Prentsa Aretoa
Berriak
2026/10/02
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk PSE-EEren aurrekontua babestu duela, langileen eskaerei entzungor egin eta genero-txostena nahikoa ez dela aitortu arren
Jeltzaleek gaitzetsi dute PSE-EEk eta EH Bilduk berdintasunaren arloan gabezia larriak dituzten aurrekontuak onartu izana, langileen alegazioak baztertzea eta udal-lurzorurako inbertsiorik ez gordetzea.
Trapagarango EAJ-PNVk 2026ko Udal Aurrekontuaren behin betiko onarpenaren aurka bozkatu du, egiaztatu ondoren Udal Gobernuak ez duela izapidetze-aldia baliatu jeltzaleek uztailean bertan ohartarazitako gabezia nagusiak zuzentzeko.
Aurrekontuak PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin atera dira aurrera. EAJ-PNVren ustez, kontuek ez dute oraindik behar bezala erantzuten udalerriaren beharrei, eta gogorarazi du hasierako onarpenean milioi bat eurotik gorako proposamenak aurkeztu zituela inbertsioak egiteko eta udal zerbitzuak indartzeko. Behin betiko aurrekontuak 18 milioi eurotik gorakoak dira, eta 2023tik onartutako lehen udal aurrekontuak dira.
Uztailean, EAJ-PNV abstenitu egin zen aurrekontuen izapidetzea errazteko, nahiz eta ordurako konpondu beharreko hiru gai jarri zituen mahai gainean: genero-eraginaren txostenik eza, berdintasunera bideratutako partida espezifikorik ez egotea eta udal-lurzoru ondarearen egoera. Osoko bilkura hartan, PSE-EEk eta EH Bilduk jeltzaleen zuzenketak baztertu zituzten. Horien artean, kirol instalazioetarako, Olaso Jauregirako, Udaltzaingorako eta langile teknikoentzako hobekuntzak zeuden.
Ondoren, udal langileen ordezkariek aurkeztutako alegazioek aurrekontua berriro osoko bilkurara eramatea eragin zuten. Alegazio horiek, besteak beste, langileen kapituluari, plantillaren egiturazko beharrei, udal-lurzoru ondareari eta berdintasunaren arloko betebeharrei buruzkoak ziren. Udal Gobernuak guztiak baztertzea erabaki zuen, aurrekontu-araudiak aurreikusitako kasuen barruan ez zeudela argudiatuta.
EAJ-PNVk azaldu du Ogasun Batzordean eskatu zuela alegazioak banan-banan aztertu eta bozkatzeko aukera izatea, baina azkenean ez zen halakorik gertatu.
“Uztailean tartea eman genuen antzemandako gabeziak zuzentzeko. Bi hilabete geroago, ikusten dugu funtsezko gaiak konpondu gabe jarraitzen dutela eta langileen alegazioek irekitako aukera ere ez dela baliatu”, adierazi dute jeltzaleek.
Desadostasun nagusietako bat genero-ikuspegia aurrekontuan txertatzeko moduarekin lotuta dago oraindik. Izapidetzean ebaluazio-dokumentu bat erantsi zen, baina, Trapagarango EAJ-PNVren arabera, dokumentuak berak aitortzen du datu faltak azterketa mugatzen duela, eta udal arlo jakin batzuetara baino ez dela iristen. Jeltzaleen iritziz, lan horrek ez du bermatzen genero-ikuspegia aurrekontu osoan modu eraginkorrean txertatu denik.
EH Bilduk berak publikoki aitortu du txostena “oraindik ez dela nahikoa eta hobetu egin behar dela”, nahiz eta PSE-EErekin batera aurrekontuen behin betiko onarpenaren alde bozkatu duen.
“Zaila da ulertzea EH Bilduk publikoki aitortzea aurrekontuan txertatutako genero-ikuspegia ez dela nahikoa eta, aldi berean, aurrekontuei aldeko botoa ematea. Gabezia bat garrantzitsua bada bozketaren aurretik, ez dio garrantzitsua izateari uzten gero PSE-EErekin akordio bat lortu delako”, adierazi dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk gogorarazi du, halaber, Trapagaranek behar handiak dituela bai inbertsioetan bai zerbitzu publikoetan, eta aurrekontua onartuta izateak behar horiei erantzuteko eta aurrera egiteko balio behar duela, ez soilik Udalaren ohiko funtzionamendua bermatzeko.
Jeltzaleek adierazi dute, gainera, aurrekontu hauek udal zerbitzu batzuen egoera bereziki delikatua den une batean iritsi direla. Horren adibide da Udaltzaingoa. EAJ-PNVren esanetan, hilabeteak daramatza ohartarazten langileak falta direla Udaltzaingoan. Egoera batzuetan, 16 udaltzainetatik 7 bakarrik egon omen dira zerbitzu aktiboan eta jeltzaleek harriduraz ikusten dute aurrekontuetan langileen kapitulua behar adina indartu ez izana, bajak ordezkatzeko eta herritarrei arreta egokia eskaini ahal izateko.
“Trapagaranek aurrekontu-egonkorrak behar ditu, inbertsioak, kalitatezko zerbitzu publikoak eta hasieratik benetan txertatutako genero-ikuspegia uztartuko dituzten kontuak. Lanean jarraituko dugu lehentasun horiek udal erabakietan benetako isla izan dezaten”, azpimarratu dute.
Nabarmenak...
SANTURTZI
2026/10/01
ABADIÑO
2026/09/30
GERNIKA-LUMO
2026/09/29
PORTUGALETE
2026/09/28
GORDEXOLA
2026/09/25
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS













