Prentsa Aretoa
Berriak
2026/09/21
Jokin Batiz Lejarza izango da EAJ-PNVren hautagaia Lezamako Alkatetzarako
Egungo alkateordeak udalerrirako proiektu berri bat gidatzeko erronkari helduko dio, gazteentzako etxebizitza eta euskararen erabilera sustatzea lehentasun nagusien artean dituelarik.
Lezamako EAJ-PNVren Uri Batzarrak Jokin Batiz Lejarza aukeratu zuen joan den irailaren 16an udalerriko Alkatetzarako hautagai, datozen udal hauteskundeei begira.
Batizek 51 urte ditu, Lezaman jaioa da eta gertutik ezagutzen ditu bai udalerria, bai udal kudeaketa. Autonomoa da eta bere landa-hotela kudeatzen du. Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. 2019tik Lezamako Udaleko zinegotzia da eta gaur egun alkateorde lanetan dihardu, bereziki Hezkuntza, Kultura eta Hirigintza arloetan.
Batizen hautagaitzak etapa berri bat irekiko du Lezamako EAJ-PNVrentzat, berrikuntza eta udal esperientzia uztartuz. “Ilusio handiz eta, aldi berean, erantzukizunez hartzen dut erronka hau. Lezama nire herria da; hemen jaio naiz, hemen osatu dut nire familia eta hemen garatu dut nire ibilbide profesionala. Udalean eman ditudan urte hauek aukera eman didate herriaren beharrak are hobeto ezagutzeko, eta uste dut orain esperientzia hori baliatu dezakedala Lezama hobetzen jarraitzeko”, adierazi du Batizek.
Datozen urteetarako erronka nagusien artean, etxebizitza eta gazteek beren bizi-proiektua Lezaman garatzeko aukerak nabarmendu ditu. “Lortu behar duguna da gure gazteek etxebizitzarik aurkitzen ez dutelako herritik alde egin behar ez izatea. Lezaman geratu, hemen familia osatu eta etorkizuna hemen eraiki nahi duenak horretarako benetako aukerak izan behar ditu”, azaldu du.
Etxebizitzarekin batera, Batizek lehentasunezkotzat jotzen du Lezamaren izaera euskalduna indartzea eta euskararen eguneroko erabilera sustatzea. “Euskara herri gisa garenaren parte da. Gure kaleetan, gure harremanetan eta Lezamako eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa izan dezan lortu behar dugu. Kontua ez da euskara jakitea bakarrik, erabiltzea baizik, eta horretarako espazioak eta aukerak sortzea”.
Jokin Batiz 2019an izan zen lehen aldiz EAJ-PNVren udal-hautagaitzako kide, eta ordutik hainbat ardura izan ditu gobernu-taldearen barruan. 2023an berriro ere hautagaitza jeltzaleko bigarren postuan joan zen, eta legealdi honetan, esan bezala, lehen alkateorde gisa jardun du.
Hautagaiak, lezamarrak entzuteko eta hurrengo hamarkadarako proiektu bat eraikitzeko helburuak ditu; udalerriaren erronka berriei erantzuteko gai izango den proiektua, betiere Lezamaren nortasunari eta berezko bizimoduari eutsiz.
“Gure seme-alabek, hala nahi badute, Lezaman bizitzen jarraitzeko aukera izatea nahi dut; herri bizi bat, euskalduna eta etorkizuna izango duena. Horixe da eraiki nahi dudan Lezama“, amaitu du Batizek.
Nabarmenak...
ORTUELLA
2026/09/21
ONDARROA
2026/09/18
TRAPAGARAN
2026/09/18
ZAMUDIO
2026/09/17
PORTUGALETE
2026/09/17
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS













