Alderdi Eguna 2026

Prentsa Aretoa

Berriak

2026/09/29

Gernika-Lumoko EAJ-PNVk Santanaperako plana eta udal-kirolean inbertsio handiagoa proposatu ditu GHren “plangintza faltaren” aurrean

Alderdi jeltzaleak udal Gobernuari eskatu dio adabaki-politika alde batera utzi eta, behingoz, Gernika-Lumoko kirol-instalazioen beharrei heltzeko.

Ezagutzera eman
Gernika-Lumoko EAJ-PNVk Santanaperako plana eta udal-kirolean inbertsio handiagoa proposatu ditu GHren “plangintza faltaren” aurrean

ARGAZKIA JAITSI

Gernika-Lumoko EAJ-PNVk irailaren 30eko osoko bilkurara eramango du udal-kirol instalazioen etorkizunari modu planifikatuan heltzeko mozioa. Alderdi jeltzalearen ustez, egoera honek gehiegi darama behar bezalako erantzunik jaso gabe: Santanape Kiroldegia txiki geratu da, eta kirol instalazioen mantentze-lanetara eta inbertsioetara bideratzen diren baliabideak ez dira nahikoak.

Alderdi jeltzaleak salatu du “udal-kirola adabakiak jarriz eta epe ertainera eta luzera begirako plangintzarik gabe kudeatzen jarraitu ezin dela”. EAJ-PNVk gogorarazi du Udal Kirol Patronatuan aspalditik ohartarazten ari dela egungo finantzaketak ez duela ahalbidetzen mantentze- eta inbertsio-beharrei behar bezala erantzutea. Aldi berean, erabiltzaile kopuruaren gorakadaren ondorioz, Santanapeko instalazioak nabarmen mugatuak geratu dira.

“Proposatzen ari garena ez da puntualki egingo den jarduketa bat, ezta inprobisatutako konponbide bat ere. Gernika-Lumok datozen urteetan beharko duen hori orain planifikatzea proposatzen ari gara. Arazoa da denbora gehiegi daramagula hori egin gabe”, adierazi du EAJ-PNVk.

Ildo horretan, mozioak 2026an eta 2027an Santanape Kiroldegia handitzeko eta hobetzeko proiektua planifikatzea proposatzen du, haren erabilerak berrantolatu eta zabaltzearekin batera, suhiltzaileen parkea lekuz aldatu ondoren libre geratu den espazioa ere kirol-gunera gehituz. Jarduketa horrek, gainera, HAPOaren dagokion egokitzapena beharko luke.

EAJ-PNVrentzat, espazio hori izateak aukera ematen du Santanaperen etorkizunari begira hasteko eta berehalako beharrei erantzutera mugatu beharrean aurrera begirako plangintza egiteko. “Badakigu Santanape txiki geratu dela eta badugula instalazio-multzoari gehitu dakiokeen espazio bat. Beraz, egin beharrekoa planifikatzea da, beharrak aztertzea eta Gernika-Lumorentzat zer-nolako kiroldegia nahi dugun zehaztea. Itxaroten jarraitzeak konponbidea zailagoa eta garestiagoa izatea baino ez du ekarriko”, azaldu du alderdi jeltzaleak.

Santanaperen handitzea planifikatzearekin batera, EAJ-PNVk ezinbestekotzat jo du Udal Kirol Patronatuaren finantzaketari ere heltzea. Horregatik, mozioak 2027tik aurrera udalaren ekarpena urtero 500.000 eurotan handitzea proposatzen du, kirol instalazioen mantentze-lanetara eta inbertsioetara bideratzeko.

“Instalazioak ez dira berez mantentzen. Aurrekontua behar da haiek zaintzeko, eta gaitasun ekonomikoa behar da behar dituzten inbertsioei ekiteko. Ezin ditugu kalitatezko kirol-zerbitzuak eskatu, eta, aldi berean, horiek mantentzeko beharrezko baliabideak jarri ez”, adierazi du EAJ-PNVk.

Alderdi jeltzalearen arabera, egoera honek sakoneko gai bat uzten du agerian: plangintzan eta aurreikuspenean oinarritutako udal-politika berreskuratzeko beharra, herritarren beharrei berandu heltzen zaien kudeaketaren aurrean.

 “Gernika-Lumok arazoak mahai gainean daudenean jarduteari utzi behar dio. Aurrea hartu behar zaie beharrei. Hori da, hain zuzen ere, mozio honekin proposatzen ari garena: zer behar dugun jakitea, hori planifikatzea eta gauzatu ahal izateko beharrezko baliabideak aurrez aurreikustea”, azaldu du.

“EAJ-PNVrekin, udal-kirola etorkizunari begira planifikatuko litzateke”

EAJ-PNVk mozio hau udal-kudeaketa ulertzeko beste modu baten adibidetzat ere aurkeztu du. Egungo egoeraren aurrean, alderdi jeltzaleak defendatzen du zerbitzu publikoetako inbertsioak hainbat urte lehenago planifikatu behar direla eta behar adinako finantzaketarekin lagundu.

“Hau da egunerokotasunari begira kudeatzearen eta etorkizunari begira kudeatzearen arteko aldea. EAJ-PNVrekin, gure lehentasuna Gernika-Lumoren beharrei aurrea hartzea izango litzateke, eta ez instalazioak gainezka egon arte itxarotea konponbideak bilatzen hasteko”, amaitu du alderdi jeltzaleak.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!