Prentsa Aretoa
Berriak
2026/08/13
Trapagarango EAJ-PNVk Euskal Poliziaren zein eredu defendatzen duen argitu dezan eskatu dio PSE-EEri
Alderdi jeltzaleak salatu du PSE-EEk bi mozio babestu dituela, Euskal Poliziari buruzko funtsezko desberdintasunak mantentzen dituztenak: bata, EAJ-PNVk berak aurkeztutakoa eta, bestea, EH Bildurena. Jeltzaleen iritziz, ezin dira aldi berean onartu Ertzaintzaren lana defendatzen eta balioan jartzen duen mozioa eta haren zilegitasuna zalantzan jartzen duen beste bat.
Trapagarango EAJ-PNVk kezka agertu du Udal gobernuak buru duen PSE-EEk azken osoko bilkuran hartu duen jarreraren aurrean. Izan ere, sozialistek babesa eman diote jeltzaleek aurkeztutako Euskal Poliziaren aldeko mozioari. Baina, era berean, EH Bilduren mozioa ere onartu dute, “eta Euskal Poliziaren inguruko eredu desberdinak ditugu alderdi biek”, azpimarratu du EAJ-PNVk. Hala, jeltzaleek Euskal Poliziaren zein eredu defendatzen duen argitu dezan eskatu diote PSE-EEri.
Azken hilabeteetan Ertzaintzako agenteen, udaltzainen eta Euskal Polizian sartzeko oposizioak prestatzen ari diren gazteen aurka izandako mehatxu, irain eta seinalatzeak modu kategorikoan gaitzetsi ditu Sabin Etxeak. Gainera, azpimarratu ditu, modu berezian, Gernikako ertzain-etxeko agenteen etabere senideen aurka gertatutako erasoak. “Horrelako jokabideak giza eskubideen urraketa erabat antidemokratikoa dira, eta euskal gizarteak atzean utzitako garai ilunen oihartzun onartezina dira”, EAJ-PNVren aburuz.
Alderdi jeltzaleak aurkeztutako mozioak Trapagarango Udalari eskatzen dio Ertzaintzako agenteek jasandako mehatxu eta irainak irmoki gaitzesteko, eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzen dituen bizikidetza-ereduarekiko konpromisoa berresteko. Halaber, azpimarratu egiten du eredu hori posiblea dela, besteak beste, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako emakume eta gizonen lan profesionalari esker.
“EAJ-PNVren mozioa argia da: Euskal Poliziako profesionalak defendatzen ditu, baita poliziaren parte izateko prestatzen direnak ere. Horregatik, ulertezina da PSE-EEk bi mozio babestu izana, desberdintasun nabarmenak dituztenak. Trapagarango Alderdi Sozialistak koherentziaz jokatu behar du, eta argi azaldu zein eredu polizial defendatzen duen. Elkarbizitzarako eta gure herritarren segurtasunerako hain garrantzitsua den gai honetan, anbiguotasunek eta diskurtso bikoitzek ez dute lekurik”, amaitu dute EAJ-PNVtik.
Nabarmenak...
ABANTO-ZIERBENA
2026/08/11
BAKIO
2026/08/10
MURUETA
2026/08/06
ABANTO-ZIERBENA
2026/08/06
TRAPAGARAN
2026/07/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
EBB
2025/03/29
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












