Alderdi Eguna 2026

Prentsa Aretoa

Berriak

2026/09/18

EAJ-PNVk Jon Miranda Cuéllar aukeratu du Trapagarango Alkatetzarako hautagai

Trapagarango arkitektoak belaunaldi berri bat ordezkatzen du, freskotasuna, ikuspegi berria eta udalerriko gazteen etorkizunari arreta berezia eskainiz.

Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Jon Miranda Cuéllar aukeratu du Trapagarango Alkatetzarako hautagai

ARGAZKIA JAITSI

Trapagarango EAJ-PNVk Jon Miranda Cuéllar aukeratu du udalerriko Alkatetzarako hautagai. 1994an Trapagaranen jaioa, Mirandak belaunaldi berri bat ordezkatzen du, prestakuntza, esperientzia profesionala eta udalerriaren orainari eta etorkizunari buruzko ikuspegi berritua uztartzen dituena.

Bere hautagaitzak freskotasuna eta modernotasuna eskaini nahi dio udal kudeaketari, herritarren beharrei modu berriekin entzuteko, planifikatzeko eta erantzuteko. Berrikuntza horrek arreta berezia eskainiko die gazteei eta Trapagaranen bizi-proiektua garatu ahal izateko baldintzak sortzeko beharrari.

“Gazteek Trapagaranen geratzeko, etxebizitza eskuratzeko, lan egiteko eta hemen beren etorkizuna eraikitzeko aukerak izatea nahi dut. Horretarako, udal kudeaketa hurbila eta dinamikoa behar dugu, gizartean gertatzen ari diren aldaketak ulertu eta horiei erantzuteko gai izango dena”, adierazi du Mirandak.

Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan arkitekto titulua eskuratu zuen, eta gaur egun Arkitektura eta Hirigintzako Doktoretza amaitzen ari da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Bere prestakuntza osatzeko, Hirigintzako Diploma ere badu, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak emana.

Bere ibilbide profesionala arkitekturaren, hirigintzaren, birgaitzearen eta lurralde-kudeaketaren esparruetan garatu du nagusiki. Bere kabuz zein hainbat estudio profesionaletan lan egin ondoren, 2024az geroztik Azpiegiturak erakundeko Zuzendaritza Teknikoko kidea da, eta obra publikoen eta birgaitze-proiektuen kudeaketan eta gauzatzean parte hartzen du.

Halaber, hainbat udalerri eta administraziotarako hirigintza-plangintzako lanetan aritu da, eta erakundeen jarduna ere ezagutzen du, Gorte Nagusietan parlamentu-laguntzaile gisa lan egin baitzuen.

Mirandaren ustez, Trapagaranek etorkizunera begira aukera handiak eskaintzen dituzten egoera, baldintzak eta ezaugarriak ditu: “Trapagaranek kokapen estrategikoa du Bilbo Metropolitarrean. Natura-ingurune berezia eta nortasun sendoa ditugu eta, aldi berean, gure inguruko jarduera ekonomikoko gune nagusietako batzuen ondoan gaude. Kokapen hori hobeto baliatu behar dugu herria zaintzeko, trapagarandarren bizi-kalitatea hobetzeko eta aukera berriak sortzeko”, nabarmendu du.

Hautagai jeltzaleak bere ezagutza teknikoa eta udal kudeaketa ulertzeko modu hurbila uztartu nahi ditu etapa berri honetan. “Lurraldeari buruz dudan ezagutza, nire esperientzia profesionala eta, batez ere, hemen jaio, hazi eta nire bizitzaren zati handi bat herri honetan egin duen pertsona baten konpromisoa eskaini nahi dizkiot Trapagarani”, azaldu du.

Mirandak lotura estua izan du Trapagaranekin txikitatik. Itxaropena Ikastolan ikasi zuen, eta ondoren Asti-Lekun. Gaztetan Danetarako Danok taldeko dantzaria izan zen, eta herriko kultura modu aktiboan bizi izan du. Argazkilaritza eta kirola ditu gustuko, baita lagunekin denbora partekatzea ere.

2011z geroztik EAJ-PNVko alderdikidea da. EGIko militante aktiboa izan da, eta Trapagarango EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko kide ere izan da, lehenik batzordekide eta, ondoren, Uri Erakundeko idazkari. Ibilbide horretan, jarduera politikoa, erakundeen ezagutza eta udalerriarekiko lotura uztartu ditu.

Jon Mirandak adierazi du hautagaitza “ilusioz, erantzukizunez eta entzuteko gogo handiz” hartu duela. “Trapagaranek bere auzoen eguneroko beharrei erantzungo dien proiektu bat behar du, baina baita epe ertain eta luzera begiratzeko gai izango dena ere. Hemen hazi garenok, bizitzeko ere Trapagaran aukeratzen jarraitu ahal izatea nahi dut, eta datozen belaunaldiei aukera berriak eskaintzen dien Trapagaran bat eraiki. Hori da nire herriarentzat nahi dudan etorkizuna”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!