Prentsa Aretoa
Berriak
2026/09/25
Mikel Tejedor Mateos izango da EAJ-PNVren Ortuellako Alkatetzarako hautagaia
Txikitatik Ortuellari lotuta eta hezkuntza, gizarte eta kirol esparruetan ibilbide profesional zabala izanik, Tejedorrek ardura berri honi aurre egiten dio, udalerriaren alde lanean jarraitzeko helburuarekin, gertutasunetik, entzutetik eta tokiko errealitatearen ezagutzatik.
Ortuellako EAJ-PNVk Mikel Tejedor Mateos aurkeztu du udalerriko Alkatetzarako hautagai. Tejedorrek urrats hau eman du Ortuellari estuki lotutako ibilbide pertsonal eta profesional baten ondoren. Bertan egin zituen Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta oso gaztetatik aktiboki parte hartu du herriko kirol eta elkarte-jardueretan.
Bere ibilbidean nabarmentzekoa da udalerriko hainbat esparrutan izan duen inplikazioa, baita arlo profesionalean, elkartegintzan eta kirolean bere gain hartu dituen erantzukizunak ere. Urte hauetan guztietan, bere jarduera profesionala proiektuen kudeaketarekin eta hainbat ekimenen antolaketarekin uztartu du, betiere Ortuellarekin eta herriko gizarte-sarearekin harreman zuzena mantenduz.
Kirola da ibilbide horren erreferentzia nagusietako bat. Sei urte besterik ez zituela hasi zen Ortuellako Atletismo Klubarekin lotura izaten, lehenik kirolari gisa eta, ondoren, hainbat ardura hartuz, klubeko presidente izatera iritsi arte. Inplikazio horrek kirol-kudeaketan izan du jarraipena, eta 2025eko azarotik Euskal Atletismo Federazioko presidentea da.
Azken urteotan, Tejedorrek Ortuellan egindako jarduera ugariren antolaketan eta sustapenean ere parte hartu du, tokiko elkarte eta kolektiboekin elkarlanean, eta udalerrian kirol, hezkuntza eta gizarte ekitaldiak bultzatuz. Eskolarteko, Bizkaiko, Euskadiko eta estatuko atletismo eta kros-txapelketak, eta hezkuntzarekin eta talentuaren garapenarekin lotutako kongresuak dira antolatu eta sustatu dituen ekimenetako batzuk.
Prestakuntza, kudeaketa eta pertsonekin lan egitea
Bere ibilbide akademiko eta profesionala, batez ere, hezkuntzaren, logopediaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren, psikopedagogiaren eta kudeaketaren esparruetan garatu da. Lehen Hezkuntzako eta Gorputz Hezkuntzako Irakasletzan diplomatua da, Logopedian eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua, eta, gainera, erakundeen zuzendaritzan eta antolaketan, hezkuntzan eta pertsonen arretan prestakuntza espezializatua du.
Gaur egun Psikohezkuntza laguntza terapeutiko eta integraleko zentroan egiten du logopeda lana, eta administrazio eta kudeaketa lanak egiten ditu Hazihezkuntzan, animazio soziokulturaleko eta prestakuntzako enpresan, biak Ortuellan egoitza dutenak. Bere esperientzia profesionalak, horrela, pertsona eta familiekin egiten duen zuzeneko lana eta talde, zerbitzu, jarduera eta proiektuen kudeaketa eta koordinazioa konbinatzen ditu.
Alkatetzarako hautagaitzak erantzukizun berri bat dakar orain, inplikazioan eta herriari ekarpena egiteko borondatean oinarritutako ibilbide batean. Tejedorrek udal esparrura eraman nahi du urte hauetan kudeaketan, pertsonekin lanean eta Ortuellako elkarte eta kolektiboekin elkarlanean pilatutako esperientzia.
“Beti pentsatu izan dut norbaitek ekarpena egiteko aukera duenean prest egon behar duela aurrera egiteko. Ortuella nire bizitzako etapa guztietan egon da presente, eta erronka berri honi erantzukizun handiz, ilusioz eta zerbitzu publikorako bokazioz heltzen diot. Nire esperientzia eta lanerako gaitasuna nire herriaren zerbitzura jarri nahi ditut”, adierazi du Tejedorrek.
Ideia eta energia berriekin aurrera egiten jarraitzea
Tejedorrek hautagaitza Saulo Nebredak udalerrian egindako lanari jarraipena emateko konpromisoarekin aurkezten du, eta, aldi berean, etapa berri bati ekiteko borondatearekin: ideia berriak, energia eta herritarrekiko hurbiltasunean, entzutean eta elkarlanean oinarritutako lan egiteko modua udal kudeaketara eramateko asmoz.
“Lan handia egin da, eta badugu aurrera egiten jarraitzeko oinarri sendo bat. Orain arte egindako guztia errespetatuz hartzen dut erantzukizun hau, baina, aldi berean, ekarpenak egiteko, entzuteko eta Ortuellarentzako irtenbide berriak bilatzen jarraitzeko gogo handiz. Helburua aurrera egiten jarraitzea da, ondo funtzionatzen duena zaintzea eta aurrean ditugun erronkei energiaz heltzea”, azaldu du.
Mikel Tejedor buru izango duen proiektuak Ortuellako bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea izango du ardatz, herritarren eguneroko beharrei erantzun zehatzak emanez. Herri seguruagoa, hobeto komunikatua eta auzo zein kale biziagoak dituen Ortuella eraikitzea izango da helburua, etxebizitza eskuragarria bezalako erronkei lehentasunez helduz. “Bizitzeko eta eguneroko bizitza egiteko herri bat”, laburbildu du Tejedorrek.
Ortuellako EAJ-PNVk jarraikortasunetik heldu dio udal hautagaitzaren lekuko-aldaketari, Mikel Tejedor alkatetzarako hautagai dela. Etapa berri honetan, alderdiak Ortuellaren etorkizunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, herritarrekiko hurbiltasuna, entzutea eta herriarekiko konpromisoa ardatz izanik.
Nabarmenak...
GORDEXOLA
2026/09/25
SANTURTZI
2026/09/24
BERRIA
2026/09/24
ZALLA
2026/09/23
LANESTOSA
2026/09/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS













