), Olaso Jauregia birmoldatzea eta eguneratzea, bere eraginkortasun energetikoa barne (400.000 euro), Udaltzaingoaren orduak luzatzea aparteko ordu poltsa baten bidez (30.000 euro) eta gainezko egin duen Udal batean langile teknikoak sartzea, Kulturako teknikari plaza batekin eta informatikari plaza batekin (70.000 euro bakoitzeko)” adierazi dute jeltzaleek.
Trapagarango EAJ-PNVk azpimarratu du proposamen horiek ez zirela asmo hutsak. Alderdiak aurkeztutako zuzenketa guztiek finantzaketa zehatza zuten. Alde batetik, milioi bat euroko diru-sarrera berriak aurreikusten ziren, Llano Plazan oraindik saldu gabe dauden 52 garaje-partzelak eta etxebizitza pribatuen okupaziopean dauden lur publikoak besterentzetik lortuta. Bestetik, 123.000 euro aurreikusten ziren beharrezkoak ez diren gastuak murriztuta: 20.000 euro argitalpen, publizitate eta propagandan; 40.000 euro gastu juridikoetan; eta 63.000 euro bestelako gastuetan. Hau da, “propaganda gutxiago eta igerileku gehiago”. PSE-EEk eta EH Bilduk, ordea, ezezkoa eman zioten.
Bereziki deigarria da Llano Plazako aparkaleku-partzelak saltzeko proposamena ere baztertu izana. Trapagarango herritarrek urteak daramatzate eskaera hori Udalari helarazten, eta EAJ-PNVk behin eta berriz defendatu du osoko bilkuretan. “Atzo bazegoen mahai gainean auzia behingoz askatzeko eta herriarentzako inbertsioak finantzatzeko aukera zehatz bat. PSE-EEk eta EH Bilduk hori ere baztertu zuten“, salatu dute.
“Gaur ez du EAJ-PNVk galdu; gaur Trapagaranek galdu du. Herri honek beste urte batez jarraituko du merezi dituen udal igerilekurik gabe, Olaso Jauregia berritu gabe, herritarrek eskatzen duten Udaltzaingoaren presentzia indartu gabe eta auzokideei behar bezala erantzuteko nahikoa langilerik ez duen Udal batekin. Eta hori ez da gertatu dirurik ez zegoelako; PSE-EEk eta EH Bilduk eskua altxatu dutelako baizik, ezezkoa emateko“, adierazi dute Trapagarango EAJ-PNVren Udal Taldetik.
114.000 euro: obra bakar bat ere ez, metro karratu bakar bat ere ez
EH Bilduk PSE-EEren aurrekontuei emandako babesa oso ordain txikiaren truke izan da. Koalizioak, azkenean, aldeko botoa eman zuen 114.000 euroko zuzenketa-sorta baten truke. Eta komeni da zehaztea zer eskuratu duen EH Bilduk boto horren truke: 21.000 euro hiru estalkiren proiektuak idazteko —Elgueroko frontoikoa, padel pistak eta La Reinetako pista—; 50.000 euro hiru azterlan egiteko —bat kanpora esleitutako zerbitzuen udal-kudeaketari buruzkoa, beste bat ordenantza fiskalei buruzkoa eta hirugarrena udalerriaren errealitate ekonomiko eta sozialari buruzkoa—; eta 40.000 euro Kultur Etxearen eta Eskola-Bideak programaren proiektuak idazteko.
Beste modu batera esanda, EH Bilduk adostutakoaren ehuneko ehuna azterlanetara, txostenetara eta proiektuak idaztera bideratuko da. Ez da euro bakar bat ere 2026an Trapagaranen gauzatuko den obra batean islatuko. Ez da estalki bakar bat eraikiko, ez instalazio bakar bat berrituko, ezta zerbitzu bakar bat ere indartuko. Papera baino ez. Eta paper hori ordaintzeko hamar aldiz inbertsio erreal gehiago utzi da kanpoan: EH Bilduk PSE-EEri kendu dion euro bakoitzeko, Trapagaranek hamar euro baino gehiagoko inbertsio eraginkorrari uko egin dio.
“EH Bilduk bere botoa saltzea bere erantzukizuna da; hain merke saltzea, ordea, herri honenganako errespetu falta nabarmena da”, adierazi dute jeltzaleek. “Urte osoko aurrekontuak hiru azterlanen eta karpeta gutxi batzuen truke aldatu dituzte. Apurren truke entregatu dituzte udal kontuak eta, inolako hausnarketarik egin gabe, udal igerileku berrien aurka, Olaso Jauregia berritzearen aurka eta Trapagaranentzat Udaltzaingo gehiago izatearen aurka bozkatu dute. Kalean azal dezatela”.
Osoko Bilkuraren balantzea
PSE-EEk eta EH Bilduk adostutako zuzenketak
Elgueroko frontoiaren estalkiaren proiektua idaztea — 7.000 €
Padel pisten estalkiaren proiektua idaztea — 7.000 €
La Reinetako pistaren estalkiaren proiektua idaztea — 7.000 €
Kanpora esleitutako zerbitzuen udal-kudeaketari buruzko azterlana — 10.000 €
Ordenantza fiskalei buruzko azterlan integrala — 20.000 €
Udalerriaren errealitate ekonomiko eta sozialari buruzko azterlana — 20.000 €
Kultur Etxearen proiektua — 20.000 €
Eskola-Bideak programaren proiektua — 20.000 €
GUZTIRA: 114.000 € · 0 obra
PSE-EEk eta EH Bilduk baztertutako EAJ-PNVren zuzenketak
Udal igerilekuak berritzea — 600.000 €
Olaso Jauregia berritzea eta energia-eraginkortasuna hobetzea — 400.000 €
Kultura teknikaria kontratatzea — 70.000 €
Udal informatikaria kontratatzea — 70.000 €
Udaltzaingoaren aparteko orduen poltsa — 30.000 €
Plaza Llanoko 52 partzelak saltzea — 780.000 euroko diru-sarrerak
Okupatutako lur publikoak saltzea — 220.000 euroko diru-sarrerak
Publizitatean, gastu juridikoetan eta bestelako gastuetan 123.000 euroko murrizketa
GUZTIRA: 1.170.000 euro inbertsioetan eta zerbitzu publikoetan, finantzaketa proposamen zehatzekin
PSE-EEk Euskadin defendatzen duen akordio-bidearen haustura
EAJ-PNVren ustez, atzo Trapagaranen gertatutakoa udal-bozketa hutsetik harago doa.
“Trapagarango PSE-EEk bere alderdiak Euskadin defendatzen duen bidea hautsi du gaur. Nahiago izan du EH Bildurekin ituna egin igerileku berriak, Olaso Jauregi eraberritua eta polizia gehiago kalean onartu baino. Hori ez da tokiko kudeaketaren xehetasuna: erabaki politikoa da, eta bai Trapagaranen bai Trapagaranetik kannpo azaldu beharko du”, adierazi dute jeltzaleek.
Lau urteko atzerapena eta presazko izapidetzea
Atzo gertatutakoa bat dator espediente osoa izapidetu den moduarekin. Trapagaranek 2022tik zituen aurrekontuak luzatuta, eta, Aurrekontuei buruzko Foru Arauak alkateari urriaren 15a ezartzen badio ere aurrekontu-proiektua aurkezteko azken eguntzat, EAJ-PNVk hiru urtez eskatu behar izan du, osoko bilkuraz osoko bilkura eta batzordez batzorde, aurrekontuak aurkeztea.
Azkenean aurkeztu zirenean, gainera, osatu gabeko aurreproiektu baten bidez egin zen. Dokumentua maiatzaren 18ko batzordean aurkeztu zen, baina beharrezko hainbat eranskin falta zitzaizkion, edukia behar bezala aztertu ahal izateko. Batzorde haren ondoren ez zen beste lan-batzorderik deitu. Gobernu taldeak zuzenean uztailaren 23ko ezohiko batzordera eraman zituen kontuak, horiek irizpena jasotzeko, eztabaidarako edo proposamen berriak txertatzeko benetako aukerarik eman gabe. Gainera, udal taldeei ez zitzaien inoiz formalki eskatu zuzenketak aurkez zitzaten.
Presak agerian geratu ziren osoko bilkuraren goiz berean. Orduan ohartarazi zion EAJ-PNVk Udalari Aurrekontuen izapidetzean nahitaezkoa den Genero Ikuspegiaren Txostena falta zela. Alderdi jeltzaleak horren berri izan bezain laster jakinarazi zuen, prozeduraren berme juridikoak indartzeko asmoz. Deigarria da txosten hori ez aurkeztu izana, aurreko aurrekontuetan, aldiz, EAJ-PNVri nahitaez eskatu baitzitzaion dokumentu bera aurkeztea.
Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk abstentzioaren alde egitea erabaki zuen. “Abstenitu egin gara Trapagaranen interes orokorra edozein kalkulu politikoren gainetik jarri dugulako, eta herri honek ezin duelako beste urte oso bat aurrekonturik gabe igaro. Baina inork ez dezala nahasi erantzukizuna adostasunarekin: aurrekontu hauek berandu iritsi dira, azkar eta elkarrizketarik gabe izapidetu dira, eta egon zitezkeenak baino okerrago geratu dira”, ondorioztatu dute Trapagarango EAJ-PNVtik.
EAJ-PNVk iragarri du aurrekontu hauen betearazpenaren jarraipen zorrotza egingo duela, eta behin eta berriz mahai gainean jarriko dituela udal igerileku berriak, Olaso Jauregia berritzea, udal plantilla indartzea, Udaltzaingoaren lanorduak handitzea eta Llano Plazako partzelen auzia. “Proposamenak egiten jarraituko dugu. Eta bakoitzak azal dezala zergatik bozkatzen duen herriaren interesen aurka”.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/07/30
PORTUGALETE
2026/07/29
ONDARROA
2026/07/29
GATIKA
2026/07/22
GAUTEGIZ ARTEAGA
2026/07/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
EBB
2025/03/29
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












