Alderdi Eguna 2026

Prentsa Aretoa

Berriak

2026/09/14

Berangoko EAJ-PNVk urrats erabakigarria eman du Uribe Kostako eguneko zentroa errealitate bihurtzeko

Alderdi jeltzaleak pertsonen bizitza hobetuko duten proiektuetan aurrera egiteko lanean, konponbideen bilaketan eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako politika egiteko modua aldarrikatu du.

Ezagutzera eman
Berangoko EAJ-PNVk urrats erabakigarria eman du Uribe Kostako eguneko zentroa errealitate bihurtzeko

ARGAZKIA JAITSI

Berangoko EAJ-PNVk urratsak ematen jarraitzen du Uribe Kostak adineko pertsonentzako eguneko zentro bat izan dezan. Eskualdearentzat beharrezkoa den zerbitzua da, eta bereziki garrantzitsua gaur egun arreta mota hori jasotzeko eskualdetik kanpora joan behar duten pertsona eta familientzat.

Berangoko Udalean duen gobernu-erantzukizunetik, alderdi jeltzaleak Lipperheide etxearen lurretan 1.300 metro karratuko udal-lursail bat erabilgarri jartzea aurreikusten duen proposamena sustatu du. Aurretik egindako lanaren, aukera desberdinen azterketaren eta inplikatutako erakunde eta organismoekin izandako elkarrizketaren emaitza da alternatiba hori, konponbide bideragarri bat aurkitzeko helburuarekin.

Berangoko EAJ-PNVren ustez, proiektu honek alderdi jeltzaleak bere gobernu-erantzukizuna ulertzeko eta gauzatzeko duen modua islatzen du: ekimena, lana, elkarrizketarako gaitasuna eta aurrera egiteko irtenbideak aurkitzeko borondatea.

"Gobernatzeak erantzukizunak hartzea eta herritarren beharrei erantzuteko lan egitea esan nahi du. Alternatibak bilatzeko, solaskideak aurkitzeko eta proiektuak errealitate bihurtzeko beharrezko baldintzak sortzeko gai izan behar dugu ", adierazi du Itziar Aguinagalde Berangoko alkateak.

Ekimenak, gainera, Berangoko EAJ-PNVren lehentasun politiko nagusietako bati erantzuten dio: pertsonak zaintzea eta gizarte-kohesioa indartzea, adineko pertsonen beharrei arreta berezia eskainiz.

“Gure konpromiso irmoa da inor atzean gera ez dadin lanean jarraitzea, gehien behar dutenak babestuz eta pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten zerbitzu publikoak sustatuz”, nabarmendu du.

Era berean, proiektuak bat egiten du EAJ-PNVk espazioak eta udal-ondarea berreskuratu eta erabilera sozial, kultural edo kirol-erabilera berrien zerbitzura jartzeko egiten duen apustuarekin, baliabide publikoek herritarrentzako aukera berriak eta zerbitzu hobeak sor ditzaten.

Proiektuaren jarraipena Uribe Kostako Mankomunitatearen erantzun instituzionalaren araberakoa izango da orain. Berangoko Udala gidatzen duen EAJ-PNVk aurrera egiten, hitz egiten eta elkarlanean jarraitzeko prest dagoela adierazi du, eskualde osorako beharrezko zerbitzu bat errealitate bihurtzeko.

“Hori da gure eredua: politika erabilgarria, kudeaketa ona eta eraikitzeko borondatea. Lan egitea, konponbideak bilatzea eta ahaleginak batzea, Berangok aurrera egiten jarrai dezan eta, aldi berean, eskualde osoaren aurrerabideari lagundu diezaion”, azpimarratu du Aguinagaldek.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!